Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Txoriek mokoa eta hankak eskuarki garbi izaten badituzte ere, batzuetan lurra itsasten zaie: behin eper baten hankatik hirurogeita sei lur garau kendu nituen, eta beste batean hogeita bi buztin-lur garau, eta lurraren barruan zalke haziaren tamainuko harrikoxkor bat zegoen. Adibide hobe bat: lagun batek oilagor hanka bat bidali zidan, tartsoan itsatsirik bederatzi gramo besterik pisatzen ez zuen lur lehorrezko ore-bolatxo bat zuelarik; lur apurtxo honek Juncus bufonius hazi bat zeukan barruan, erne eta loratu egin zena. Brightoneko Swaysland jaunak, azken berrogei urteetan gure txori migrariei arreta handia eman dienak, jakinarazi dit buztanikarak (Motacilae) eta pitxartxar nabarrak (Saxicolae) hil dituela gure kostaldera heltzerakoan, kokatu baino lehen, eta hainbat aldiz ohartu dela hanketan itsatsirik lur-apurrak zituztela. Hainbat adibide aipa daitezke, lurra haziz beterik dagoela erakusten dutenak. Adibidez, Newton irakasleak zauriturik hegaz egin ezinik ibiliriko eper baten (Caccabis rufa) hanka bidali zidan, sei ontza eta erdi pisatzen zuen lur gogorrezko bolatxo bat itsatsirik zekarrena. Lur hau hiru urtean gorderik egon zen; baina apurtu, ureztatu eta kristalezko kanpai baten azpian ipini zutenean, 82 landareñoraino erne ziren lur-bolatxo horretatik; haietatik 12, monokotiledoneoak ziren, olo arrunta eta beste gramineo espezie bat ere barne, eta 70, dikotiledoneoak, hauek, hosto gazteetatik pentsa zitekeenez, gutxienez hiru espezietakoak zirelarik. Egitateok aurrean, ba ote dugu dudatzerik haize indartsuek bultzaturik ozeanoaren gainetik urtero urrunetara doazen hainbat eta hainbat txorik -adibidez, Mediterranioan zehar doazen milioika galeperrek- hazi banaka batzuk bederen nahitaez eraman behar dituztela, hanka eta mokoetan itsasirik daramaten zikinean itsatsirik? Baina berriro ere ekin beharko diot gai honi.