Itzuli orri osora
Peter Mullanen 'Neds', 2010eko Zinemaldiko Urrezko Maskorra
lun, 27 sep 2010 19:30:00 +0200

Peter Mullan zuzendaria izan da aurtengo Donostiako Zinemaldiko garaile nagusia, Neds filmak eskuratu baitu 2010eko Urrezko Maskorra. Zuzendari, gidoilari eta aktore britainiarrak, 58. edizioko saririk garrantzitsuena eskuratu du orain arte zuzendu duen hirugarren lanari esker. Gainera, zintaren protagonistak, Connor McCarronek, aktore onenaren saria lortu du. Hirurogeita hamarreko hamarkadako Glasgow hirian girotuta dago Neds.

Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra Nora Navas espainiarrari eman diote, Agusti Villarongak zuzendutako Pa Negren egindako langatik.

Diego Lunak zuzendutako lehen film luzeak, Abel lanak, sari bi eskuratu ditu: Horizontes Latinos eta Gazteriaren Euskaltel Saria.

Kinieletan faborito azaldu zen beste filma, Mistérios de Lisboa, ez da esku-hutsik joan. Raul Ruiz txiletarrari Zuzendari Onenaren Saria eman diote. Telenobelaren aldarrikapena eta maitasuna, gorrotoa, mendekua eta surrealismoa nahasten dituen filma da. Lau orduko iraupena du zintak eta telebistarako bertsioa prestatu dute.

Goran Paskaljevic buru zuen epaimahaiak Judith Colellen eta Jordi Cadenaren Elisa K filmari Aipamen Berezia eman dio, zintak "eguneroko bizitzan errugabeek pairatzen duten indarkeria" primeran erakusten duelako.

Gidoi Onenaren saria Norvegiako Bent Hamerek idatzitako Home for Christmas lanarentzat izan da. Aita euskal ekoizpenak Argazkigintza Onenaren Saria eskuratu du, Jimmy Gimferrerek filman burututako lanari esker.

Publikoaren TCM Golardoa Richard J. Lewisek zuzendutako Barney's version zintari eman diote. Epaimahaikideek Aipamen Berezia eskaini diote Marokoko A Jamaâ pelikulari, "konplexutasuna ezkutatzen duen istorio sinple bat" kontatzeagatik.

Larunbatean irabazleen izenak jakitera eman zituenean, lehiaketan parte hartutako filmen barietatea eta kalitatea azpimarratu zituen Paskaljevicek. Horrekin batera, sariak epaimahaikide gehienen adostasunarekin aukeratu zirela argitu zuen. Halere, prentsaurrekoan iritzi kontrajarriak entzun ziren; sari batzuen izenak ezagututakoan txaloak entzun ziren, baina, beste batzuk jakinarazitakoan txistuak eta oihuak ere entzun ziren.

Irabazleen zerrenda osoa

- Urrezko Maskorra film onenari: Neds
- Epaimahaiaren Sari Berezia: Elisa K
- Zilarrezko Maskorra zuzendari onenari: Raul Ruiz - Mistérios de Lisboa
- Zilarrezko Maskorra emakumezko aktore onenari: Nora Navas - Pa Negre
- Zilarrezko Maskorra aktore onenari: Conor McCarron - Neds
- Epaimahaiaren Saria argazkigintza onenari: Jimmy Gimferrer - Aita
- Epaimahaiaren Saria gidoi onenari: Bent Hamer - Home for Christmas
- Epaimahaiaren Aipamen Berezia: A Jamaâ / Smukke mennesker
- Kutxa-Zuzendari Berriak Saria: Los colores de la montaña
- Publikoaren TCM Saria: Barney's version / How much does your building weigh, Mr Foster?
- Euskaltel Gazteriaren Saria: Abel
- Horizontes Saria: Abel / A tiro de piedra
- Gehitu Saria: 80 egunean
- Odol-emaileen Elkartearen Saria: Addicted to Love
- TVE Saria: Cerro Bayo / Blog
- Nazioarteko kritikoen FIPRESCI Saria: Genpin

(Argazkiak: Zinemaldia)