Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Iraganean sekundarioko formazioek iraun zuten adina etorkizunean irauteko moduko lodierako askotariko formazio fosildun aberatsak, depresio aldietan artxipelagoan beste inon ez lirateke formatuko. Depresio aldi hauen artean denbora tarte amaigabeki luzeak izanen lirateke, hauetan herrialdeak egonkor iraun edo gora eginen luke; goraka ari bitartean, kosta malkartsuagoetako formazio fosildunak suntsitu eginen lirateke, metatu bezain laster ia, kostaren eragin etengabearen ondorioz, Hego Amerikako kostetan egun ikusten dugun moduan. Are artxipelago barruko itsaso zabal eta azaletan, geruza sedimentarioak nekez meta litezke lodiera handian gorakada aldietan, edo jarraikako metaketaz estalirik edo babesturik gera, etorkizun urrunerarte irauteko moduan. Depresio aldietan, ziurrenik, forma bizidun asko iraungiko lirateke; gorakada aldietan aldakuntza asko izanen litzateke; baina erregistro geologikoak ez lirateke orduan hain osoak.