Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Hastapen horiexen arabera uler dezakegu, frogatzen saiatu naizen moduan, irla ozeanikoek zergatik izanen duten biztanle gutxi, eta biztanleotariko proportzio handi bat zergatik izanen den endemikoa edo berezia; eta, migrabideen arabera, izaki talde bateko espezie guztiak zergatik izanen diren bereziak, eta hurrengo talde bateko espezie guztiak, ostera, klase berekoak ere, aldameneko herrialderen batean direnak bezalakoxeak. Horrelaxe uler dezakegu, baita ere, zergatik falta diren irla ozeanikoetan organismo talde oso-osoak, lehorreko ugaztunak eta batrakioak kasu, irla isolatuenek ere beren ugaztun hegalari eta saguzarren espezie propioak dituzten artean. Horrelaxe uler dezakegu zergatik izan behar duten batak bestearekin zerikusiren bat, irletan eraldaketa maila handiago edo txikiagoko ugaztunak bizitzeak eta irlon eta lehorburuaren arteko itsas sakonerak. Argi eta garbi ikus dezakegu zer dela-eta dauden elkarrekin hertsiki erlazionaturik artxipelago bateko biztanle guztiak, nahiz eta irla bakoitzekoak espeziez ezberdinak izan, eta zergatik dauden erlazionaturik baita ere, hain hertsiki ez baina, kontinente hurbileneko biztanleekin edo etorkinen abiaburu izan zitekeen tokikoekin. Halaber uler dezakegu zergatik aurkituko den zenbait espezie berdin, ia beti, espezie oso ahaide edo errepresentagarriak existitzen diren bi herrialdetan, bata bestetik denik urrunen egonik ere.