Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Orain bada, zer esan nahi du herrialde beretan gertatzen den tipo beren hurrenketaren lege nabarmen honek? Oso ausarta litzateke, latitude berean dauden Australia eta Hego Amerikako egungo klimak konparatu ondoren, honako bi egitate hauek ondoren adierazten dudan eran azaldu nahi lituzkeena, alegia, alde batetik, bi herrialde hauetan bizi diren izakien arteko aldea, baldintza fisiko ezberdinak izan dituztelako, eta bestetik, tertziarioko azken aldietan kontinente bakoitzean izandako tipo beren uniformetasuna, antzeko baldintzak izan dituztelako. Ezta ere ezin daiteke esan martsupialak Australian soilki edo nagusiki sortu izana, edo edentatuak edo Amerikako beste tipo batzuk Hego Amerikan soilki sortu izana lege aldaezina denik. Badakigu, jakin ere, antzina Europan martsupial asko bizi izan zela; eta lehen aipatu ditudan argitarapenetan frogatu dut, Amerikan, behialako lehorreko ugaztunen banakuntza legea eta egungoa ezberdinak direla. Ipar Amerikak, antzina, kontinente haren hegoaldeak gaur dituen ezaugarri asko izan zituen, eta hegoaldeak egungoak baino iparraldearen antz handiagoa izan zuela. Era bertsuan badakigu, Falconer eta Cauley-ren aurkikundeetatik, Indiako iparraldeak, ugaztun kontuan, Afrikaren askoz antz handiagoa izan zuela antzina, egun baino. Giza bereko egitateak aipa daitezke itsas animalien banakuntzari dagokionez ere.