Itzuli orri osora
2011k ekarriko digun musika
vie, 17 dic 2010 19:30:00 +0100

Urte berriaren atean, ezin ditugu errepasatu gabe utzi 2011n U2, The Strokes, Red Hot Chili Peppers, REM, Lenny Kravitz, Radiohead, Coldplay, Muse, Kiss, Foo Fighters, Roxettte, Garbage, Death Cab For Cutie, Mogwai, Low, Blink 182, PJ Harvey, The Pains Of Being Pure At Herat, Extremoduro edo Su Ta Gar bezalako bandek ekarriko dizkiguten berrikuntzak. Gainera, musika jaialdiek ekarriko digutena ere aztertuko dugu.

Hurrengo urtea musikaz beteta dator. Hasteko, talde askok beren disko berriak iragarri dituzte. Paul McGuinness U2 taldearen managerrak aditzera eman duenez, urte hasieran publikatuko dute Songs of Ascent, No Line on the Horizon diskoaren jarraipena. Gainera, New Yorkeko The Strokes taldeak martxoan aterako du bere laugarren lana.

Bestalde, Red Hot Chili Peppers taldeko mutilak bere hamargarren diskoa prestatzen ari dira, eta urtearen erdialdera publikatzea espero dute. Eta data konkreturik egon ez arren, REMek Collapse Into Now lan berria aurkeztuko du eta Lenny Kravitz abeslari newyorktarrak Black and White America estudioko bere bederatzigarren diskoa publikatuko du.

Bien bitartean, Radiohead taldeak bere "diskorik onena" kaleratuko omen du datorren urtean eta Coldplay, Muse, Kiss, Foo Fighters, Roxettte, Garbage, Death Cab For Cutie, Mogwai, Low, Blink 182, PJ Harvey, The Pains Of Being Pure At Heart taldeek eta Britney Spears abeslariak ere lan berriak aurkeztuko dituzte.

Espainiar taldeei dagokienez, aipatu beharra dago Extremoduro taldea 2011n itzuliko dela lan berri batekin, bi urteko isilunaren ostean. Era berean, Christina Rosenvingek La joven Dolores lana estreinatuko du eta dirudienez, Jarabe de Palok, Rosario Floresek eta David Bisbalek ere badute proiekturen bat eskuartean. Gure artean, oraindik ez dugu oso argi euskal taldeen artean nortzuk aurkeztuko dituzten lan berriak, baina, Su Ta Garrek adibidez, 2011n lan berria ateratzeko asmoa du.

Zuzenekoak eta birak

2011ko kontzertuei dagokienez, Rolling Stones banda betirako agurtuko omen da eta horretarako, bira izugarria prestatzen ari da. Gainera, System of a Down taldeak bira egingo du Europan zehar ekainaren 2tik 19ra bitartean, baina, antza denez, ez du hemendik hurbil joko.

Skunk Anansie, Thin Lizzy, Roger Waters, Fito Paez, Bon Jovi, The Who eta beste hainbat artistek, aldiz, espainiar Estatua zapalduko dute. Skunk Anansiek Madrilen joko du otsailaren 9an eta hurrengo egunean Bartzelonan arituko da; Roger Watersek kontzertua eskainiko du Madrilen martxoaren 25ean eta 26an, eta 29an eta 30ean Bartzelonan arituko da. Fito Paezek, aldiz, Espainiatik bira egingo du maiatzean eta uztailean, eta Bon Jovi Bartzelonan izango da uztailaren 27an. Bi egun geroago, uztailaren 29an, Donostian arituko da.

Jaialdiz jaialdi

Jaialdi erraldoiek zeresana ematen jarraituko dute. FIB 2011 jaialdiak dagoeneko iragarri du Arcade Fire, Arctic Monkeys, The Strokers, Portishead eta Primal Scream bertan izango direla. Badakigu, baita ere, Primavera Soundek Pulpen, Animal Colectiven, The Nationalen eta Belle & Sebastianen zuzenekoak hartuko dituela.

Gainera, Azkena Rock Festival jaialdi euskalduna nobedade batekin iritsiko da 2011n. Izan ere, hamargarren ediziorako bere jarraitzaileei eman die ikusi nahi dituzten taldeak proposatzeko aukera. Proposamenen artean Arcade Fire, the Who, Tom Petty & The Heartbreakers, Foo Fighters, The Offspring, Nick Cave & The Bad Seeds, Aerosmith eta Queen of the Stone Age azaltzen dira, besteak beste.