Historiaurrea Euskal Herrian

Artikuluaren egilea: María José Iriarte

Aroa: Behe Paleolitoa

Kronologia

350.000/100.000 B. P.

Gizakia

Behe Paleolitoan Neanderthal aurreko gizakiak bizi izan ziren gure inguruan. Denboran zehar, aldakuntza historiografikoak zirela medio, hainbat izen eman zaizkie gizakiei: Homo erectus, H. anteneanderthalensis, H. ergaster, H. heidelbergensis eta H. antecessor . Azken deitura hori Atapuercako Hezurren Leizean agertutako gizakiarentzat proposatu den deitura da. Gurekin alderatuta, ez zen oso desberdina; agian, altuagoa eta indar handiagokoa. Lezetxikiko besahezur ospetsua garai honetakoa izan daiteke, eta oso antz handia du Atapuercako Hezurren Leizean agertzen den batekin (hangoa duela 325. 000-340. 000 urtekoa izan daiteke).

Janzkera

Oinarrizko lehengaia larrua zen (harrapatutako animaliena), baina landare zuntzak ere (belarrak, lastoak, zuhaitz azala, hostoak) erabiltzen zituzten. Jantziak josi gabekoak ziren, eta botoirik ere ez zegoen oraindik; ondorioz, zatiak korapiloen bidez elkartzen zituzten. Ez dago oinetakoen aztarnarik, agian erabili ere ez zituztelako egingo.

Asentamenduak

Oro har, atari zabalean eraikitako behin-behineko kanpalekuak izaten ziren. Asentamendu horiek erreketatik gertu egoten ziren; batzuetan, bertako terrazen gainean. Etxola apalek osatzen zuten kanpalekua: egitura adarrez eraikitzen zen, eta gainean larruzko estaldura ipini. Erdiko suaren inguruan ez zen hiruzpalau etxola baino gehiago egoten, taldeek batez beste 5-7 lagun izaten zituztelako oraindik. Kobazulo batzuk erabiltzen ziren, baina Euskal Herrian Lezetxikiko adibidea bakarrik ezagutzen dugu (eta berori zalantzazkoa da).

Aztarnategi Garrantzitsuenak

Higer 2, Irikaitz, Lezetxiki.

Manzanos, Urrunaga, Aitzabal, Murua.

Gazolaz, Iruña, Urbasa, Eztuñiga, Ilunberri, Lizarra.

Aturri eta Nibe ibaiak, Donibane Lohizune, Baiona, Bidaxune.

 Lezetxiki (Arrasate) : Kobazuloan dagoen aztarnategi hau oso garrantzitsua da, batez ere, bertan aurkitu zirelako (VIII. mailan) Euskal Herrian ezagutzen ditugun giza hezurrik zaharrenak. J. M. Barandiaranek (1956-1968) eta A. Arrizabalagak (1996->) indusi zuten.

 Irikaitz (Zestoa) : Atari zabaleko kanpalekua da, estratigrafiaduna, eta ezaugarri horretatik datorkio bere garrantziaren zatirik handiena. A. Arrizabalagaren zuzendaritzapean indusi zen (1998->).

 Urrunaga (Legutiano): Urrunagako urtegia inguratzen duten terrazetan harrizko tresnak berreskuratzen ari dira; horiek, seguru asko, Azken Acheul aldikoak izango dira. A. Saenz de Buruaga, J. Fernandez Eraso eta T. Urigoitiak eman dute aztarna horien berri, idatziz.

 Iruñaldea : Arga ibaiaren terrazetan, Nafarroako hiriburuaren inguruetan, hainbat harrizko tresna jaso eta ezagutzera eman zituen J. Garcia Gazolazek, 1991tik aurrera. Kronologikoki, seguru asko Erdi Acheul aldian kokatu behar ditugu aztarna horiek.

Klimatologia

Epe zabal honetan, denetariko egoera klimatikoak bizi izan ziren, hotzak eta epelak (batzuk, gaur egungoak baino epelagoak). Ezagutzen ditugun aztarnategiak atari zabalekoak izateak zerikusi handia izango du, seguru asko, aztarnategien kontserbazioarekin, eta ez du esan nahi garai hotzetan ez zegoenik kobazuloen okupaziorik.

Fauna eta Landaredia

Garai hotzetan, mamuta, iledun errinozeroa, elurretako erbia, jatuna eta antzeko animaliak bizi izan ziren gure inguruan. Zuhaitzak, berriz, urriak ziren, eta gehienak koniferoak (pinua eta izeia). Paisaian tundra zen nagusi, edo estepa hotza, belar altu eta horiz jantzia. Garai epeletan, egun ezagutzen ditugun jatorrizko animali eta landare espezieak bizi ziren. Landare paisaian, baso hostogalkorraren hedapena nabarmendu behar da (hurritza, haritza, artea, urkia, haltza -ibaien ertzetan-), horri dagozkion belardien paisaiarekin batera. Animalien artean, oreina, orkatza, zaldia, basurdea eta felido gehienak (hiena, katamotza, basakatua, etab. ) klima epelaren erakusgarri dira.

Ekonomia

Landare produktuen hornikuntzak (fruituak, sustraiak, azala, hostoak) lehentasuna zuen oraindik talde hauen artean. Horien elikaduraren zati nagusia landare elikagaiek osatzen zuten, hortzetan utzitako zantzuetan ikus daitekeenaren arabera. Jaten zuten okela ehizatutako animalia txikietatik zetorren (erbiak, untxiak, kaskarinak eta, agian, arrain edo txori batzuk). Haratusteljaleak ziren eta, dakigunaren arabera, ez ziren oso ehiztari trebeak.

Garapen Teknikoa

Euskal Herriko lehen gizaki ezagunak suaren teknika menperatzen zuen. Seguru asko, suharri eta piritak (edo burdinazko beste mineral batzuk) elkar jotzean sortutako txinpartaz baliatu zen gizakia sua egiteko. Bestalde, tresna gehienak (lantzak, porrak) zurezkoak ziren garai honetan. Adar bat hartu, harrizko printza batez zorroztu eta muturra su gainean jarrita gogortzen zuten. Baliteke hezur batzuk ere zorroztea, baina Euskal Herrian ez dugu halakorik ezagutzen. Harrizko tresneria ere oso arkaikoa da, lanabes oso handiak egiten baitzituzten, eta oso ukitu gutxirekin; batez ere, aurpegi bikoak eta harraskagailuak gertatzen zituzten. Denetariko harrizko lehengaiak (suharria, hareharria, kuartzoa edo kuartzita, arbela, kareharria, etab. ) erabiltzen zituzten, baina, gehienbat, gertuen zegoen harri mota hartzen zuten.

Portaera Sinbolikoak

Ez dugu inondik ere ezagutzen garai honetako portaera sinbolikorik, baina baliteke etorkizunean Burgosko Atapuerca aztarnategian bildutakoak informazio ugari ematea. Alde horretatik, gogoratu behar da Hezurren Leizean agertzen den giza gorpuen metaketa, askotan, ehorzketa errituekin lotu izan dela, oso gai konplexua izan arren.

Hiztegia

 Kanpalekuak : Atari zabalean eraikitzen ziren etxola multzoak. Erdian sua egoten zen. Urte batetik bestera esparru beretara itzuli arren, kanpalekuak ez ziren leku berberetan eraikitzen.

 Erdiko sua : Lehendabizikoak sua gordetzeko hobi txikiak izan ziren. Denborarekin, handitu egin ziren hobi horiek, harlauzaz estali eta, egitura aldetik, nahiko konplexuak bilakatu ziren.

 Haratusteljalea : Beste haragijale batzuek ehizatutako animalien okela jaten duen animalia. Hiena edo putreak dira gehien ezagutzen ditugun haratusteljaleak, nahiz eta gizakiek ere, hasieran, horrela lortzen zuten jateko okela; hau da, lehoi, hiena edo hartzek ehizatutakoa eskuratzen zuten.

 Aurpegi bikoa : Tresnak egiteko, aurpegi bietatik lantzen zen uharria. Helburua zen lanerako sorbatza izatea. Oso ohikoak izan ziren Behe Paleolitoan; bereziki, Acheul aldian.

 Harraskagailua : Aurpegi biko tresna mota berezia; mutur batean zeharkako ahoa izaten zuen (aizkoraren modura).

 Suharria : Kuartzozko harri mota bat, sua egiteko balio zuenez, Historiaurrean oso garrantzitsua izan zena. Bestalde, lehengaitzat ere erabiltzen zen askotan; esaterako, Goi Paleolitoan ia tresna guztiak suharriz egiten ziren.

 Pirita : Burdin oxidoa, mineralean era naturalean aurki daitekeena kareharrien artean, edo askatuta buztinetan. Suharriak eta piritak, elkar jotzean, txinpartak ateratzen dituzte, eta horiek sua egiteko erabil daitezke.

 B. P.: Ingelesez before present, edo, euskaraz, "gure aurretik". Datazioak egiteko erabiltzen den sistema internazionala. Kristo aurreko data bihurtzeko, B. P. datari 1950 urte kendu behar zaizkio.

Aroa: Erdi Paleolitoa

Kronologia

100.000/35.000 B. P.

Gizakia

 Homo sapiens neanderthalensis edo Neanderthal gizakia izan zen garai honetan nagusi. Oraindik ez dago erabat garbi nondik eboluzionatu zuen gizaki mota horrek eta zergatik ordezkatu zuen gure tankerako gizakiak Erdi eta Goi Paleolitoen arteko igaroaldian.

Janzkera

Landare zuntzak erabiltzen zituzten (belarrak, lastoak, azala, hostoak), baina larrua zen jantzietarako oinarrizko lehengaia; jantziak josi gabeak eta botoirik gabeak ziren, korapilo bidez lotuak. Oinetakoei buruz ezer gutxi esan daiteke; agian, artean ez zituzten erabiltzen. Aurreko aldiarekin alderatuta, tendoiak edo animalien ileak gehiago erabiltzen ziren, ehiza areagotu eta gizakiaren portaera konplexuagoa bihurtu zelako.

Asentamenduak

Talde hauen asentamenduak atari zabalean, erreketatik gertu eta, batzuetan, bertako terrazen gainean eraikitako behin-behineko kanpalekuak ziren gehienbat. Beste askotan, harpe edo haitzuloetan egokitzen ziren aterpe soilak, adarrez eginiko egitura larruz estaliak. Ez dago pentsatzerik hiruzpalau etxola baino gehiago egongo zenik kanpaleku bakoitzean, eta erdi-erdian sua izaten zuten. Taldeak aurreko aldikoak baino pixka bat handiagoak izan zitezkeen; normalean, 8-10 gizabanako bitartekoak.

Aztarnategi Garrantzitsuenak

Lezetxiki, Amalda.

Arrillor, Murba.

Axlor, Kurtzia.

Koskobilo, Ipar Mugarduia.

Olha, Isturitz.

 Arrillor (Murua) : 1989 eta 1995 bitartean A. Saenz de Buruagak indusitako kobazuloa. Oso estratigrafia sendoa dauka (sei metro eta 21 maila, gehienak aztarna arkeologikodunak).

 Axlor (Dima) : Ez dago Arrillorretik oso urruti, haitzulo biak Gorbeia mendiaren inguruetan baitaude. Lehenengo indusketa J. M. Barandiaranena izan zen (1969-1974), eta azken urteotan (2000tik aurrera), J. E. Gonzalez eta J. J. Ibañezek zuzentzen dute bertako premiazko indusketa. Nahiko leku aberatsa da.

 Olha (Kanbo) : Olhako indusketa ekinaldiak E. Passemardek zuzendu zituen, 20ko hamarkadan. Olha ez da benetako kobazuloa, harpe luzea baizik.

 Amalda (Zestoa) : 1979 eta 1984 bitartean J. Altunaren zuzendaritzapean indusia. Haitzulo honetako maila arkeologiko batean -VII. ean, hain zuzen-, Mustier aldiko asentamendu garrantzitsua topatu zen.

Klimatologia

Epe zabal honetan, denetariko egoera klimatikoak izan ziren, hotzak eta epelak (batzuk egungoak baino are epelagoak).

Fauna eta Landaredia

Egoera epela baldin bazen, animalien artean zerbidoak, basurdeak eta uroak topa zitezkeen, besteak beste. Basoak, berriz, zuhaitz hostogalkorrekoak ziren -hurritza, haritza, gaztainondoa, etab. - eta paisaia belardi berde altuek osatzen zuen. Garai hotzetan, Behe Paleolitoan deskribatutakoaren oso antzekoa zen egoera. Mamuta edo elurretako erbia bizi ziren gure ingurunean, besteak beste. Zuhaitzak urriak ziren, gehienak koniferoak, eta paisaia gaur egun ezagutzen dugun tundra edo estepa hotzak osatzen zuen.

Ekonomia

Harrapariak ziren gizakiak, baina oportunistak edo espezializatu gabeak. Eskura zutena ehizatzen eta biltzen zuten (agian, haratustela edo sarraskia ere bai, behar izanez gero). Zaldia, oreina, basahuntza, bisontea eta uroa ziren gehien ehizatutako animaliak. Ustiakuntza sistema ez zegoen batere orekatuta, eta ondorioz, seguru asko, nahikoa gose pasatzen zuten, batez ere, neguko hilabeteetan.

Garapen Teknikoa

Oraindik teknologia harrizko tresnerian soilik zegoen zentratuta (punta, karraskagailu eta hortzak dira ugarien agertzen diren tresnak). Teknika berria garatu zen harria lantzeko; hain zuzen, Levallois izenekoa, aurrez pentsatutako erako printzak egiteko. Hezurrezko tresnak asmatu gabe zeuden oraindik. Zurezkoak, ostera, hasita zeuden erabiltzen.

Portaera Sinbolikoak

Euskal Herrian ez bada ere, Neanderthalen ehorzketa batzuk ezagutzen ditugu jada, nahiz eta lehenengo errituak baino ez izan. Oraindik ez dago benetako arterik.

Hiztegia

 Neanderthal : Garai horretako gizakia. Gugandik oso hurbil zegoen fisikoki, nahiz eta dezente sendoagoa eta aurpegiera desberdinekoa izan. Erdi Paleolitoaren amaieran desagertu zen, bat-batean.

 Harpea: Harri edo haitz azpian sortutako aterpe naturala. Nahiz eta txikia izan, Historiaurreko aro epeletan kobazuloak baino gehiagotan erabiltzen ziren bizigunetzat.

 Punta : Iritsi zaizkigunak harrizko lanabesak dira; hala ere, seguru asko, hezurrez edo zuraz ere egin ziren. Harrizko tresna hau egiteko, printza luzetxo bana lantzen zen alde bietan, muturrean punta zorrotza utziz. Ehizarako erabiltzen zelakoan gaude.

 Karraskagailua : Puntaren antzeko tresna, baina gehiegi zorroztu gabea. Uste da larruaren prestakuntzan (garbitu eta fintzeko lanak) ezinbesteko tresna zela.

 Hortza : Harrizko tresna bat, sorbatzean koskak zituena. Aho berean kamerrak lantzen ziren, tresnari zerra itxura emateko. Zuraren lanketari lotzen zaizkio hortzak.

 Bisontea : Europan ia desagertuta dagoen bobido handia (gaur egun, bisonte europarrak zoologiko batzuetan bakarrik ikus daitezke). Animalia heldu batzuek 600 kilo baino gehiago izaten zituzten, eta ondorioz, horien ehiza arriskutsua baina etekin handikoa izaten zen beti Historiaurrean.

 Mustier aldia : Europan Erdi Paleolitoan garatu zen kultura. Horrela, bada, kronologia eta kultura kontzeptu paraleloak dira.

 Levallois teknika : Erdi Paleolitoan edo Mustier aldian harria lantzeko erabilitako teknika. Levallois teknikaren bidez printza bereziak eskuratzen ziren, aldez aurretik nahi zen tamaina eta erakoak; adibidez, Levallois izeneko puntak egin zitezkeen. Hori lortzeko, suharrizko muina edo nukleoa arreta handiz lantzen zen, gero printzak ia zuzenean erabili ahal izateko.

Aroa: Goi Paleolitoa

Kronologia

Gutxi gorabehera, 35.000/10.000 B. P.

Gizakia

Une honetatik aurrera gure moduko gizakia aurki dezakegu, Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon delakoa, alegia (gu ere Cro-Magnon gizakiak gara).

Janzkera

Denetariko landare zuntzak (belarrak, lastoak, azala, hostoak) erabiltzen zituzten. Dena den, oinarrizko lehengaia larrua izango zen oraindik; jantziak, josiak (jostorratza Solutre aldian asmatu zen) eta botoi oso sinpledunak, nahi izanez gero. Oinetakoei buruz ezer gutxi esan daiteke, baina, seguru asko, abarketen itxurako zerbait erabiliko zuten.

Asentamenduak

Atari zabalean edo harpeetan (gutxiago) kokatzen ziren, eta, batez ere, kobazulo nahiko itxiak aukeratzen zituzten: atarian, lana egiten zuten; barrurago, lo; eta labar artearen adierazpenetarako, are barrurago sartzen ziren. Taldeak 15-20 lagun inguruk osatzen zituzten.

Aztarnategi Garrantzitsuenak

Labeko Koba, Ekain, Urtiaga, Ermittia, Erralla, Amalda, Aitzbitarte.

Polvorin, Santimamiñe, Antoliñako Koba, Bolinkoba, Arenatza, Lumentxa.

Abauntz, Berroberria, Hego Mugarduia, Koskobilo, Legintxiki.

Le Basté, Lezia, Isturitz, Gatzarria.

 Isturitz (Donamartiri, Nafarroa Beherea) : Zalantzarik gabe, Euskal Herrian dagoen aztarnategi arkeologiko garrantzitsuena dugu. Hainbat txandatan eta hainbat ikertzailek indusia, batez ere, XX. mendearen lehen erdian. Denetarikoak dauden arren, bereziki garrantzitsuak dira Gravette eta Madeleine aldiko mailak.

 Gatzarria (Zühara, Zuberoa) : G. Laplacek 50eko hamarkadan indusi zuen, batez ere, lehen Goi Paleolitoko maila oso aberatsa duen aztarnategi hau (Castelperron, Protoaurignac, Aurignac eta Gravette aldiak).

 Koskobilo (Olazti, Nafarroa) : 40ko hamarkadan eta Olaztiko harrobiaren eraginez suntsituriko aztarnategia; berreskuratutako materialen arabera, bereziki interesgarria.

 Bolinkoba (Abadiño, Bizkaia) : Aranzadi eta Barandiaranen zuzendaritzapean 30eko urteetan indusitako haitzuloa. Gravette, Solutre eta Madeleine aldiko oso maila aberatsak izateagatik du, batez ere, garrantzia.

 Labeko Koba (Arrasate, Gipuzkoa) : 1987 eta 1989 bitartean A. Arrizabalagaren zuzendaritzapean berreskuratutako aztarnategia, Arrasateko saihesbidearen lanen ondorioz kobazuloa txikitu aurretik. Maila aipagarrienak lehen Goi Paleolitokoak dira, Protoaurignac eta Aurignac aldikoak, batez ere.

 Ekain (Deba, Gipuzkoa) : Santimamiñen bezala, labar artearen adierazpen garrantzitsuak topatu dira Ekainen, Madeleine aldikoak horiek ere. Haitzuloaren atakan zegoen aztarnategia Altuna eta Barandiaranek zuzendutako ikertaldeak arakatu zuen, 1968 eta 1974 bitartean.

 Urtiaga (Deba, Gipuzkoa) : Beste indusketa klasikoetako bat dugu hau. 1936an, Aranzadik eta Barandiaranek bertan behera utzi behar izan zituzten bertako landa lanak, eta ez zuten berriro inoiz ere elkarrekin topo egin. Barandiaran 1953an itzuli zen, Iparraldetik bueltan zetorrela. Beste batzuen artean, Madeleine aldiko geruzak dira aipagarrienak.

 Aitzbitarte (Errenteria, Gipuzkoa) : Errenteriako Landarbason dagoen Aitzbitarte muinoan bost kobazulo daude; tartean, III. a eta IV. a, eduki arkeologikodunak. Aitzbitarte IVko indusketa gehienak kontrolik gabe garatu ziren ia 1960ra arte; alegia, Barandiaranek lehenengo ikerkuntza zientifikoa egin aurretik. Bestalde, 1986tik, Gravette eta Solutre aldiko oso maila aberatsak dituen haitzulo bat, Aitzbitarte III izenekoa, industen ari dira Altunaren zuzendaritzapean.

Klimatologia

Epe honetan, Pleistozenoko garai klimatiko hotzenak bizi izan ziren. Itsasoa egun baino 120 metro beherago egotera iritsi zen, polo eta glaziarretan metatzen zelako lurrean dagoen uraren zati handi bat.

Fauna eta Landaredia

Fauna eta landaredia Behe eta Erdi Paleolitoan deskribatutakoaren oso antzekoak ziren. Hortaz, garai hotzetan mamuta, iledun errinozeroa, elurretako erbia, jatuna eta antzekoak topa zitezkeen animalien artean, eta zuhaitzen artean, koniferoak, batez ere. Garai epeletan, berriz, egun ezagutzen ditugun animali eta landare espezieak zeuden: baso hostogalkorren hedapena azpimarratu behar da. Animalien artean, oreina, orkatza, zaldia, basurdea eta felido gehienak ziren nagusi.

Ekonomia

Harrapariak ziren, baina espezializatuak eta sistema orekatuan. Urtez urte, urtaroz urtaro eta, seguru asko, hilabetez hilabete, bilketa, arrantza eta ehiza planifikatuak egiten zituzten. Ez zuten goserik pasatzen. Txakurra etxekotu egin zen, ehizan laguntzaile erabiltzeko.

Garapen Teknikoa

Oso handia, bai harrizko, bai hezurrezko, bai bestelako tresnerian. Harrizko tresneriaren barruan, anizte prozesua gertatu zen, eta tresnak gero eta txikiagoak eta luzeagoak ziren (prozesu horri, Leptolitizazioa esaten zaio). Gehien hedatu ziren harrizko tresnen artean, zizela, karraskagailua, zulagailua eta bizkar zanpatudun xafla edo punta dugu. Hezurrezko tresneriaren barruan, berriz, hagaxkak, azagaiak, jostorratzak (Solutre alditik aurrera) edo arrankaziak (Madeleine aldian) hartu behar dira kontuan. Zintzilikariak, botoiak, etab. egiten zituzten.

Portaera Sinbolikoak

Bai hilobiratzeek, bai labar arteak eta bai arte higikorrak proiekzio handia izan zuten. Musikaren zantzuak ditugu (txirulak, Isturitzen), eta baliteke dantzan ere egitea.

Hiztegia

 Arrankazia : Arrantzarako (eta, seguru asko, ehizarako ere bai) erabilitako adarrezko tresna; hortzak zituen, ilara bakar batean edo bikoitzean. Oso esanguratsuak izan ziren Madeleine aldiaren barruko aldiak bereizteko.

 Azagaia : Adar edo hezurrez prestaturiko lantza punta; oso esanguratsua izaten da mailari dagokion kronologia ongi zehazteko.

 Marruska : Ertz biribila duen harrizko tresna, gehienbat larrua lantzeko erabilia, analisi funtzionalen arabera.

 Zizela : Egun metalez egiten diren zulakaitz edo zizelen formakoa, muturrean diedro bat zuena. Diedro hori harriak edo hezurrak grabatzeko erabiltzen zen, baita ebaki sakonak egiteko ere.

 Bizkar zanpatudun xafla : Harrizko tresna konposatuak egiteko lantzen zen xafla edo. Albo batean aho zorrotza uzten zen, eta bestea landu, ahoa kentzeko ukitu malkartsuen bidez. Xaflak bi egur zatiren artean muntatzen ziren, edo, bestela, adarrezko hagaxkatan sartuta.

 Labar artea : Normalean, kobazuloetan (baten batzuk harpeetan edo atari zabalean) margotu edo grabatzen ziren irudiak, mugi ezin zitezkeenak. Teknika, gaia eta kronologia aldetik oso adibide konplexuak ikusten dira munduan zehar.

 Arte higikorra: Kasu honetan, euskarria higikorra da. Horren ondorioz, adierazpen horiek geruza arkeologikoen barruan berreskuratzen dira, eta zuzenean datatu daitezke.

 Cro-Magnon gizakia : Gure moduko gizaki mota, Goi Paleolitoarekin batera mundu osoan nagusitu zena. Azken 40. 000 edo 30. 000 urteotan, munduan geratu den gizaki espezie bakarra.

 Goi Paleolitoa: Kronologia absolutua sinplifikatuta agertzen bada ere, erlatiboa askoz konplexuagoa da. Goi Paleolitoan hainbat kultura bereizten dira; garrantzitsuenak, elkarren segidakoak, Castelperron, Aurignac, Gravette, Solutre eta Madeleine aldiak dira.

Aroa: Epipaleolitoa

Kronologia

10.500/6.000 B. P.

Gizakia

Gure modukoa, Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon gizakia.

Janzkera

Denetariko landare zuntzak (belarrak, lastoak, azala, hostoak). Oinarrizko lehengaia larrua izango zen oraindik, josia eta botoiduna. Oinetakoei buruz ezer gutxi esan daiteke; seguru asko, abarketen itxurako zerbait erabiliko zuten. Landare baliabideak ugaldu ziren janzkeran, hobekuntza klimatikoa zela medio eta horri dagokion basoaren hedapenaren ondorioz.

Asentamenduak

Hobekuntza klimatikoa zela bide, pixkanaka-pixkanaka kobazuloak baztertu egin ziren bizigune gisa. Epipaleolitoak aurrera egin ahala (Azil aldia, Epipaleolito laminarra, Epipaleolito geometrikoa), argiago ikusten da hori. Epipaleolito geometrikoan jada, aztarnategi tipikoenak atari zabaleko kanpalekuetan eta harpeetan zeuden. Hobekuntza klimatikoaren ondorioz, halaber, Euskal Herriko lurralde guztietan bizitzeko aukera zegoen Epipaleolitoa bukatzerakoan, altuerak ez baitzuen inolako eragozpenik sortzen.

Aztarnategi Garrantzitsuenak

Antton Koba, Urtiaga, Ermittia, Marizulo, San Esteban, Ekain.

Arenatza, Urratxa III, Santimamiñe, Lumentxa, Santa Catalina.

Montico de Charratu, Atxoste, Mendandia, Fuente Hoz, Socuevas.

Aizpea, Padre Areso, Zatoia, La Peña, Berroberria, Abauntz.

Isturitz.

 Antton Koba (Oñati, Gipuzkoa): A. Armendarizen zuzendaritzapean indusitako kobazulo honetan, Historiaurre berantiarreko geruza sorta luzea dago (tartean, Azil aldiko maila aberats bat ere bai).

 Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia ): Hainbat urtetan, Hego Euskal Herrian indusitako aztarnategi garrantzitsuena izan da, eta oraindik ere balio sinboliko berezia dauka. Indusketa ekinaldi trinkoenak Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek osatutako hirukoteak zuzendu zuen, 1918 eta 1926 bitartean. Euskal Herriko Epipaleolitoaz hitz egitean, bertako IV. eta V. mailak aipatzen dira (Azil aldikoa eta Mesolitikoa).

 Fuente Hoz (Anuzita, Araba): Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetarikoa dugu Fuente Hoz. Bertan, 1981 eta 1986 bitartean egin ziren indusketak, A. Valdeonen zuzendaritzapean. Epipaleolito eta Neolito bitarteko sekuentzia luzea erakusten du.

 Zatoia (Abaurregaina, Nafarroa): I. Barandiaranek egin zituen aztarnategi honetako indusketa ekinaldiak. Esan beharra dago, gainera, Pirinio inguruan egoteak garrantzi berezia duela. Antzinatasun handiko Azil aldia topatu zen bertan.

Klimatologia

Epipaleolitoarekin, Pleistozenoa bukatu zen eta Holozenoa hasi. Klima zeharo epeldu zen; hasieran, hezetasun handiagoa zegoen, baina hurrengo alditik aurrera, egungo egoerara hurbildu zen, gero eta gehiago.

Fauna eta Landaredia

Landaredian, arbola hostogalkorrek (hurritza eta haritza) kolonizatu zituzten Goi Paleolitoko aldi hotzetan argitutako baso azalera handiak. Animalien artean, basurdea, orkatza, basakatua eta katamotza dira epelaldiaren erakusle; aldi berean, Pleistozenoaren fauna hotza (elur oreina, errinozeroa, mamuta, etab. ) desagertu egin ziren guztiz.

Ekonomia

Egokitzapen garaia zen, ungulatu handi askok epeltzearekin desagertu edo lekualdatu egin behar zutelako. Aurreko sistematizazioari eutsi zitzaion, baina landare eta animali espezie berrietara egokituta. Itsaski bilketa, arrantza eta landare produktuen bilketa ugaldu egin ziren, eta, beraz, aniztasun handiagoa sortu zen elikagai iturrietan. Behar izanez gero, landare eta onddoetatik botikak ateratzen zituzten, ohiko medikuntzak erakusten duen modura.

Garapen Teknikoa

Beherakada nabaritu zen hezurrezko tresneriaren erabileran; harrizkoa, bestalde, egokitu egin zen leptolitizazio prozesuan (ijezte eta txikitze prozesua). Geometriko txikiekin, tresna konposatuak ugaritu egin ziren garai honetan. Garrantzi berezia hartu zuten hortzek. Europako Epipaleolitoko egurrezko tresna ugari ezagutzen dira, leku askotan kontserbatu direlako. Tartean, amuak, arrankaziak, hagaxkak, etab. aurkitu dira.

Portaera Sinbolikoak

Labar artea desagertu egin zen, eta arte higikorra ere, ia-ia. Hobiratzeetan, berriz, aurrerakada handia gertatu zen; Euskal Herriko lehenengoak une honetakoak dira (banakakoak izaten ziren). Horren ondorioz, beste munduaren erlijio sinesmena sumatzen da jada.

Hiztegia

 Epipaleolitoa: Horren barnean, azpizatiketa bat onartzen da Euskal Herrirako. Bertan, Azil aldia eta Azil ondoko Epipaleolitoa (laminarra eta geometrikoa) elkarren segidan doaz. Batzuetan, azpialdi horien ondoren, Mesolitoaz hitz egiten da.

 Holozenoa : Koaternarioa (Geologiaren azken aldia) Pleistozeno eta Holozeno bitartean azpisailkatzen da. Paleolito osoa Pleistozenoan zehar garatu zen, eta izozte aroak izan zituen. Azken izozte aroa amaitu eta egungo klimara hurbildu ahala, Holozenoan gaude.

 Egokitzapen ekologikoak : Arestian aipaturiko aldakuntza klimatikoaren ondorioz, faunan, landaredian eta paisaian eraldaketa sakonak gertatu ziren. Hori guztia zela eta, gizakiak egokitu egin behar izan zuen, behar zituen baliabide eta elikagaiak eskuratzeko.

 Geometrikoa: Harrizko tresna bat, morfologikoki geometrikoa (gehienak, triangeluak, trapezioak edo zirkuluaren segmentuak). Hausturak egiten dira xaflatxo baten alde bietara, nahi den erako lanabesa ateratzeko. Tresna handiago konposatuen zatiak direlakoan gaude.

 Itsaski bilketa : Itsas ertzeko baliabideen bilketa (bereziki, elikagaiak, moluskuak). Azken Madeleine alditik aurrera ekonomia praktika hori areagotu egin zen, eta garrantzi handia izan zuen Epipaleolito osoan eta Neolitoaren hasieran.

Aroa: Neolitoa

Kronologia

6.000/4.500 B. P.

Gizakia

Gure modukoa, Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon gizakia.

Janzkera

Denetariko landare zuntzak (belarrak, lastoak, azala, hostoak), eta, tartean, lehenengo ehunak (lihozkoak). Larruak lehentasuna galdu zuen, baina oraindik ez zen artilea erabiltzen. Jantziak josiak eta botoidunak izaten ziren. Oinetako gisa, landare zuntzez eginiko abarketen itxurako zerbait erabiltzen zuten (Kordoban eta Malagan aurkitu dira).

Asentamenduak

Garai honetatik aurrera, gero eta gutxiagotan aukeratu izan zen kobazuloa bizi izateko. Harpeak, eta, batez ere, atari zabaleko kanpamenduak nagusitu ziren. Kanpamendu horiek sasibiltariak ziren oraindik, nahiz eta eraikuntzak egiteko lehengaietan beste ohitura batzuk hartu (buztina eta pezoa erabiltzen hasi ziren). Lehendabiziko aldiz, etxola hitzak egun ulertzen dugun modura zeukan zentzua giza taldeetan. Euskal Herrian, aztarnategi gehienak hegoaldeko lurraldeetan daude.

Aztarnategi Garrantzitsuenak

Arenatza, Santimamiñe, Kobeaga, Kobaederra.

Herriko Barra, Marizulo.

Peña Larga, Fuente Hoz, Mendandia, Atxoste, Montico de Charratu, La Renke.

Los Cascajos, Abauntz, Zatoia, Padre Areso, La Peña.

Mouligna.

 Herriko Barra (Zarautz, Gipuzkoa): 1989an, J. Mujikaren zuzendaritzapean, premiazko indusketa bat egin zen, Neolito garaian hondartza izan zen tokitik gertu. Herriko Barran aurkitu zen egun daukagun Euskal Herriko nekazaritzaren aztarnarik zaharrena (duela 6. 000 urtekoa); dena den, ehizara joateko kanpamendu nagusia ere bazen.

 Kobaederra (Kortezubi, Bizkaia): Bizkaiko Neolitoaren azterketan azken urteotan egin den aurkikuntza berri garrantzitsua. Nekazaritzako eta abelazkuntzako jardueren aztarnak topatu dira koba honetan. J. E. Gonzalez, J. J. Ibañez eta L. Zapataren zuzendaritzapean indusi zen.

 Peña Larga (Kripan, Araba): 1985 eta 1989 bitartean J. Fernandez Erasok indusitako harpe hau beste leku klasiko batetik, Los Husos delakotik, hurbil dago. Bertako maila interesgarriena Lehen Neolitokoa da, etxe abereak eta era kardialean apaindutako zeramikak dituena.

 Los Cascajos (Urantzia, Nafarroa): Azken urte hauetako aurkikuntza dugu, J. Sesmak eta J. Garciak topatua. Neolito beteko bizilagunak ziren Los Cascajosko herrixkakoak, ekoizpen ekonomiaren jardueretan zeharo sartuak.

Klimatologia

Egungoaren parekoa; agian, hezeagoa Optimum Climatico aldian zehar. Hau bukatutakoan, egungo egoerara hurbiltzen hasi zen klima.

Fauna eta Landaredia

Basoaren hedapenak aurrera jarraitu zuen; bereziki, harizti mistoaren ereduak. Horretaz gain, paisaia egungoaren parekoa zen, eta gure artean ohikoak diren animali eta landare espezie basatiak zeuden. Ekialde Hurbiletik landare eta animali espezie etxekotuak sartu ziren (laboreak edo zituak, landareen artean; eta ahuntz, ardi, behi eta txerriak, abereetan). Txakurra aurreko garaietatik dator (Euskal Herrian, Erralla-n ikusten dugun bezala, Erdi Madeleine alditik, gutxienez).

Ekonomia

Ekoizpen ekonomia sartu zen bete-betean, horrek dituen ondorio guztiekin. Dena den, ekonomia harraparia ez zegoen oraindik erabat baztertuta (aurrera egin zuen, portzentaje txikian bada ere), baina elikagaien hornikuntzan erdia baino gutxiago zetorren iturri horretatik. Inguruaren antropizazioa, edo gizakiak eragindako eraldaketa ekologikoa, nabarmena da hasiera-hasieratik, baina, batez ere, Kalkolitotik aurrera.

Garapen Teknikoa

Teknologia berri bat garatu zen: zeramika. Harria leundu ere egiten zen, batez ere, aizkorak egiteko. Harrizko eta hezurrezko (gutxiago) tresneria erabiltzen zen oraindik. Garapen handia gertatu zen soin apainduran, eta batzuetan, oso urrutitik ekartzen ziren lehengaiak (Mediterraneo itsasoko maskorrak, lignitoa, harri bitxiak, etab. ). Erabilitako lehen metala urrea izan zen, baina ezin daiteke esan benetako metalgintzarik zutenik, ez baitzen metala urtzen, eta urrea mailukatuta soilik lantzen baitzen.

Portaera Sinbolikoak

Aurreko horrez gain, beste bi alderdi ere nabarmendu behar dira: batetik, megalitoen eraikuntza, -trikuharriak, adibidez-, hileta monumentu gisa eta antolakuntza kolektiboaren zeinu gisa; eta bestetik, talde ehorzketak eta horiei loturiko erritu berriak.

Hiztegia

 Neolitoa : Honen barnean Neolito zaharra (zeramika era kardialean inprimatua) eta Neolito betea edo garatua bereizten dugu.

 Harri leunduzko aizkora : Leunketaren teknikaren bitartez (teknika hori Neolitoan sortu zen, eta horrek eman zion Aroari izena: Neo-lithos edo "harri berria") landutako aizkora, garaiko lanetan oso lagungarria. Hain zuzen, Holozenoko hobekuntza klimatikoa zela medio hedaturiko basoa bota egin behar zen, larreak eta baratzeak jartzeko erabili behar zituztelako lur berriak. Gehienetan, sumendi harriak erabiltzen zituzten harri leunduzko tresnak egiteko, suharria baino egokiagoak zirelakoan. Harri totxoa moztu ondoren, leundu egiten zen horren sorbatza.

 Zituak : Edo laboreak, Cerealia familiako etxekotutako espezie berriak. Gure artean eta Neolitoan jasotakoetatik, garia eta garagarra dira garrantzitsuenak; denak Ekialde Hurbiletik iritsi zitzaizkigun. Geroago, beste batzuk etorri ziren, artoa edo arroza, esaterako. Lehenengo laborantza teknikak oso xumeak ziren, baina baita oso makalak ere (makila zulatzaile batez eginiko zulotxoan hazia bota, eta, laborearen buruxka agertu ostean, zaindu egiten zen uztaroa heldu artean).

 Zeramika : Neolitoan asmatutako beste teknika bat, likidoak garraiatzeko eta elikagaiak su gainean prestatzeko eta gordetzeko urte sasoi desberdinetan. Ura, buztina eta deskoipeztatzaileak (harritxoak, hondarrak, hezurtxoak, etab. ) nahasiz ore bat prestatzen zuten, eta, nahi zen era eta tamaina eman ondoren, labean egosten zuten, gogortu arte.

 Harizti mistoa : Epeltze garai hezeetan maiz agertzen den baso hostogalkor mota bat. Bertan, haritzak garrantzi berezia zuen, lizarrarekin eta zumarrarekin batera.

 Ekoizpen ekonomia : Animalia edo landare basatien etxekotzea gertatzen denetik, ekoizpen ekonomiaz hitz egiten dugu. Ordutik aurrera, gizakia ez zen baliatu inguruak ematen zituen baliabideez soilik; bera arduratu zen baliabide (eta elikagai) berrien sorkuntzaz.

 Megalitoa : Harri handiez eraikitako egitura erraldoia. Gehienak historiaurrekoak izaten dira -alegia, Neolitotik aurrerakoak-, eta hileta eraikintzat erabiltzen ziren, talde ehorzketak egiteko.

 Antropizazioa : Gizakiaren eraginez ingurumenean gertatzen diren eraldaketak; batzuetan, oso xumeak izanik ere (baso bat botatzea, adibidez), garrantzi handiko ondorioak dituzte ingurunean.

 Ahuntz eta ardi aziendak : Kanpotik (Ekialde Hurbiletik) iritsitako ahuntz eta ardi etxekotuek osatzen dute talde hau. Sarritan, hezurrak bakarrik aurkitzen ditugunean (aztarnategi arkeologikoan, kasu), horien arteko bereizketa nahiko zaila izaten da.

 Trikuharria: Euskal Herrian zabalkunde handiena izan duen megalitoa. Ganbera bat egiten zuten, gutxienez bi harlauza bertikalen gainean beste bat horizontalki jarriz; gero, egitura hori tumulu batez estaltzen zen. Ganbera horiek oso konplexuak izatera irits zitezkeen; askotan, sarbidea ere izateraino.

 Talde ehorzketa: Ehorzketa errituen artean, talde ehorzketak ditugu; horiek trikuharri nahiz hipogeoetan (lur azpian eraikitakoak, Vianako Longarrekoa, adibidez) edo ehorzketa kobazuloetan egiten ziren. Taldekide bat hil ostean, gorpua eremu horietan hobiratzen zen. Hilotza azalean uzten zuten, eta aldamenean hatu apal bat jartzen zioten.

Aroa: Kalkolitoa

Kronologia

4.500/3.800 B. P.

Gizakia

Gure modukoa, Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon gizakia.

Janzkera

Denetariko landare zuntzak (belarrak, lastoak, azala, hostoak), eta, tartean, lehenengo ehunak (lihozkoak), larruak eta denetariko animali zuntzak. Artilezko jantziak ere izan ziren hemendik aurrera, josiak eta botoidunak. Lehengai horiekin, denetariko oinetakoak egiten zituzten.

Asentamenduak

Lehenengo herrixkak agertu ziren, oraindik gotortu gabeak, baina guztiz finkoak. Bertan, 6-8 etxola egon zitezkeen; oraindik ez zituzten egitura handiegiak eraikitzen, baina antolamendua zeukaten. Erreketatik gertu egoten ziren, zirkulua eratuz. Kokalekuak zein ziren oso ongi ez dakigun arren, badirudi Euskal Herriko bazter guztietan sakabanatuta zeudela. Ehorzketa kobazuloak eta azken trikuharriak, berriz, askoz hobeto ezagutzen ditugu. Horiek, ehorzteko ez ezik, bizitzeko ere erabiltzen ziren sarri. Garaiko etxeak egitura konplexuak hartzen hasi ziren; hormak egurrezko egiturak erabilita gorpuzteari ekin zioten (hurritzaren adarrak su gainean zuzenduta, adibidez).

Aztarnategi Garrantzitsuenak

Ilso Betaio, Santimamiñe, Pico Ramos.

Amalda, Urtao II, Antton Koba, Urtiaga.

La Renke, Gobaederra, Peña Larga, San Juan ante Portam Latinam, Los Husos.

La Peña, Longar, Padre Areso, Zatoia.

Ilbarritz, Haristoi.

 Urtao II (Oñati, Gipuzkoa): Orkatzategi mendiaren maldan dago A. Armendarizek indusitako ehorzketa kobazulo hau. Bertan, kobrezko mihi sastakai bi aurkitu ziren, beste hainbat objekturen artean.

 Ilso Betaio (Alen, Bizkaia): Euskal Herrian ezagutzen dugun atari zabaleko kanpamendu gutxi horietako bat dugu Ilso Betaio. Gorrotxategi eta Yarrituren ardurapean indusi zen, 80ko hamarkadan, eta oso aberatsa suertatu zen.

 Pico Ramos (Muskiz, Bizkaia): Kostaldetik gertu eta Barbadun ibaiaren gainean, Pico Ramos izeneko kobazuloan, ehorzketa konplexua aurkitu da, oso hatu aberatsekoa. Duela urte gutxi indusi zen, L. Zapataren zuzendaritzapean.

 San Juan ante Portam Latinam (Laguardia, Araba): 1985ean aurkitu zen harpe azpiko ehorzketa zulo hau. Bertan, 400etik gora hildakoren gorpuak lurperatu ziren, beren hatuekin. Leku honetan aurkitu den elementurik deigarriena gizakien arteko gatazka baten zantzuak dira: hezurren artean, harrizko gezi puntak aurkitu dira.

 Longar (Viana, Nafarroa): J. Armendarizek eta S. Irigarayk indusi zuten hipogeo hau megalito mota bitxia da Euskal Herrirako. San Juanen aurkitutakoen antzeko borroka aztarnak topatu ziren hemen ere.

Klimatologia

Egungoaren parekoa.

Fauna eta Landaredia

Egungoaren parekoa, landare eta animali espezie etxekotuak (laboreak, ahuntzak, ardiak, behiak eta txerriak) eta basatiak barne. Lehortze prozesuak gertatzen hasi ziren Atlantiko aldia bukatu zenetik. Aldi honetatik aurrera, gizakiaren eragina oso nabarmena izan zen.

Ekonomia

Ekoizpen ekonomia Euskal Herri osoko talde guztietara hedatu zen, eta ondorioz, oso eragin gogorra izan zuen ingurune fisikoan. Bai nolakotasunari begira, bai kopuruari begira, oso jarduera garrantzitsua zen, nahiz eta ingurune naturalaren erabilpena eta baliabide basatien ustiakuntza oraindik egiten zen. Hedapen horretan, badirudi goldearen asmakuntzak zeresan handia izan zuela.

Garapen Teknikoa

Zeramika, harriaren leunketa eta harrizko eta hezurrezko (gutxiago) tresneriak erabiltzen jarraitzen zuten. Zeramikan, ezkila formako zeramika estiloa da bereziki aipagarria. Neolitoko soin apaindurarekiko joerak iraun egin zuen, eta batzuetan oso urrutitik ekartzen ziren lehengaiak (Mediterraneo itsasoko maskorrak, anbarra, lignitoa, harri exotikoak, etab. ). Benetako lehen metalgintza kobrearen erredukzio eta urketarekin hasi zela esan daiteke. Halere, oraindik oso gutxi erabiltzen zen metala Kalkolitoan zehar. Metalgintza meategian abiatu zen, eta bai erredukziorako bai urketarako labeak erabiltzea eskatzen zuen. Harrizko tresnerian, ukitu lauko tresnak egiten hasi ziren berriro, eta, tartean, hegal eta kirtendun gezi puntak ziren bereziki ugariak. Igitai aleak (horztun xafla txikiak) erabiliz, igitaiak egiten zituzten.

Portaera Sinbolikoak

Neolitoarekin lotura dagoela ikusten da, bai trikuharrien eraikuntza eta berrerabilpenagatik, bai ehorzketa kolektiboak egiten zituztelako. Antolakuntza soziala ordurako garatuta zegoela esan dezakegu; izan ere, haien funtzionamenduaren eta izaten zituzten gatazken informazioa jaso da (Laguardiako San Juan ante Portam Latinam eta Vianako Longar izeneko aztarnategietan, borroka zantzuak aurkitu dira: suharrizko gezi puntak gizakien gorpuen barruan).

Hiztegia

 Kalkolitoa: Ohiko sailkapenaren barruan, ezkila formako zeramikaren agerpenaren aurreko eta ondorengo faseak bereizten dira.

 Goldea: Europaren ekialdetik etorri zen asmakuntza teknikoa, makila zulatzailearen erabilpenaren ondoan egundoko abantailak ekarri zituena; besteak beste, lurzoruaren osagai kimikoak eta oxigeno edukia hobeto berreskuratzea.

 Metalgintza: Aurrerakuntza honi esker, tresnak egitean neurri eta morfologia aldetik zituen muga guztietatik askatu zen gizakia; hau da, lehengaiaren kopurua zen oztopo bakarra. Ondorioz, nahiko teknika konplexuak garatu eta hobetu ziren, meatik metalezko azken objektura bitarteko prozesua osatzeko.

 Ezkila formako zeramika: Zeramika apaintzeko Kalkolito betetik aurrera hedatu zen teknika; gai geometrikoak xingola horizontal eta paraleloetan sartzean zetzan. Apaingaiak txandakatu egiten ziren, eta egitura zehatzak osatzen ziren. Lehenengoz topatu ziren mota honetako zeramikak ezkila edo kanpai formakoak zirelako eman zitzaion izen hori.

 Hegal eta kirtendun gezi punta: Normalean suharriz lantzen ziren arkuetarako gezi puntak. Solutre aldian modan zegoen ukitu leuna erabiliz, gezi punta hostokara oso txikiak prestatzen zituzten. Denborarekin, alde bietara hegalak eta oinaldean kirtena zutela egiten hasi ziren, ondorengo garaietan ezagutu ditugun metalezko gezi punten antzera.

 Igitaia: Euskal Herriko aztarnategien arabera, oraindik ez ziren metalezkoak egiten, harrizkoak baizik. Horztun xaflatxoak bi egurren artean sartzen ziren, ertz biribil eta ahurra lortu arte. Gero, dena lotu eta itsatsi egiten zen, erretxinaz.

 Anbarra: Gizakiak Lehen Goi Paleolitotik erabili zuen anbarra, apaintzeko. Neolitotik aurrera, -bereziki, Kalkolitoan-, berpiztu ziren horrelako lehengai exotikoen truke sareak, zintzilikariak eta bestelako apaingaiak egiteko.

Aroa: Brontze Aroa

Kronologia

3.800/2.800 B. P.

Gizakia

Gure modukoa, Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon gizakia.

Janzkera

Denetariko landare zuntzak (belarrak, lastoak, azala, hostoak), eta, tartean, ehunak (lihozkoak), larruak eta denetariko animali zuntzak. Artilezko jantziak ere bazeuden, josiak eta botoidunak, baita denetariko oinetakoak ere. Fibulak erabiltzen ziren jantziak lotzeko, erromatarren filmetan ikustera ohituta gaudenez.

Asentamenduak

Herrixkak handitu (hogei etxebizitza edo gehiago) eta gotortu egin ziren. Ibai gainetan, leku garaiak aukeratzen zituzten batik bat, asentamenduak egiteko. Joera hori Burdin Aroan sendotu zen. Dena den, kobazuloak ere maiz erabiltzen ziren oraindik. Euskal Herriko banaketa oso anitza zen, eta badirudi sendotu egin zela Euskal Herri lehorrarekiko zaletasuna, lurralde hezeetan gutxiago topatu izan baitira. Gehienbat, kobazuloetan agertutako asentamenduetan edo gero Burdin Aroan iraun zuten hirixken beheko mailetan aurkitu dira aztarnategiak.

Aztarnategi Garrantzitsuenak

Monte Aguilar, Puy de Aguila, La Peña, Alto de la Cruz.

Iruaxpe III, Gaztelu Arro IV, Buruntza.

Arenatza, Lumentxa, Santimamiñe, Peña Forua.

Los Goros, Los Husos, La Hoya, Pago de Eskide.

Grotte du Phare.

 Monte Aguilar (Errege Bardea, Nafarroa): Bardean topatutako herrixka hau da Euskal Herrian ezagutzen dugun Erdi Brontze Aroko gutxietariko bat. J. Sesmak indusi zuen, 90eko hamarkadako lehenengo urteetan.

 Los Husos (Bilar, Araba): J. M. Apellaniz (1967-1971) eta J. Fernandez Erasok (2000tik aurrera) indusitako leku klasikoa. Apellanizek aztarnategi sinboliko edo eredugarritzat sartu zuen Los Husos, bere doktoretza tesian.

 La Hoya (Laguardia, Araba): Herrixka honen lehenengo mailetan, Erdi eta Azken Brontze Aroko mailak aurkitu ziren. Burdin Aroko beste hainbat herrixkatan gertatzen den antzera, asentamendu jarraitua izan zela ikusten da, eta ondoren, I. eta II. Burdin Aroko maila oso aberatsak ditugu.

Klimatologia

Egungoaren parekoa.

Fauna eta Landaredia

Egungoaren parekoa, landare eta animali espezie etxekotu (laboreak, ahuntzak, ardiak, behiak eta txerriak) eta basatiak barne hartuta. Horiei etxeko zaldia eta lekadunak batu zitzaizkien. Azterketa guztien arabera, gizakiaren presio antropikoaren ondoriozko paisaiaren eraldaketa oso sakona izan zen, batez ere, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan, han aspalditik baitzeuden herrixkak.

Ekonomia

Ekoizpen ekonomia zen nagusi, bai hedaduraz, bai intentsitatez. Ekonomia harrapariaren ekarpena (aparteko elikagaiak lortzeko) %10 inguru zen, eta hortxe iraun zuen Historiaurre osoan. Gurpilaren eta gurdiaren asmakuntzak laguntza handia izan ziren nekazaritza lanetarako. Ongarrien erabilpenak (bai ongarri organikoak, bai karea erabiltzeak) hobetu egin zituen etekinak.

Garapen Teknikoa

Metalgintzan, brontzearen nahastura garatu zen. Gero eta tresna konplexuagoak prestatzen ziren, eta metalgintzako teknikak inportatzen hasi ziren, beste eremu batzuetan egiten zituzten objektuak egiteko. Aurreko garaietako tradizio teknikoek jarraipena izan zuten (tartean, erredukzioa, mea eta metala bereizteko); hala ere, gero eta konplexuagoak ziren, eta, alde horretatik, zeramikak, harlanduzko tresnak eta suharriz egindako gezi puntak aurkitu ditugu garaiko aztarnategietan. Brontzea agertzeak ez zuen kobrea baztertzea eragin. Baina aurreko aizkora soilen aldean, une honetakoak garatuagoak ziren, kirtenari heltzeko nerbioak eta eraztunak garatu baitzituzten, tresna mota berriak lortzeko (eraztundun aizkorak, adibidez).

Portaera Sinbolikoak

Oraindik ere lurperatu egiten ziren gorpuak, bai ehorzketa haitzuloetan, bai tumuluetan. Errituei buruz ez dakigu askoz gehiago. Azken Brontzean, Ebro arrotik ohitura berriak (eta, seguru asko, jende multzoak) etorri ziren, indoeuroparrekin identifikatu izan direnak, sarritan. Hileta erritu gisa, erretzea eta erraustea izugarri hedatu zen, bai eta errausketa ontzien zelaiak ere, aztarnategi mota berri gisa. Labar artea berpiztu egin zen, irudi eskematiko eta abstraktuen bitartez.

Hiztegia

 Brontze Aroa: Lehen eta Erdi Brontzea apenas ezagutzen dira, leku gutxitan topatu izan baitira horiei buruzko datuak. Azken Brontzeaz, berriz, gehiago dakigu.

 Nahastura : Metalgintza garatzean, eta metal desberdinen ezaugarriak egiaztatzean, gizakia horiek hainbat proportziotan nahasten hasi zen, aukera gehiago aztertzeko. Nahastura edo aleazio horietariko arrakastatsuena brontzearena da: kobreari %8 eta %12 bitarteko proportzioan eztainua nahastean lortzen da. Lortzen den metala aurreko biak baino gogorragoa da, eta errazago urtzen da, urtze puntua (tenperatura) dezente baxuagoa baitu.

 Fibula: Jantzietan erabilitako metalezko tresna. Orratza du, eta tunika erako jantziak ipini ostean lotzeko erabiltzen zen. Brontze Aroaz geroztik dago gure artean.

 Erredukzioa: Mea meategitik atera ondoren, bertatik metala ateratzeko, erredukzioa egin behar da, behin edo gehiagotan. Labe handietan mea eta egur ikatza sartzen dira txandaka. Su eman, eta erredukzioaren eragin fisikoaren (beroa) eta kimikoaren ondorioz, meak metala askatzen du. Labearen ondoan, metal tanta askatuak elkartu egiten dira, eta metal totxoa osatzen dute.

 Tumulua : Megalito mota bat; askotan, beste tankera batzuen osagarria, bestelako egiturak estaltzeko. Harriz, lurrez edo nahastutako harri eta lurrez prestatzen zen muino edo tontortxoa. Horren barnean, lurperatzeak egiten ziren.

 Gurdia : Gurpilaren eta gurdiaren asmakuntzak abantaila garrantzitsuak ekarri zituen Mundu Zaharreko biztanleriarentzat. Gurdia oso lagungarria zen nekazaritza lanetarako, baita arma gisa ere.

 Karea : Kare haitzari edo kareharriari sua emanez, karea askatzen da, eta oso egokia da inguruak garbitzeko. Ohiko bizimoduan -baserrietan, adibidez-, etxeak zuritzeko erabili izan da.

 Eraztundun aizkora : Brontzez eginiko aizkora, kirten batera lotzeko eraztun bat (edo bi) daramana, seguru asko. Aurreko harri leunezko aizkoren ondoan, metalezko aizkorek erraztu egin zuten arbolak botatzeko lana.

Aroa: Burdin Aroa

Kronologia

g. g. b. 2.800 B. P./erromanizazioa.

Gizakia

Gure modukoa, Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon gizakia.

Janzkera

Denetariko landare zuntzak (belarrak, lastoak, azala, hostoak), eta, tartean, ehunak (lihozkoak), larruak eta denetariko animali zuntzak ere bai. Artilezko jantziak ere bazeuden, josiak eta botoidunak. Lehengai horiekin, denetariko oinetakoak egiten zituzten. Jantziak fibulen bidez (gehienak brontzezkoak) lotzen zituzten, bai emakumezkoek bai gizonezkoek. Gizonezkoek burdinazko armak (ezpatak, adibidez) erabiltzen zituzten soinean.

Asentamenduak

Herrixkak are gehiago handitu ziren, ehunetik gora etxebizitza izateraino, eta ia beti gotortuta egoten ziren. Batik bat ibai gainetako leku garaiak aukeratzen zituzten herrixkok kokatzeko. Euskal Herriko sakabanaketa oso askotarikoa zen (80 bat herrixka Araban, 50 Nafarroan, 40 Iparraldean, 15 Bizkaian eta 10en bat Gipuzkoan). Jada, kobazuloak oso gutxitan erabiltzen ziren bizilekutzat. Herrixka guztietan benetako hirigintza antolamendua sumatzen da.

Aztarnategi Garrantzitsuenak

La Hoya, Castros de Lastra, Atxa, Kutzemendi, Arkiz, Castillo de Henayo, Peñas de Oro.

Sansol, Alto de la Cruz, Castellar de Mendavia, Peña del Saco.

Berreaga, Kosnoaga, Malmasin, Gastiburu.

Intxur, Buruntza, Basagain.

Iparraldean gazteluak.

 La Hoya (Laguardia, Araba): Hainbat garaitan (30eko eta 50eko hamarkadetan eta 1973-1989 bitartean) A. Llanosen zuzendaritzapean indusitako herrixka. Egun Euskal Herrian dagoen Burdin Aroko herrixka paradigmatikoa, museo bihurtua. Beste inon baino hobeto ikusten da bertako zeltiberiartzea, edo I. eta II. Burdin Aroen arteko igarobidea.

 Castillo de Henayo (Dulantzi, Araba): Arabako beste leku klasikoetako bat, Ekialdeko Lautadakoa, toki garrantzitsuan kokatua. Muino batean lekututako esparru honetan, ekoizpen ekonomia oso garatuta zegoela ikusi ahal izan da.

 Alto de la Cruz (Cortes, Nafarroa): Aragoirekiko mugan bertan dago J. Maluquer de Motesek eta, hori hil ostean, F. Graciak eta G. Munillak indusitako herrixka hau. Ebro arro osoan balio sinboliko handia dauka, eremu zabalean indusitako Penintsulako lehenengoetarikoa delako.

 Gastiburu (Arratzu, Bizkaia): Beste herrixketatik hurbil dago Gastiburu deritzon lekua; santutegitzat hartu izan da. 90eko hamarkadan indusi zuten, L. Valdesen ardurapean.

 Intxur (Aldaba, Gipuzkoa): Alto de la Cruzen gertatzen zen moduan, Intxurren ere indusketa ekinaldi klasikoak ditugu -J. M. Barandiaranek eginak-, baina beste batzuk X. Peñalverrek bultzatuta egin ziren, 1986 eta 1995 bitartean. Orain dela denbora gutxi arte, hori zen Gipuzkoan ezagutzen genuen Burdin Aroko herrixka bakarra.

Klimatologia

Egungoaren parekoa; nahiko epela, eta lehorragoa Hegoaldean Iparraldean baino.

Fauna eta Landaredia

Egungoaren parekoa, landare eta animali espezie etxekotu (laboreak, ahuntzak, ardiak, behiak eta txerriak) eta basatiak barne. Etxe abereen artean, oiloa ere sartu zen, La Hoyako hirixkan ikusi ahal izan denez.

Ekonomia

Ekoizpen ekonomia zen nagusi, bai hedaduraz, bai intentsitatez. Ekoizpen jarduerak guztiz modernoak ziren, nekazaritza lanen mekanizazioa gertatu arte egin izan ziren modukoak: lekadunak eta zitu edo laboreak txandakatu egiten ziren; ongarriak erabiltzen zituzten; nekazaritzako zikloa osatu egiten zen (gari jotzea eta haizeratzea), haziak pilatu aurretik. Talde historikoen eraginez, txanpona egiten eta erabiltzen hasi ziren.

Garapen Teknikoa

Burdingintza -lantzen oso zaila- garatu zen, era guztietako tresneriaren bidez. Horrek ez du esan nahi aurreko garaietako aurrerapenak baztertu zirenik; alderantziz, Burdin Aroan denak pilatu ziren: harrizko, hezurrezko eta metalezko tresnak, zeramikagintza eta ehungintza. Gainera, zeramikari dagokionez, I. eta II. Burdin Aroen artean (gutxi gorabehera, duela 2. 350 urte) tornua erabiltzen zela jakin da: zeltiberiartzat jotzen zen teknika berri hau onartu zela, beraz.

Portaera Sinbolikoak

Talde indoeuroparrekin batera zabaldu zen errausketaren hileta erritua. Hildakoen gorpuak erre egiten ziren, eta errautsak harrespiletan edo errautsontzietan sartu. Pentsatzekoa da talde berriekin batera erlijio eta portaera berriak etorriko zirela. Idazketa alfabetikoa, esaterako, erromatarrekin (historian gure artean izan dugun lehen taldea) batera -hau da, Burdin Aroaren amaieran- iritsi zen Euskal Herrira.

Hiztegia

 Burdin Aroa: Burdin Aroa aroen aldakuntzaren inguruan bukatu zen, erromatarrak iritsi zirenean, alegia (K. a. II. mendea - K. o. I. mendearen hasiera). Toki batzuetan (Nafarroan, batez ere), Burdin Aroa Historiaurrearen barnean kokatu beharrean, Protohistoria delakoan sartu izan da, Historiaurrearen eta benetako Historiaren artean txertatuta.

 Txanpona : Talde historikoen eraginez, Penintsulako iberiarrek eta zeltiberiarrek txanponak erabiltzeko eta egiteko ohitura hartu zuten. Batez ere, zilarrezko denarioak egiten zituzten (Euskal Herrian, badirudi Barscunes izeneko zeka Iruñaldean zegoela).

 Idazketa : Idazketak bereizten ditu talde prehistorikoak eta historikoak. Arestian aipaturiko txanponetan agertzen diren testuak alde batera utzita, Euskal Herriko lehen idazketa talde erromatartuetan agertu zen, K. a. II. mendetik aurrera, alegia.

 Erromatarrak : Euskal Herrian sartu ziren lehen talde historikoak ditugu. Erromatar Inperioa Euskal Herrian sartzean, legeen, hizkuntzaren eta errituen aldetik kolonizatuta egon ginen ia 500 urtez.

 Hirigintza : Herrixkaren barruan antolamendua ikusten denean esan daiteke hirigintza dagoela. Kontzeptu horretan, zenbait atal sartzen ditugu: azpiegiturak, eraikin komunak, kaleak, etxebizitzen arteko hormak, etab. Euskal Herrian, hirigintza Azken Brontze Arotik aurrera zegoela esan daiteke.

 Errautzontzien zelaia : Azken Brontze Aroan hedatu zen errausketa errituaren hileta praktika. Hildakoen gorpuak erre, eta horien errautsak ontzietan sartzen ziren, hilerrietan lurperatzeko. Indoeuroparrekin hedatu zen ohitura horrek Erromatartze berantera arte iraun zuen.

 Harrespila : Edo mairu baratzea (beste leku batean) megalito mota bat da; Bretainia aldean, cromlech deitzen zaio, eta harrizko monolitoak bertikalki ezarriz zirkuluak egitean datza. Hemengo harrespilek eta Bretainiako cromlechek egitura berbera izan arren, kronologikoki, gure artean askoz geroago agertu ziren (Burdin Aroan eta aro historikoetan). Errausketan bildutako errautsak bertan hilobiratzen ziren, zirkuluaren erdian, alegia.

 Tornuz eginiko zeramika: Gure Historiaurrearen zatirik handienean, eskuz egiten ziren zeramikak. Burdin Aroaren bigarren erdialdean (K. a. 400. urtearen inguruan), berriz, tornuaren erabilpena zabaldu zen, ontzi erregular eta finagoak egin ahal izateko. Horrela bereizten dira, Euskal Herrian, I. eta II. Burdin Aroak.

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana