Itzuli orri osora

Lore-jokoak

Lehenengo Lore-jokoak Frantziako Tolosan egin ziren poesia proventzala bultzatzeko (1324). Luis XIV.ak ¿Akademia¿ titulua eman zienetik (1649), urtero egin izan dira. Katalunian XIV -XVI. m. bitartean antolatu ziren, baina XIX. m.an berpiztu eta Iberiar penintsula osora hedatu ziren. Lehen euskal Lore-jokoak Antoine Abbadiak antolatu zituen Urruñan (1853). Lehiaketara aurkeztutakoen artean obrarik onena festa-giroan hautatzen zen, eta, sari garrantzitsuak izaten zirenez, lan asko aurkezten ziren. Lore-joko hauetan plazaratu ahal izan zituzten, besteak beste, Larraldek Chorinoa Kayolan eta Elizanburuk Apexa eta lorea. Hamar urtez Urruñan antolatu ziren Lore-jokoak, 1864-76 bitartean Saran eta gero urtero lekuz aldatu ziren. Hegoaldean ospatutako lehenak Elizondokoak izan ziren (1879). Donostiako Lore-jokoak Jose Manterolaren ekimenez antolatu ziren (1882); literatur lehiaketaz aparte, musika- eta pintura-lehiaketak ere antolatzen ziren. Lore-jokoek ia mende erdia iraun zuten eta lehenago hila eta baztertua zegoen euskaltzaletasuna pizten lagundu zuten. Bertsolaritzatik olerkaritzarako bidea zabaldu zuten, eta literaturaren aitzakian, Pirinioetako bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak estuagotu ziren.