Itzuli orri osora
Agur Solomon Burke rock & soularen erregeari
vie, 15 oct 2010 19:30:00 +0200

Joan den asteburuan Solomon Burke rock & soul musikaren erregea hil zela jakin genuen. Hegazkin batean zihoan, Los Angelesetik Amsterdamera, De Dijk taldearekin batera kontzertu bat eskaintzeko. Baina ez zen hegazkinetik atera ere egin, izan ere, lur hartu baino lehen hil zen, bihotzekoak jota.

Solomon Burkekin soul musikaren ahots nabarmenetako bat itzali da. Ray Charlesekin eta Sam Cookekin batera soularen sortzaileetako bat izan zen. 50eko hamarkadan, gospela eta rhythm & bluesa banatzen zituzten arauak hautsi zituzten artistok. "Got to get you off my mind" eta "Just Out Of Reach (Of My Two Empty Arms)" bezalako kantuekin ospea lortu zuen.

Soularen ahotsik onena

Musika mota honen aitzindari, 60ko hamarkadan Atlantic diskoetxera iritsi zen Burke. Bertan grabatu zituen bere kantu garrantzitsuenak, tartean "Everyboody needs somebody to love", "Cry to me" edo "It must be love". Jerry Wexler ekoizlearen hitzetan, "soul musikak inoiz izan duen ahotsik hoberena zuen".

Baina Burkek inoiz ez zuen James Brown, Otis Reading, Wilson Picket edo Marvin Gaye bezalakoek ezagutu zuten ospea bizi. Bigarren maila batean gelditu zen. Ondorioz, berak sinesten zuenagatik borrokan jarraitu zuen eta bere bizitzako azkeneko eguna iritsi zen arte kontzertuak eskaintzen aritu zen. 200 kilotik gora pisatzeak ez zion lana mugatu eta urrezko jarleku baten laguntzarekin mundu osoan zehar eskaini zituen emanaldiak, baita Euskal Herrian ere.

Rock & soul musikaren erregea

Bere abestiek merezitako arrakasta lortu ez bazuten ere Rock & Roll Hall of Fame-ean onartu zuten 2001ean. Batzuek Rock & soul musikaren errege izena eman zioten abeslariari, "Tonight's the night" kantuarengatik. Nazioartean arrakasta lortu zuten hainbat abesti kaleratu zituen, horien artean, azpimarragarriena, Martin Luther Kingen omenez sortu zuen "I have a dream". Don´t give up on me grabatu zuen geroago. Bertan, Bob Dylan, Tom Waits, Van Morrison, Elvis Costello, Brian Wilson edo Nick Lowe bezalakoen laguntza izan zuen eta lan honi esker 2003an blues disko garaikide onenaren Grammy saria irabazi zuen.

Musikari handia izateaz gain, Burke predikari sutsua zen. Martin Luther Kingen lagun izatera iritsi zen eta bere mezua Estatu Batuetako eta Jamaikako ehunka elizatan zabaltzen zuen. Hori bai, mezu berezia zen berea, eliza katolikoak bidaltzen duenaren bestelakoa. Izan ere, Music to make love by diskoa grabatzeko abestien denborak aurretik estudioan maitasuna egin zuten bikote ezberdinen denborara moldatu zituen.

Emakumeak gustuko zituen eta bere emanaldietan arrosa gorriak banatzen zituen bera agurtzera gerturatzen zirenen artean. Berak utzitako musika ondarean 35 album daude, eta guztira 17 milioi kopia baino gehiago saldu zituen. Guztira 21 seme-alaba, 90 biloba eta 19 birbilobak osatutako familia utzi du. Goian bego.

(Argazkiak: 1 eta 2:thekingsolomonburke.com; 3-6: EFE)