Itzuli orri osora
Kaiser Chiefs eta Kasabian ere Bilbao BBK Liven arituko dira
mié, 09 feb 2011 17:30:00 +0100

Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek uztailaren 7tik 9ra Kobetamendin arituko diren beste bost talderen izenak jakinarazi ditu: Kasabian, Kaiser Chiefs, !!! (Chk, chk, chk), 30 Seconds to Mars, Russian Red eta M-Clan. Gainera, 30 Seconds To Mars eta Kaiser Chiefs taldeentzat Estatuan eskainiko duten zuzeneko bakarra izango da Bilbokoa.

Horrela, Bilbao BBK Liven antolatzaileek aurkeztu dituzten taldeak aurretik baieztatuta zeuden Coldplay, Amy Winehouse, The Black Crowes, Jack Johnson, Crystal Castles eta The Chemical Brothers taldeekin batera arituko dira Bilboko jaialdi ezagunean.

30 Seconds to Mars hirukotea 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen Los Angelesen. Jared (ahotsa eta gitarra) eta Shannon (bateria) Leto anaiak dira liderrak eta, 2007. urtetik, Tomo Milicevic dabil eurekin (gitarra eta teklatua). Estudioko hiru lan dauzkate kalean eta nazioartean 40 sari baino gehiago eman dizkiete. Gero eta jarraitzaile gehiago dituzte mundu guztian zehar, eta horri esker 4 milioi disko baino gehiago saldu dituzte mundu osoan.

Kasabian da Bilbao BBK Live 2011 jaialdian arituko den beste taldeetako bat.Leicesterren (Ingalaterra) sortu zen 1999an eta Erresuma Batuko rock alternatiboko talde garrantzitsuenetako bat da. Kasabianek hiru disko ditu merkatuan. Azken lana, West Ryder Pauper Lunatic Asylum, 2009an kaleratu zuten britainiarrek eta estudioko laugarrena bidean dute, azaroan ekin baitzioten lanari.

Bestalde, Kaiser Chiefs taldeak gustua hartu dio, nonbait, Bilbao BBK Live jaialdiari, 2009ko emanaldi arrakastatsuaren ostean, Kobetamendin berriz taularatuko baitituzte euren kantu ezagunenak: "I Predict A Riot", "Everyday I Love You Less and Less", "Ruby", "Everything Is Average Nowadays"...

!!! (Chk, Chk, Chk) talde estatubatuarrak dance rock/post punk doinuak uztartzen ditu. Lau disko dauzkate kalean eta , ezbairik gabe, Kaiser Chiefs, Crystal Castles eta The Chemical Brothers taldeekin batera, jaialdian bilduko den jende guztia dantzan jarriko dute.

Gainera aurkeztu berri dituzten berrikuntzen artean M-Clan talde murtziarra ere badago. Banda bezala berpiztea izan dute Para no ver el final rocka eta soula biltzen dituen azken lanarekin, eta disko hori bera aurkeztuko dute Bilbon. Azkenik, Russian Red Lourdes Hernández madrildarraren bakarkako proiektua ere izango dira aurten Kobetamendin entzungai. Estatuko folk-rock musikaren munduan debut txalotuenetako bat izan da madrildarrarena.

Ostiralean, otsailaren 11n, prezio berriak

Datorren ostiraletik, otsailaren 11tik, aurrera, egun bakarreko sarrerak jarriko dituzte salgai eta bonoek prezio berriak izango dituzte. Horrela, hiru eguneko bonoak 110 euroko (+ banaketa gastuak) balioa izango du, uztailaren 7ko (osteguna) sarrerak 60 euro (+ banaketa gastuak) balioko du eta hilaren 8ko eta 9ko (ostirala eta larunbata) sarreren prezioa 55 eurokoa (+ banaketa gastuak) izango da.

Baina ostegunera arte, hilaren 10era arte, hiru eguneko bonoa 90 eurotan (+ banaketa gastuak) izango da salgai.