Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Dakusagun egitate eta inferentziok noraino datozen bat eraldaketadun ondorengotzaren teoriarekin. Gaia korapilatsu samarra denez gero, irakurleari laugarren kapituluko diagramara itzultzeko eskatu behar diot. Jo genezake zenbakidun letra etzanek generoak irudikatzen dituztela, eta hauetatik aldenduz doazen puntuzko lerroek, genero bakoitzeko espezieak. Diagrama sinpleegia da, genero gutxiegi eta espezie gutxiegi dituena, baina honek ez du inportantziarik guretzat. Lerro horizontalek hurrenez hurreneko formazio geologikoak irudika ditzakete, eta goiko lerroaren azpian dauden forma guztiak iraungitzat jo daitezke. Hiru genero bizidunek, a14, q14, p14k, familia txiki bat osatuko dute; b14, f14k, familia edo azpifamilia oso hurbil bat; eta o14, e14, m14 k, hirugarren familia. Hiru familiok, A guraso-espeziearengadik aldenduz doazen ondorengotza lerro ezberdinetako genero iraungiekin batera, ordena bat osatuko dute, guztiek antzinako beren aitalehenarengandik zerbait berdina heredatu behar izanen zutelako. Aurrerago diagramaren bidez azaldu dugun ezaugarrien dibergentziarako joeraren hastapenaren arabera, zenbat eta forma bat oraintsuagokoa den, orduan eta ezberdinagoa izanen da eskuarki antzinako gurasolehenarengandik. Horregatik, ulertu ahal dugu, egun bizi diren formetatik ezberdintasunik handiena fosilik zaharrenek dutela dioen araua. Ezin dugu, hala ere, uste izan ezaugarrien dibergentzia nahitaez beti gertatu beharrekoa denik; dibergentzia hau, espezie bateko ondorengoak naturaren ekonomiako leku asko eta ezberdinez jabetzeko gai direnean bestetan ez da gertatzen. Horregatik oso posible da, siluriar forma batzuen kasuan ikusi dugun moduan, espezie batek, bere bizi-baldintzak arinki aldatu ahala bera era arinki aldatuz, bizirautea eta, hala ere, aldi oso luze batean ezaugarri orokor berak atxekitzea. Hau f14 letraz irudikatzen da diagraman.