Itzuli orri osora
Musika jaun eta jabe izango da Durangoko Azokaren 45. edizioan
vie, 03 dic 2010 19:30:00 +0100

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka ezagunak bihar, abenduak 4, irekiko ditu ateak. Hurrengo lau egunetan Bizkaiko herria euskal kulturaren topaleku bihurtuko da, eta Azokan bertan hainbat liburu eta disko aurkezteaz gain, Plateruena Kafe Antzokian zenbait kontzertuz gozatzeko parada izango da.

Dena prest dago 45. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka hasteko. Abenduaren 4tik 8ra bitartean, musika eta literatura nagusi izango dira Durangon, eta beste behin, abenduaren 4tik 8ra bitartean Azokara gerturatzen den orok bere ibilbide propioa diseinatzeko beta izango du, baita interesgarriak gerta daitezken gauzak aukeratu eta lehenengo eskutik argitaletxeen eta diskoetxeen sektorean izan diren nobedadeak ezagutzeko ere. Aurten 138 erakundek erakutsiko dituzte euren ekoizpenak, eta atal honetan horietariko batzuen berri ematen saiatuko gara.

Estilo guztietako eskaintza musikalak

Bide Ertzean talde tolosarra Don Inorrez bere zortzigarren lana aurkeztera helduko da Durangora. Diskoak 13 kanta berri biltzen ditu, eta horietariko hiru sokazko orkestra lagun hartuta egindakoak dira. Aipatzekoa da boskoteak bira txiki bat hasiko duela Durangoko Azokan emango duen zuzeneko batekin. Hitzordua abenduaren 7an izango da, Plateruenean.

Denak ez du balio. Singles 1997-2007 kantu-bilduma besapean hartuta helduko da Berri Txarrak talde nafarra. 20 abestik eta Zertarako amestu dokumentalak osatzen dute bilduma. Gainera, Aitor Furundarenak eta Garikoitz Mendizabalek euren musika tresnak elkartu dituzte Arnasak diskoa osatzeko. Eskusoinuak eta txistuak, arnas horizontal eta bertikalak, bat egin dute, eta zenbait zuzenekoren ostean, azkenean disko formatuan aurkeztu dute lana.

Mikel Laboa ere hitzorduko beste protagonistetako bat izango da, izan ere, bIDEhUTS plataformak Mikel Laboaren kantak bildu ditu ikuspuntu ezberdin batetik. Binilo batean eta DC bikoitzean, 19 euskal talde eta bakarlarik eurneak egin dituzte abeslari donostiarraren hainbat kanta Txinaurriak diskoan.

Horrez gain, eta lau urteren ostean, Joseba Tapia trikitilaria egungo musikaren panoramara itzuli da Eta tira eta tunba lanarekin. Amaitzeko, Txuma Murugarrenek B aldeko kantuak aurkeztuko dizkigu. Abeslariaren bakarkako seigarren lana da, eta bakarlari aldia hasi zuela hamar urte betetzen direnean iritsi da.

Plateruenako kontzertuen egitaraua

Azokak irauten duen bitartean, Plateruena Kafe Antzokiak hainbat kontzertu hartuko ditu. Gaur, abenduak 3, Azoka hasi baino egun bat lehenago, Esne Beltza arituko da, 22:30etik aurrera. Egun bat geroago, abenduaren 4an, Ken Zazpik Hortzemuga begietan lana aurkeztuko du eta igandean, abenduak 5, Gatiburen txanda iritsiko da.

Abenduaren 6an, astelehena, Gargantuan Melee disko berria zuzenean aurkeztuko dute Atom Rhumba taldekoek. Bestalde, abenduaren 7an, Txema Murugarrenek eta Bide Ertzeanek ere lan berriak estreinatuko dituzte Durangon, eta, amaitzeko, abenduaren 8an, Korrontzi eta Oinkari dantza taldeak izango dira Plateruenan.

Argizaiola Saria Imanol Urbietarentzat

1992. urtetik ematen du Gerendiaga Elkarteak Argizaiola saria. Euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten duen pertsona, talde eta erakundeak goraipatzeko helburua duen saria, Imanol Urbietak jasoko du aurten. Abenduaren 4an iluntzeko 20:30etan jasoko du saria, San Agustin Kultur Gunean.