Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Wilhelm Dilthey

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Xabier Mendiguren Bereziartua

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1995-08-03

Historiografoaren gainbegiratze jenial horretatik, zeina gizadiaren bizitza anitzaren gain hedatzen den, homogenoaren lehen komunztadura deskribatzaile bat jaulkitzen da. Jakina, gizaki partikularraren antropologiarekiko loturan dago. Berorrek giza tipo orokorra, unitate psikologikoen bizitzako lege orokorrak, tipo partikularren diferentziak esplikatzen bazituen, lege horietan oinarriturik, etnologiak edo antropologia konparatuak hemendik aurrera egiten du; hedadura txikiagoko homogenotasunak ditu bere objektu, zeinen bitartez zedarritzen baitira taldeak osotasunaren barruan eta gizadiaren kide partikular gisa aurkezten diren: giza generoaren artikulazio naturala eta bizitza izpiritualaren eta lurbirako baldintzen arabera sorturiko bere diferentzien banaketa lur-azalaren gainean. Etnologia horrek, bada, ikertzen du nola dagoen artikulaturik naturalki giza generoa, famili eta ahaidetasun- loturaren arabera, jatorri-graduen arabera eraturiko zirkulu zentrukidetan; hau da, nola agertzen diren zirkulu estuagoan ezaugarri komun gehiago, ahaidetasun hurbilago batekiko loturan. Zientzia horrek, giza generoaren jatorri eta espezie- batasunarekiko, bizileku zaharrenekiko, adina eta ezaugarri amankomunekiko auzia planteatu ondoren, arraza partikularrak zedarritu eta beren ezaugarriak determinatzera zuzentzen du arreta, arraza horietako bakoitzak bere baitan dituen taldeetara; geografian oinarrituz, bizitza izpiritualaren banaketa eta lur-azalean dituen diferentziak esplikatzen ditu: biztanleriaren korrontea hedatzen ikusten da, bere premiak asetze errazenaren norabidean, ur-sarea lurzoruaren baldintzetara moldatzen denez.