Itzuli orri osora
Folk erritmoen doinuak nagusi, Getxon
vie, 03 sep 2010 16:32:00 +0200

Getxok ez du atsedenik hartzen, eta jaialdiek aurrera jarraitzen dute. Oraingo honetan Getxo Folk Getxo BBK jaialdiaren txanda iritsi da, irailaren 9tik 12ra arte, eta udalerriko kultur panoramaren protagonista nagusia izango da. Hogeitasei garren edizio honetan, Oyesterband, Mala Rai Band edo Ladysmith Black Mambazo bezalako talde handien emanaldiak izango dira entzungai. Lau egun horietan, Munduko Musiken eskutik, beste herrialdeak, kulturak eta jendea ezagutu ahal izango dugu.

Saio nagusiei dagokienez, Oyesterband talde britainiarra, nazioarteko talde izarretako bat izango da jaialdia irekitzeaz arduratuko dena. Emanaldia areetako Geltokia Plazan izango da, iluntzeko 20:30ean. Euren herrialdeko musika tradizionalean sustraitutako soinuak eta pop eta rock erritmoak fusionatzen dituzte.

Egun horretan bertan, Santa Eugenia Plazak Barrunto Bellota Band taldearen emanaldia hartuko du, judutar askenazien musika tradizionala oinarri hartuta.

Ostirala, festa balkanikoa

Rumaniako musikari gaztez osatuta, Mahala Raï Banda taldea Getxoko udalerrira hurbilduko da euren nahasketa musikalarekin. Doinu tradizionalak eta ska, reggae edo funk musika eskutik helduta iritsiko dira.

Baina aurretik, Santa Eugenia Plazan, Gaizka Baenaren proposamen musikalaz gozatu ahal izango dugu, flamenkotik abiatuta, lurralde garaikideetarantz bideratzen diren kantuekin. Gaueko 10:30ean Santa Eugenia Plaza Judith Mateoren magian murgilduko da, zeltiar panoramako irudi handienetako bat.

Larunbata, egun nagusia

Jaialdia erdialdera iritsiko da larunbatean, hilak 11, edizio honen emanaldirik garrantzitsuenarekin: Ladysmith Black Mambazo. Talde honek hego Afrikako musika tradizionalaren erritmo eta armonia nahaspilatsuak gerturatzen ditu, gospel musikaren soinuekin eta sentimenduekin aberastuta. Hitzordua Areetako Gelkokia Plazan izango da, iluntzeko 20:30ean.

Baina eguna ez da hemen amaitzen, eta Santa Eugeniako agertokia La Bruja Gata seikotearen musika akustikoz jantziko da. Hori arratsaldeko 19:00etan izango da, eta 22:30ean, berriz, talde sevillarraren emanaldiaz gozatu ahal izango da, estilo anintzak biltzen dituen musikaz, alegia.

Igandea, jaialdiaren itxiera

Igandean, irailak 12, Portugaleteko Xabi Aburruzaga trikitilariak amaiera bikaina emango dio Folk Getxo Jaialdiari, Denboraren naufrago azken lanaren aurkezpenarekin. Mikel Markez, Amaia Oreja, Oreka TX txalapartarien bikotea eta Socorrí taldeko kideak izango ditu lagun.

Jaialdiaren azken egunean Efeleson talde mexikarraren musika afro-karibear garaikidearen doinuak entzungo dira Santa Eugenia Plazan. Eta gauerdia igarota, jaialdia haur kontzertu didaktiko batekin osatzen da, Areetako Andres Isasi Musika Eskolako Bandaren eskutik, hain zuzen ere, txikienak estimulatzeko eta musika mundurantz erakartzeko helburuarekin.

Jaialdiak irauten duen lau egunetan zehar ez dira kaleko musikariak, azokak edo ekitaldi gastronomiakoak faltako. Era horretara, Getxoko Naziarteko Folk Jaialdiaren XXVI. edizioak, beste behin, aditzera emango du herrien arteko loturak sendotzearen aldeko ahalegina, tolerantzia sustatuz, arrazakeriaren eta desberdintasunaren aurkako borroka alde batera utzi gabe.

(Argazkiak: Getxo Folk)