Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Wilhelm Dilthey

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Xabier Mendiguren Bereziartua

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1995-08-03

Herri baten bizi-unitate indibidual hori, bere bizi-agerpen guztien ahaidetasunean agertzen dena, bere zuzenbidea, bere hizkuntza, bere barnetasun erlijiozkoa bezalakoetan, mistikoki adierazten da herri-arima, nazio, herri-izpiritu, organismo bezalako kontzeptuen bitartez. Kontzeptu horiek hain dira erabilezinak historiarako, nola den bizi-indarrarena fisiologiarako. Herri esamoldeak adierazi nahi duena analitikoki soilik esplika daiteke (muga batzuen barruan) ikerketen laguntzarekin, izpiritu-zientzien testuinguru metologikoan bigarren mailako teoria gisa izenda daitezkeenekin. Horiek antropologiako egiak dituzte beren suposatutzat, egia horiek aplikatzen dizkiote banakoen elkarrekintzari natur testuinguruko baldintzen pean, eta horrela sortzen dira kultura-sistemen eta berorien taxuketen, gizartearen kanpo-antolakuntzaren eta bere baitan dauden talde partikularren zientziak. Zientziak bere baitan, gizabanakoa eta historiaren joanaira konplexuaren artean, estudiopean jarri beharreko hiru objektu-mota handi aurkitzen ditu: gizartearen kanpo-antolakuntza, bertan dauden kultura-sistemak eta herri partikularrak: errealitate iraunkorrak izaki, berorien artean herri-osotasuna da guztietan konplexu eta zailena. Nola hirurak ez diren bizitza errealaren eduki partzialak baizik, bat bera ere ezin daiteke historikoki ulertu edo teorikoki tratatu gainerakoen estudio zientifikoarekiko erlaziorik gabe. Hala eta guztiz ere, konplexutasun-mailaren arabera, herri partikularraren gertakaria beste bi gertakarien analisiaren laguntzarekin soilik estudiatu izan da. Herri-arima, herri-izpiritu, nazio eta kultura nazional esamoldeaz izendatzen dena intuitiboki soilik errepresenta eta analiza daiteke aurrena herri baten bizitzako aspektu desberdinak -adibidez: hizkuntza, erlijioa, artea- bere elkarregintzan ulertzen badira. Horrek hurrengo pausoa ematera behartzen gaitu errealitate historiko-sozialaren analisian.