Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Merezi du agian erregistro geologikoeen ezosotasunaren zergatiei buruz arestian eginiko oharrak irudizko adibide batean laburbiltzea. Malaysiar artxipelagoa Europaren tamainukoa da gutxi gorabehera, Ipar Muturretik Mediterraniora eta Britainia Handitik Errusiara, eta, beraz, Amerikako Estatu Batuetakoak kendurik, arreta apur batez aztertu diren formazio geologiko guztien balokidea da. Oso bat nator Godwin-Austen jaunarekin, Malaysiar artxipelagoko egungo egoera, itsaso zabal eta azalez bananduriko irla askorekin, Europak aitzina, gure formaziorik gehienak metatu zirenean, ziurrenik izan zuen egoera adierazten duela. Malaysiar artxipelagoa izaki organikotan munduko alderik aberatsenetariko bat da; baina, aldi guztietan han bizi izan diren espezie guztiak bilduko balira ere, zein ezosoki irudikatuko luketen munduko natur historia! Baina arrazoi guztiak ditugu uste izateko artxipelago hartako lehor-ekoizkinak zeharo ezosoki kontserbatu bide direla, han, deritzogunez, metatzen ari diren formazioetan. Animalia hertsiki itsasertzeko askorik, ezta urpeko haitz biluzietan bizi ziren haietako askorik ere ezin litezke formazioetan lurperaturik gera, eta harkaskarpean edo hondarpean lurperatuek ere ez lezakete urruneko aldietararte iraun. Sedimentuak itsas hondarrean metatu ez ziren edo gorputz organikoak suntsitzetik babesteko bezain azkar metatu ez ziren inon ere ezin izan zen hondakinik kontserbatu.