Itzuli orri osora
Bergara, Gipuzkoako bigarren herririk handiena
vie, 29 sep 2006 08:34:00 +0200

Mendiz inguratutako Bergara, herri industriala da, baita zerbitzu hiria ere. Honek ez du esan nahi ordea, bere historia oparo eta garrantzitsuaren arrastorik gorde ez duenik: aitzitik Bergarak gune historiko handia eta ikusgarria du, etxe bikain eta dorre ederrez osatutakoa.

Bergarak 77,05 km2-ko azalera daukanez, Gipuzkoako bigarren herririk handiena da, eta ondorengo udalerriekin egiten du muga: Antzuola, Arrasate, Azkoitia, Elgeta, Elgoibar, Elorrio, Oñati eta Soraluzerekin.

Erliebeari dagokionez, menditsua da eta higaduraren ondorioz, mendi malda eta hegaletan gailurretatik higatutako materialak pilatzen dira, lur kolubialak sortaraziz. Hauetan ugari dira material mineralak, eraldatu ondoren, lur aberatsak eratzen dituztenak. Lur hauetan finkatzen dira, hain zuzen, baserri eta soroak.

Hiria asko hazi da azken hamarkadetan, industriaren eraginez batik bat; hedapen honetarako ibai arroak eta bailararen zabalguneak aprobetxatu dira eta honela nekazaritzarako lur onenak betiko galdu dira.

Bergarako historia ekonomikoari dagokionez, esan dezakegu, metalurgiaren sektorea artisautzako bideak erabiliz garatu zela XIX. mendearen bigarren erdira arte. 1860tik aurrera hedapen-aldi berri bat hasi zen, eta siderurgia tradizionalaren industrializazioa adierazten zuten lehen zeinuak agertu ziren, Vergarajauregi, Resusta y Cia elkartea, geroago Unión Cerrajera izango zena, sortu zenean. Arrasaten sortu zen elkarte horrek, galdaketa lantegi bat jarri zuen Bergaran, egur-ikatzezko bi labe garaiekin. Lantegi horrek mineraletik abiatu eta produkzio prozesu guztia egiten zuen. Altos Hornos de Vergara zuen izena.

Bergarako industrializazio prozesuan nabarmendu beharreko jarduera duten beste sektore batzuk ondorengoak dira: Iringile Mekanikoa, Teileria, Harrobiak, Zerrategiak eta Energía Elektrikoaren produkzioa. 1915erako 17 lantegi zeuden Bergaran eta horietan, 1.030 langile.

Gaur egun ere metalurgia da Bergarako industria jarduera nagusia, eta udalerrian lan egiten duten herritar gehienak bertan ari dira. Debagoieneko beste udalerri batzuekin alderatuz, dibertsifikazio garrantzitsua dago Bergaran. Etxeko elektra tresneria, ehungintza eta siderurgiaren arloan diharduen industria aipatu behar dugu hemen bereziki.

Jauregi dotorez betetako herria da Bergara. Industria-jarduerak bertako bizilagunak aberastu zituen aspaldi, hori dela eta, kale askoren ertzetan etxe handiak eta luxuzko eraikinak daude, hala nola Errotalde Jauregia (egun Kultur Etxea dena), Azkarate Marutegi Etxea (Estatu osoko aurreneko berogailu errenazentista aurkitu zuten bertan).