Bizkaiko kostaldeko herri ezagunak dira Lekeitio eta Ispaster. Lehenengoan Santa Maria eliza gotikoa, Uriarte jauregia eta Garraitz uhartea nabarmendu behar ditugu, eta bigarrenean, berriz, San Migel Parrokia, Zubieta jauregia eta Aixeder errota.
Lea ibaiaren bokalean, Garraitz uharteak babesten duen senaia naturalean eraikita dago Lekeitio, 1325. urtean fundatu zuten Bizkaiko kostako herria.
Udan biztanle-kopurua bikoiztu egiten bada ere, udalerriak dituen 1,8 kilometro karratuko azaleran 7.500 lagun bizi dira gutxi gorabehera.
Herriguneak bi atal ditu guztiz bananduta. Batek bi kantoi eta lau kale aldapatsu eta paralelo ditu; Apalloa, Azpiri, Intxaurrondo eta Bergara kaleak hain zuzen, eta hiriko alderik zaharrena da. Bestea Gipuzkoa, Markina eta Gernikatik zetozen galtzaden alboan eraiki zen eta alde zaharraren luzapena da. Garai bateko harresiaren arrastoak ere ikus daitezke Lekeition. Uriarte Dorrea kenduta, Erdi Aroko etxerik ez dago dagoeneko kostaldeko herrian.
Interes artistiko eta kulturaleko elementuen artean aipatzeko eraikin ugari dago Lekeition, eta Santa Maria eliza gotikoa nabarmentzekoa da. Euskal Herriko arte gotikoaren erakusgarri dugu tenplu eder hau. Oinarrizko egitura XV. mende erdialdekoa da eta horri koroa erantsi zitzaion XVII. mendean eta kanpandorrea XVIII.ean. Barruan erretaula gotiko flamenkoa aurkituko dugu, 1510. urtekoa.
Gainera, Uriarte jauregia Erdi Aroko dorre baten inguruan dago eraikita. 1677an Lucia Longak jauregi barroko klasizista bihurtu zuen, eta eskualdeko arkitekturaren adibiderik garbiena dugu. Pedro Bernardo Villarreal de Berriz aristokratak urtegiak berriztatu eta modernizatu zituen XVIII. mendean, eta bertan bizi izan zen.
Beste era askotako eraikinak aurki ditzakegu Lekeition. Besteak beste, Jesusen Konpainiaren eskola, Berpizkunde garaiko Santo Domingo komentua, Uribarria, Oxangoiti eta Torrezabal jauregiak, Garraitz uhartea, San Nikolas ermita eta arrantza-portua eta bertako etxeen begiratokiak aipatu daitezke. Azkenik, Turpin Dorrea, XVI. mendeko jauregi urbanoa, herriak duen beste altxorretako bat da. Berpizkunde garaiko estiloan egina dago baina joera gotikoa ere ezagun zaio, eta arlanduz dago eginda.
Ispaster, mesolitiko garaiko herria
Muino batean eratuta dago Ispasterreko herri-kaskoa. Udalerriak 22,7 kilometro karratuko azalera du eta bertan 624 biztanle bizi dira. Giza jardueraren lehen aztarnak mesolitiko garaikoak dira, arrantzale-uztabiltzaile talde bat bizi zeneko koban aurkitu dira.
Interes historikoa eta kulturala duten eraikinen artean San Migel Parrokia, XV. mendekoa, San Martin eta Santiago ermitak, XV. mendekoak, eta XVI. mendeko Axpe Aurrekoa baserria bisitatu behar ditugu.
Jauregi-lurraldea da Ispaster. Zubieta jauregia Martin Zalduak eraiki zuen, eta patio zentral baten inguruan dago altxatuta. Bi dorre zorrotz ditu fatxadan, eta parke eder bat inguru guztian.
Gainera, Arana jauregi barrokoak aurrealdea harlanduzkoa du, eta bi dorre sendoren artean dago. Jauregiaren sarrera XVIII. mendeko baserrien sarreren antzeko arkupe batek osatzen du. 1.500 urteko baserri gotiko baten gehikuntza da Arana jauregia.
Azkenik, Aixeder errotara joatea gomendagarria da. Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek eraiki zuen, lehorte luze batek ur-errotak geldiarazi zituenean. 1745. urtera arte bakarrik erabili zen, eta barruko tresneria ez da gorde. Hala ere, harrizko dorrea zutik dago oraindik.