Zehaztu zure maila

Sarrera

Ikasten.net ikasgaiekin hasi aurretik, irakurri ezazu ondorengo dokumentu hau zure maila zehaztu eta zein mailatan hasi jakiteko. Gogoan izan, ezagutza-maila jakin bat lortu ahal izateko, irakasle baten laguntza ezinbesteko izango zaizula.

001-012: hasierako maila

Unitateon helburuak:

  • gauzak nolakoak eta zein koloretakoak diren galdetzen ikasiko duzu, kontrakortasuna adierazten duten esaldiak osatzen, eta galdera orokorrak egiten.
  • non bizi zaren adierazten ikasiko duzu.
  • gai izango zara pertsona eta gauzen kokapena adierazteko.
  • besteen egoeraz galdetzen ikasiko duzu, nola zauden eta dauden deskribatzen.
  • jabetza adierazten eta zerbaiten jabeaz nola galdetzen den ikasiko duzu.
  • jabetza bigarren modu batez adierazten ikasiko duzu.
  • zenbait posposizioren erabileraren bitartez, kokapen zehatza adierazten ikasiko duzu, edota hartaz galdetzen.
  • EDUKI aditzaren bitartez, jabetza adierazten ikasiko duzu. Gainera, zenbakiak erabiltzeko eta artikulu zehaztugabea daramaten esaldiak osatzeko gai izango zara.
  • EDUKI aditzaren bitartez eratutako ezezko esaldiak osatzen ikasiko duzu, kopuru zehaztugabea adierazten, eta eragiketa matematikoak formulatzen.

Has zaitez unitateokin zure mailak ondorengo deskribapenei erantzuten badie:

Ulermena Mintzamena Idazmena
Ahozkoa Idatzia Ahozko elkarreragina Ahozko adierazpena Idatzizko adierazpena

Gai naiz hitz arruntenak eta oso oinarrizko esapideak ulertzeko nitaz, nire familiaz eta inguruko gauzez, jendeak astiro eta argi hitz egiten duenean.

Gai naiz hitz eta izen oso ezagunak ulertzeko, baita esaldi oso sinpleak ere. Adibidez, iragarkietan, posterretan eta katalogoetan.

Gai naiz modu sinplean komunikatzeko, baina solaskidearen menpe nago, hark prest egon behar baitu nik esandakoa astiro errepikatzeko, birformulatzeko edo nahi dudana eaaten laguntzeko. Gai naiz berehalako premiei edo oso gai arruntei buruzko galdera errazak egin eta erantzuteko.

Gai naiz esaldi eta esapide sinpleak erabiliz nire bizilekua eta jende ezaguna deskribatzeko.

Gai naiz postal laburrak eta errazak idazteko, esaterako oporretakoak. Gai naiz nire datu pertsonalak galdetegi batean idazteko. Adibidez, izena, nazionalitatea edo helbidea hoteleko erregistro-orrian.

013-020 unitateak: oinarrizko maila

Unitateon helburuak:

  • nora zoazen adierazten ikasiko duzu, eta nora zoazen galdetzen duten itaunei erantzuten.
  • norengana zoazen adierazten ikasiko duzu, eta honi dagozkion galderei erantzuten. Gainera, ekintza amaituak adierazteko gai izango zara. Bestalde, eta zenbait esapideren bitartez, noiz? galderari erantzuten ikasiko duzu.
  • nondik zatozen adierazten ikasiko duzu, eta honi dagokion galderei erantzuten. Gainera, gertatzen ari diren ekintza eta ekintza amaituen arteko ezberdintasuna ikusteko gai izango zara.
  • EKARRI aditza erabiltzen ikasiko duzu, zerbait norentzat den adierazten, eta honi dagozkion galderak osatu eta erantzuten. Gainera, adjektiboen errepikapenean datzan deskribapen-baliabide bat ikasiko duzu.
  • ERAMAN aditza erabiltzen ikasiko duzu, gertatzen ari diren ekintzak eta amaitutakoak bereizten. Gainera, orduak esateko eta orduaz galdetzeko gai izango zara.
  • zure nahiak adierazten ikasiko duzu. Gainera, gauzen balioaz galdetzeko gai izango zara. Bestalde, hainbat neurri nola erabiltzen diren ere ikasiko duzu.
  • ARI IZAN erabiliz, gertatzen ari diren hainbat ekintza nola adierazten den ikasiko duzu. Gainera, eguraldiaz hitz egiteko gai izango zara.
  • lehenaldian hasi eta amaitu ziren ekintzak adierazten ikasiko duzu. Bestalde, asteko egunen izenak eta horiekin zerikusia duten denbora esapideak landuko dituzu.

Has zaitez unitateokin zure mailak ondorengo deskribapenei erantzuten badie:

Ulermena Mintzamena Idazmena
Ahozkoa Idatzia Ahozko elkarreragina Ahozko adierazpena Idatzizko adierazpena

Gai naiz lexiko eta esapide erabilienak ulertzeko zuzenean dagozkidan arloetan (adib. Oinarrizko informazioa nitaz, nire familiaz, erosketez, inguruaz, lanaz). Iragarki eta mezu labur, sinple eta argietan gai naiz ideia nagusiaz jabetzeko.

Gai naiz testu labur eta oso sinpleak irakurtzeko. Gai naiz informazio jakin eta aurreikus daitekeena eguneroko dokumentu arruntetan bilatzeko, esate baterako iragarkietan, prospektuetan, menuetan eta ordutegietan. Gai naiz gutun pertsonal labur eta sinpleak ulertzeko.

Gai naiz komunikatzeko jarduera eta arlo ezagunetan, informazio-trukea zuzena eta sinplea denean. Elkarrizketa osoa jarraitzeko adina ulertzen ez badut ere, gai naiz informazio-truke labur-laburrak egiteko.

Gai naiz esaldiak eta esapideak sorta batean erabiltzeko honelakoak era sinplean deskribatuz: nire edo beste norbaiten familia, nire bizimodua, ikasketak, oraingo edo lehengo lana.

Gai naiz berehalako premiei buruzko ohar eta mezu sinpleak idazteko. Gai naiz gutun pertsonal oso sinpleak idazteko, adibidez eskerrak ematekoak.

021-025: atalase maila

Unitateon helburuak:

  • geroaldiaz hitz egiten ikasiko duzu, kidetasuna adierazten, eta aukerazko esaldiak osatzen.
  • maiztasunez egiten dituzun ekintzak adierazten ikasiko duzu.
  • objektu bat eta subjektua bat biltzen dituzten esaldiak osatzen ikasiko duzu, edozein delarik adierazten duten pertsona. Gainera, ezin egin eta egin ahal dituzun gauzez hitz egiteko gai izango zara.
  • konparazioak egiten ikasiko duzu.
  • egitura ezberdinak erabiliz, hitz egiten ari zaren mementuan egiten ari zaren ekintzez mintzatzen ikasiko duzu. Gainera, gai izango zara dakizkizun eta egiten dakizkizun gauzez hitz egiteko.
  • perpaus osagarriak eraikitzen ikasiko duzu, eta beraz, esan, entzun, pentsatu, aitortu eta uste dituzun gauzez hitz egiten. Zure sentipenak adierazteko gai ere izango zara.
  • NOR eta NORI galdetzaileei dagozkien pertsonak biltzen dituzten esaldiak osatzen ikasiko duzu.
  • iraganean gertatutako ekintzak deskribatzen ikasiko duzu, iada jazotako bi ekintzen arteko segida adierazten.
  • aginduak ematen ikasiko duzu.
  • erlatibozko esaldiak osatzen ikasiko duzu, eta ondorioz, adierazi nahi duzuna zehaztasun gehiagoz deskribatzen. Gauzak zein materialez eginak dauden adierazten ere ikasiko duzu, eta baita zenbait lokailu erabiltzen ere.
  • zergatik galderari erantzuten ikasiko duzu, hau da, gauzen kausa adierazten.
  • oztopo edo eragozpena adierazten duten esaldiak osatzen ikasiko duzu.
  • subjektu bat, osagarri zuzen bat eta zehar-osagarri bat duten mota ezberdineko esaldiak osatzen ikasiko duzu.
  • hitzak instrumentaltasuna, garraiobidea, gaia, materiala, lekua eta denbora adieraz dezaten deklinatzen ikasiko duzu.
  • aditzak izen bihurtzen ikasiko duzu, eta horietaz baliatuz, esaldiak osatzen.

Has zaitez unitateokin zure mailak ondorengo deskribapenei erantzuten badie:

Ulermena Mintzamena Idazmena
Ahozkoa Idatzia Ahozko elkarreragina Ahozko adierazpena Idatzizko adierazpena

Gai naiz ideia nagusiak ulertzeko, hizketa argi eta estandarra denean, eta gaiak ezagunak direnean: lana, eskola, aisialdia etab. Ulertzen dut gaur egungo gaiez edo interes pertsonaleko edo profesionaleko gaiez diharduten telebista- edo irrati saioetako ideia nagusiak, baldin eta poliki eta argi hitz egiten badute.

Gai naiz hizkera arruntean idatzitako testuak edo nire lanari buruzkoak ulertzeko. Gai naiz gertaeren deskribapena edota sentimenduen eta desioen azalpena ulertzeko gutun pertsonaletan.

Gai naiz hizkuntza mintzatzen den herrialdera egindako bidaia batean gerta litezkeen egoera gehienei aurre egiteko. Gai naiz, prestatu gabe ere elkarrizketan parte hartzeko, gaiak ezagunak direnean, interes pertsonalekoak edo bizimodu arruntekoak (familia, aisialdia, lana, bidaiak, albisteak…).

Gai naiz esaldiak era sinplean josteko, honelakoak deskribatzearren: esperientziak, gertaerak, ametsak, itxaropenak eta helburuak. Gai naiz nire iritzi edo proiektuen arrazoiak eta azalpenak laburki emateko. Badakit istorioak kontatzen, liburuen eta filmen argumentuak azaltzen eta horiek nigan sortutako erreakzioa adierazten.

Gai naiz testu sinpleak eta koherenteak idazteko, gai ezagunen edo interes pertsonalekoen gainean. Gai naiz gutun pertsonalak idazteko, nire esperientziak eta irudipenak adieraziz.

036-046 unitateak: maila aurreratua

Unitateon helburua:

  • bai hondartzan, ikasgelan, mahaia-jartzerakoan, jatetxean eta tabernaz taberna ibiltzerakoan erabiliko zenukeen hiztegia ikasiko duzu. Baita natura, arropa, animalia, edari eta garraiobideekin erlazionatutakoa ere.
  • baiezko esaldiaren ordena arrunta ikasiko duzu.
  • NOR eta NORK subjektuen arteko desberdintasuna, –A mugatzailea eta –A berezkoaren artekoa eta baita BERA eta BERDINA izenondoen artekoa ere, ulertu ahal izango duzu.
  • hiztuna talde batez mintzo denean eta bera taldearen zati denean -OK eta ETA BIOK bidez adierazten lortuko duzu.
  • ahalera NOR, NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK motako orainaldiekin erabiliko duzu.
  • NORAINO kasuaren erabilera landuko duzu.
  • galdera zuzenak zehar galdera bihurtzen ikasiko duzu -N, -EN edo -DAN atzizkiak itsatsiz.
  • aginduak emateko esaldiak, harridurazkoak eta zerbaiti buruzko iritzia ematekoak ikasiko dituzu.
  • data adierazten ikasiko duzu.
  • NAHIZ, ZEIN edo EZ..., EZ... erabiltzea lortuko duzu.
  • -LAKO noiz erabili ulertuko duzu.
  • asko / gutxi zenbatzaileak eta handi / txiki adjektiboak landuko dituzu.
  • idatzizko testuekin ondorengo gaiei buruzko ariketak egingo dituzu: egunkariko berriak, eguraldi-iragarpenak, filmen laburpenak, euskal errezetak, horoskopoa, turismo gidak eta joko-arauak.
  • telefono bidezko inkestak, lagunarteko solasak, irratiko berriak eta parlamentuko hitzaldiak entzumen ariketekin landuko dituzu.

Has zaitez unitateokin zure mailak ondorengo deskribapenei erantzuten badie:

Ulermena Mintzamena Idazmena
Ahozkoa Idatzia Ahozko elkarreragina Ahozko adierazpena Idatzizko adierazpena

Gai naiz konferentzia eta hitzaldi aski luzeak ulertzeko. Era berean, argudio konplexuak ere ulertzen ditut, baldin eta gaia gutxi-asko ezaguna badut. Ulertzen ditut telebistako albistegiak eta eguneko gorabeherei buruzko saio gehienak. Gai naiz hizkuntza estandarrean ematen diren film gehienak ulertzeko.

Gai naiz gaur eguneko gaiei buruzko artikuluak eta txostenak irakurtzeko, egileak jarrera jakin bat edota ikuspuntu berezia erakusten duenean. Gai naiz gaur eguneko hitz lauzko literatura-testuak irakurtzeko.

Gai naiz jatorrizko hiztun batekin normal mintzatzeko, berezkotasun eta erraztasun nahikoarekin. Gai naiz elkarrizketan era aktiboan parte hartzeko eta nire iritziak azaldu eta defenditzeko egoera ezagunetan.

Badakit zehatz eta argi hitz egiten nire intereseko gai askori buruz. Gai naiz gaur eguneko gorabeheren gainean nire ikuspuntua adierazteko, aukera desberdinen alde onak eta txarrak azalduz.

Gai naiz nire intereseko gai askoren inguruan, testu argiak eta xeheak idazteko. Gai naiz idazlan bat edo txosten bat egiteko informazio jakin bat adieraziz edota iritzi baten aldeko edo kontrako arrazoiak emanez. Gai naiz gutunak idazteko, gertaerei eta esperientziei ematen diedan garrantzia nabarmenduz.

047-060 unitateak: maila altua

Unitateon helburuak:

  • bai sukalde, sagardotegi, arrandegi, urdaitegi eta harategian erabiliko zenukeen hiztegia ikasi eta lantzea. Baita auto, altzari, informatika, barazki, futbol, Gabon, gaixotasun, ezkontza, festa, eguraldi eta baserriarekin erlazionatutakoa ere.
  • izen bizidun eta bizigabeekin erabiltzen diren kasuak desberdintzen ikasiko duzu: NORENGAN / NON eta NORENTZAT / NORAKO besteak beste.
  • -GARREN atzizkia erabiltzen ikasiko duzu, ordena edo hurrenkera adierazteko.
  • baldintzazko esaldi mota ezberdinak ikasiko dituzu, bai ekintza errealak eta baita hipotetikoak adierazten dituztenak ere. Hipotetikoak ohikoa, geroaldia eta lehenaldian erabiltzea lortuko duzu.
  • NOR, NOR-NORI, NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK motako baldintzei dagozkien adizkiak landuko dituzu.
  • IZAN EZIK eta EZ EZIK bereizten ikasiko duzu.
  • -TZAT marka erabiliko duzu.
  • OMEN eta OTE moduzko partikulak landuko dituzu.
  • -N BEZALA eta –N BEZALAKOA egiturak erabiltzeko gai izango zara.
  • BATERE, SAMAR, NAHIKO, IZUGARRI eta IKARAGARRI graduatzaileak noiz erabili ikasiko duzu. Baita (-N) BEZAIN eta (-N) BESTE konparaziozko perpausak ere.
  • NORENGATIK motibatiboaren osaera eta deklinabidea landuko duzu, baita NORANTZ kasuarena ere.
  • “behartu” edo “bultzatu” esangura erantsi ahal izango duzu, ARAZI erabiliz.
  • -T(Z)EKO atzizkia erabiltzen ikasiko duzu ZERTARAKO? galderari erantzuteko.
  • IRITZI aditza lantzen jarraituko duzu, orainaldiko aditz trinkoak ikasiz.
  • BURUZ postposizioa erabiltzen ikasiko duzu, aurretik doan izena NORI kasuan deklinatuz.
  • -NA banatzailea landuko duzu.
  • AHALIK ETA …-EN, GERO ETA …-AGO, ZENBAT ETA …-AGO gradu markak erabiltzen ikasiko duzu.
  • laburdurak, siglak eta ohiko akats bihurtu diren “h” dun hitzak landuko dituzu.
  • idatzizko testuekin ondorengo gaiak landuko dituzu: mendi-txangoak, ipuinak, kontaktuak, entziklopediako azalpenak, festen egitaraua, iritzi-artikuluak, proposamenak eta txostenak.
  • irratiko elkarrizketak, pasadizo barregarriak, eztabaidak, txisteak eta iragarkiak entzumen ariketekin landuko dituzu.

Has zaitez unitateokin zure mailak ondorengo deskribapenei erantzuten badie:

Ulermena Mintzamena Idazmena
Ahozkoa Idatzia Ahozko elkarreragina Ahozko adierazpena Idatzizko adierazpena

Gai naiz berbaldi luze bat ulertzeko, oso garbi egituratuta ez badago ere edo erlazioak oso esplizituak izan ez arren. Telebista-programak eta filmak neke handirik gabe ulertzen ditut.

Gai naiz gertakarietan oinarritutako testuak edo literatura-testu luze eta konplexuak ulertzeko eta estiloak bereizteko. Gai naiz artikulu espezializatuak eta argibide tekniko luzeak irakurtzeko, nire eremukoak ez badira ere.

Gai naiz natural eta jarioz hitz egiteko, esapideen bila nabarmen luzatu gabe. Badakit hizkuntza gizarte-edo lanbide-erlazioetan malgu eta eraginkor erabiltzen. Badakit neure ideia eta iritziak zehatz adierazten eta neure adierazpenak beste solaskideenekin trebeziaz lotzen.

Gai naiz deskribapen argiak eta xeheak egiteko gai konplexuei buruz, horiekin lotutako gaiak integratuz, zenbait puntu garatuz eta berbaldia egoki amaituz.

Gai naiz testu argi eta ongi egituratuak osatzeko, neure ikuspuntua luze-zabal adieraziz. Badakit gai konplexuak adierazten gutun, idazlan edo txostenetan, garrantzizkoen iruditzen zaizkidan puntuak azpimarratuz. Gai naiz hartzaileari egokitutako estiloa erabiltzeko.


« Ikastaroen orrialde nagusira itzuli