Itzuli orri osora
Elvis Costello, Ken Zazpi eta Fangoria, asteko estreinaldi nagusiak
vie, 29 oct 2010 16:34:00 +0200

Astea musikaz beteta datorkigu. Diskoa estreinatuko duten taldeen artean daude Ken Zazpi (Ortzemugak begietan), Dani Martin (Pequeño), Fangoria (El paso trascendental del vodevil a la astracanada. Antología de canciones de ayer y de hoy), Taylor Swift (Speak Now), Elvis Costello (National Ransom), Bryan Ferry (Olympia) eta Antonio Carmona (Soy lo que soy). Gainera, El alpinista de los sueños: Tributo a Antonio Vega artista madrildarraren omenezko lana ere asteon jarri dute salgai.

Ken Zazpi taldea Ortzemugak begietan lanarekin datorkigu. Talde bizkaitarra Euskal Herrian eta AEBetan landutako disko berriarekin dator. Rafa Sardinak gidatu ditu ekoizpen-lanak, aurreko diskoaren ekoizle berak. Taldearen ilusio horrekin bat egin dute diskoan parte hartu duten luxuzko gonbidatuek. Hitzetan, Joseba Sarrionandia, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Julen Gabiria eta Uxue Alberdi idazleen laguntza izan dute eta azken horrek kantu batean ahotsa jarri du, gainera.

Dani Martinek Pequeño lana dakar. El Canto Del Loco taldeko kantariak Madrilgo Monteprincipe estudioetan grabatu du lehen bakarlana. Diskoa osatzen duten 12 abestiak Martinek konposatu ditu. Carlos Raya, Iñaki Garcia, Manolo Mejias, Carlos Gamon, Coque Malla eta Miguel Malla dira disko honetan kolaboratu duten musikari batzuk.

El alpinista de los sueños: Tributo a Antonio Vega lana iaz hildako Antonio Vega musikari madrildarraren omenezko diskoa da. Lan honetan Nacha Pop taldearen garaiko eta Vegaren bakarkako ibilbideko ezinbesteko kantuak izango dira, zenbait artista eta talde ezagunen ahotsean, hala nola Amaral, Marlango, Los Planetas, Ivan Ferreiro, Calexico, Lori Meyers, Love Of Lesbian, Sidonie, Bebe, Bunbury, Nena Daconte eta Annie B. Sweet.

Fangoria taldeak El paso transcendental del vodevil a la astracanada. Antología de canciones de ayer y de hoy diskoa atera du. 20 urteko ibilaldi musikala ospatzeko ibilaldi luze horretan eginiko 22 single biltzen dira bilduma honetan. Alaskaren, Los Pegamoidesen eta Alaska eta Dinaramaren arrakastak berriro grabatu dituzte eta lan honen berritasun garrantzitsuena hori dela esan daiteke ("Bailando", "Ni tu ni nadie", "A quien le importa", "Perlas ensangrentadas"...)

Taylor Swiftek Speak now bere hirugarren bilduma dakar. Berak sortutako 14 abesti bildu ditu bertan eta "Mine" da lehenengo singlea. Kantu honetan, abeslariak maitasunari ihes egiteko duen joerari buruz hitz egiten du. Aurreko bi lanetan Nathan Chapmanekin ibili da elkarlanean eta oraingoan berarekin batera ibili da ekoizpen lanetan.

Elvis Costellok National Ransom publikatu du. Diskoa urte hasieran grabatu zuen Nashvilleko Sound Emporium estudioetan eta Los Angeleseko Village Recordersen, eta T-Bone Burnett izan da ekoizlea. The Imposters eta The Sugarcanes taldeetako kideek hartu dute parte lan honetan. Horiez gain, Vince Gill, Marc Ribot, Buddy Miller eta Leon Russell ere izan dira diskoko gonbidatuak.

Bryan Ferry Olympia lanarekin itzuli da. Jonny Greenwood (Radiohead), Flea (Red Hot Chili Peppers), Nile Rodgers (Chic), David Gilmour (Pink Floyd), Marcus Miller, Groove Armada, Gary ¿Mani' Mounfield (Primal Scream, Stone Roses), Scissor Sisters, David Williams, Ollie Thompson eta Andy Newmark artistekin ibili da elkarlanean musikari handia. Eta Ferryren Roxy Musiceko lankideek ere kolaboratu dute: Phil Manzanera, Andy Mackay eta Brian Eno.

Azkenik, Antonio Carmonak Soy lo que soy bigarren bakarlana kaleratu du. Disko osoa berak konposatu du. Cadizen maketatu da, eta ondoren, Los Angelesen grabatu du Gustavo Santaolalla ekoizlearekin.