Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Etxe-instintuez, luzaro iraun eta ezarririko aztura hutsetik heredagarri bilakatu diren ekintzak bailiren hitz egiten da batzuetan. Inork ez zuen inoiz pentsatuko uso itzulipurdikariari itzulipurdiak egiten irakasterik, eta ziurrenik irakatsi ere ezin izanen zion, eta, hala ere, ekintza hau, neuk ikusia dudan moduan, inoiz itzulipurdika usorik ikusi gabeko banako gazteek egiten dute. Uste izan genezake usoren batek aztura bitxi honetara joeratxoa erakutsi zuela eta hurrenez hurreneko belaunaldietan banako onenak hautesten luzaro segitzeak egin zituela itzulipurdakariak egun diren modukoak; eta, Brent jaunari entzuna diodanez, Glasgow aldean badira etxe- itzulipurdikariak, hamazortzi hatz gora hegaz egin ezin dutenak itzulipurdirik egin gabe. Zalantzatan jar daiteke inork pentsatu ote zukeen inoiz txakurrari ehizia seinalatzen irakasterik, baldin txakurren batek horretarako joera berez erakutsi izan ez balu; eta badakigu hau noizbehinka, neuk behin ikusi nuen moduan, jazotzen zaiola terrier garbi bati ere; seinalatzeko egintza ziurrenik, askok pentsatu duten moduan, ehiziaren gainera jauzi egiteko prest jartzen ari den animaliaren gehiegizko geldialdia besterik ez da. Behin seinalatzeko lehen joera agertu zenean, hautespen metodikoak eta hurrenez hurreneko belaunaldi bakoitzean ezarririko trebakuntzak laster osatu zuten lana; eta hautespen inkontzienteak orain ere segitzen du, gizakume bakoitza, arraza hobetzeko asmorik gabe, ongien seinalatu eta ehizatzen duten txakurrak erdiesten saiatzen den heinean. Beste alde batetik, aztura hutsa kasu batzuetan aski izan da; ia beste ezein animalia ere ez da basa-untxi kumea baino hezikaitzagoa, ezta heziriko untxiaren kumea baino mantsoagoa ere; baina nekez pentsa nezake etxe-untxiak mantsotasun hutsaren arabera sarri hautetsi direnik; eta, horregatik, azturari eta hesipean luzaro izanari iratxeki behar diegu basatasun handienetik mantsotasun handienera aldatze heredagarriaren zatirik handiena bederen.