Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Sakabanaketa glaziaraldian Espezie alpetarrik izan ezin litekeen ehundaka milia zabaleko beterriek bananduriko mendi-gailurretan landare eta animalia asko berdin-berdinak izatea, honako hau argi agertzen duen kasu ezagun nabarmenetako bat da, alegia, elkarretatik urrun dauden puntuetan batetik bestera migratzerik inola ere izan ez duten espezie berak bizi direla. Izan ere, benetan da nabarmena espezie beretako hainbeste landare Alpeetako edo Pirinioko eskualde elurtsuetan eta Europako iparraldean bizitzen ikustea; baina askoz nabarmenagoa da Amerikako Estatu Batuetako Mendi Zurietako landare guztiak Labradoreko berak izatea, eta, Assa Greyk dioenez, Europako mendirik garaienetako ia berak. 1717an jada, egitate horiek ondorio hauxe ateratzera eraman zuten Gmelin, alegia, espezie berek puntu ezberdin askotan bakoitza bere aldetik sortuak izan behar dutela; eta uste berean iraun genukeen, Agassizek eta beste batzuek Glaziaraldiari arreta bizia eman ez baliote, aldi honek, berehala ikusiko dugun moduan, egitate hauen azalpen xumea eskaintzen digularik. Burura daitezkeen ia mota guztietako frogak ditugu, organikoak eta ezorganikoak, Europa eta Ipar Amerikak, oso oraintsuko aldi geologikoan, klima arktiarra jasan dutela dioskutenak. Suak erreriko etxe baten hondakinek ez digute beren historia argiago kontatzen, Eskozia eta Galeseko mendiek beren alpe ildaskatuez, azalera labanez eta harri zintzikilatuez, hango haranak duela gutxi oraindik betetzen zituzten korronte izoztuei buruz mintzo zaizkigun baino. Europako kliman izaniko aldaketa hain handiek, Italiako iparraldean, antzinako glaziareek utziriko morrena erraldoiak zeuden lekuak orain mahats eta artoz jantzirik egotea ekarri dute. Estatu Batuetako zati handi batean, harkosko erratikoek eta harri ildaskatuek argi erakusten dute lehenago izaniko hotzaldia.