Itzuli orri osora
Mungia bisitatuz
dom, 22 oct 2006 11:44:00 +0200

Mungialdean kokatuta dagoen Bizkaiko udal honetatik pasatuz gero, Alkartasun iturria, jatorri erromanikoa duten bi zubiak, errotak eta Agirre Jauregia ikusi behar ditugu, besteak beste.

Alkartasuneko iturria Mungiaren ikur garrantzitsua da, elkartasunaren irudi bihurtu baita. Mungian XIV. mendetik bi udal zeuden (hiribildua eta elizatea) lege ezberdinekin eta elkarren kontrako joera nabariarekin. Historian zehar hainbat aldiz saiatu ziren elkartasuna lortzen baina 1900. urtera arte ez zen lortu.

1883an akordio bat lortu zuten herrira ura ekartzeko. Horren oroimenez eraiki zen Ereñoko marmolez egindako iturri hau. Hasieran udaletxe aurrean zegoen iturri hau; gaur egun Torrebillela ondoan dago. Gauzak horrela, iturri hau elkartasuna, adostasuna eta arazoak konpontzeko elkarrizketaren sinbolo bihurtu da.

Jatorri erromanikoa duten bi zubi ditu Mungiak. Torrebillela ondoan dago haietako bat eta aitzinean Bilbotik hiribildurako pasabidea izan zen. Aldaketa asko jasan ditu eta, horren ondorioz, interesa galdu du. Birlen dagoenak bere kondaira du. Horren arabera, handik pasatzen zirenak deabru edo sorginen batek harrapatzen zituen orkatilatik.

Mungian errota asko egon dira eta era berean mungialdean eta eskualde osoan gaur egun ere errota ugari aurkitu daitezke, martxan dirautenak gutxi batzuk baino ez izan arren. Mungian lauk jarraitzen dute ehotzen: Larraurin Olabarri eta Erdizubi eta Emerandon Errotatxu eta Ugaldeko errota. Horietan oraindik artoa ehotzen da bai etxerako, bai auzoko edo lagunentzako; gaur egun irina erosten dutenak gutxi batzuk dira ere, eta batez ere talorako erosten dute.

Horrela ortuetan oraindik ikus daiteke artoa, hortxe hasten baita irina lortzeko prozesua. Behin artoa helduta, bildu egiten da eta kanpoko azala kendu ondoren, labera doaz. Labean artaburuak lehortzen dira, artoak siku egon behar da, bestela heze badago, harrian itsatsita geratuko eta ez du ondo ehoko. Behin labasu deritzona egin ondoren, garandu egiten da eta errotara doa, irina lortuz.

XX. mendean Mungiako errotak irin ekoizle garrantzitsuak izan ziren. Bertara joaten ziren, Bilbo, Berango edo Sopelatik ehotzera. Zentzu horretan Mungia gune industrial nahiz eta errotariek askotan errota industria bezala ez ikusi, baserriko lanen osagarri bezala baino- indartsua bilakatu zen albo herriekin, (Meñaka, Gatik, Jatabe, Gamiz-Fika eta abarrekin) guztiz bat eginda. Albo herri horietan ere badaude oraindik zenbait errota martxan.

Aita Elorriaga kaleko 1. zenbakian aurki dezakegu XVIII. mendearen bukaeran eraiki zuten Agirre Jauregia. Gaur egun Astiunerako Udal Erakundearen egoitza da. Hainbat estilo nahasketa dituen eraikin interesgarria da. Beheko bi solairuek estilo neoklasikoa daukate; hirugarrenak errenazimentua gogorarazten digu; ekialdera arkupe baserri antzeko bat ikus daiteke; balkoi luzeak neobarrokoak dira eta leihoak gotikoak. Duela gutxi Udalak hartu eta konpondu egin zuen. Geroztik, euskaltegia, musika eskola, eta kulturarekin zerikusia duten zenbait bulego aurki ditzakegu bertan.