Itzuli orri osora
Lyon, dastatu beharreko hiria
vie, 28 may 2010 15:45:00 +0200

Frantziako Alpe mendien ondoan aurkitzen da Lyon, Rhône-Alpeak departamenduko hiriburua. K.a. 43 urtean sortu zuten erromatarrek hiria. Lugdunum izena eman zioten hasieran eta Erdi Aroan, Erromako Inperioaren garaian, Galiako hiriburua izan zen. Gaur egun, biztanle gehien dituen hiria da Parisen ondoren; bi milioi pertsona inguru bizi dira Lyonen. 1998an Gizaldiaren Ondare izendatu zuen UNESCO-k Frantziako hiri eder hau.

Aro ezberdinetako arkitektura dago Lyonen ikusgai: Erromanikotik hasi, Gotikoa eta Errenazimentua igaro eta, Barrokora iritsi arte. Aniztasun honetan eragin zuzena izan du hiria zeharkatu eta banatzen duten Rodano eta Saona ibaien ibilbideak. Izan ere, gune eta auzoak bata bestearekin lotzeko, 28 zubi eraiki behar izan dira hirian zehar.

Erromatarren Inperioan zehar altxatu ziren bi eraikin aurkitzen dira hiriko gunerik garaienean. Alde batetik, Grand Théatre izeneko erromatar antzokia, K.a. 15. urtean eraikia izan zen eta egoera onean mantentzen den egungo zaharrena da Frantzia osoan; 10.000 ikuslerentzat tokia duen eraikin honek antzerki saioak, kontzertuak eta opera emanaldiak hartzen ditu oraindik ere. Odeón du izena handik hurbil dagoen bigarren antzoki batek; aurrekoa baino txikiagoa da baina, garrantzia arkitektoniko bera du.

Hiriaren mendebaldean aurkitzen da Fourviére izeneko muinoa. 'Otoiz egiten duen muinoa' bezala ezaguna den mendixka honek Lyon osoaren ikuspegi paregabea eskaintzen du. Bertara oinez (Rosaire-ko bidetik joanda) edo funikularrez iristeko aukera dago. Hemen, Notre-Dame de Fourvière basilika ikusteko aukera dago. Bizantziar aroko arkitektura imitatzen du elizaren egiturak eta XIX. mende amaieran eraikitako dorreak, marmolezko almenak eta mosaiko bat ditu. Handik hurbil bisitatu beharreko beste toki bat Tour Métallique da, Parisko Eiffel Dorrearen tamaina txikiko erreplika ikusgarria benetan.

Lyonek ospe handia hartu du gastronomiari dagokionean; izatez, munduko sukaldaritzaren hiriburua dela diote aditu anitzek. Bertan dituzte nazioarteko sukaldari onenetako batzuek (Paul Bocuse edo Eugénie Brazier, besteak beste) beren jatetxeak. Hiriko jatetxe guztietan, baina Bouchons (jatorri-izendapena duten hogei bat jatetxe) izenekoetan bereziki, Lyoneko sukaldaritza tradizionaleko platerak eta orokorrean Frantziako Goi Mailako Sukaldaritzakoak dastatzeko aukera izango du bisitariak. Lyonen aski ospetsuak diren hainbat jaki daude. Batzuk gomendatzekotan, ezin ahaztu hauek: 'quenelles'-ak hemengo haragi-bolen antzekoak baina beste osagai batzuekin eginak; 'cervelle de canut' izeneko bertako gazta zuria; 'tablier de sapeur', arrautza-irinetan egindako hestea; edo, 'petit salé', dilista erregosiak, besteak beste.

Kulturan benetan aberatsa da Lyon; erakusketa iraunkorrak edota aldi baterakoak eskaintzen dituzten hogeita hamar museo inguru daude hirian. XVIII. mendeko jauregi batean dagoen Ehunen Museoa, XVI. mendeko abadetxe batean dagoen Arte Ederren Museoa eta Lyongo Historia Museoa dira ezagunenetakoak. Aipatzekoak dira baita, hiriko gune arkeologiko batean eraiki den Galiar eta erromatarren Museoa eta bestekiko erabat ezberdina den Txotxongiloen Museoa; hemen, aldi eta herrialde anitzetako panpinak ikusteko aukera dago.

Abendua oso hilabete berezia izan ohi da Lyonen, gero eta ezagunagoa egiten den Argiaren Festa ospatzen baitute urtero. Alde Zaharretik hasi eta Rodano ibaiaren ertzera arte, Lyon osoa argizko seinale eta irudiz eta su artifizialez betetzen da; ikuskizun liluragarri batek hartzen ditu kale guztiak. Benetan ere bitxia den ospakizun hau 1852ko abenduaren 8an hasi zen. Egun hartan, Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna ospatzeko, Lyoneko biztanleak milaka kandela piztuta irten ziren hiriko kaleetara. Gaur egun ez dute kandela hutsekin hiria argitzen, bestelako argi-ikuskizun pila antolatzen dira kaleei kolorea eta bizitasuna emateko.

(Argazkiak: Wikipedia)