Klasikoak
Gaia: Klasikoak
Egilea: Charles Darwin
Izenburua: Klasikoak
Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka
Editoriala: Klasikoak S.A.
Data: 1994-10-21
Kapitulu honen eta aurrekoaren laburpena Kapituluotan hauxe frogatzen saiatu naiz: baldin klima aldaketek eta lehorraren sestra-aldaketek, aro moderno barruan ziur gertatu direnek, baita seguruenik gertatu diren beste zenbait aldaketak ere eraginiko ondorioei buruz dugun ezjakintasunaz behar bezala konturatzen bagara; noizbehinkako garraiabide ugari bitxiez dugun ezjakintasun handia gogoan badugu; kontuan hartzen badugu, eta oso kontuan hartzeko gogoeta da hau, espezieak zein sarri hedabanatu ahal izan diren etengabe eremu zabal batean zehar, eta, ondoren, bitarteko guneetan iraungi; hori guztiori kontuan hartzen badugu ez dagoela oztopo gaindiezinik hau onartzeko: espezie beretako banako guztiak, dauden lekuan daudela, guraso komunengandik datozela. Eta zenbait gogoeta orokorrek -batik bat era guztietako hesien garrantziak eta azpigenero, genero nahiz familien banakuntza analogoak- naturalista asko iritsi den ondorio berera garamatzate, sorrera gune bakarra deritzon ondoriora, alegia. Gure teoriaren arabera guraso-sorburu bakarretik hedabanatu diren genero bereko espezie bereziei dagokienez, kontuan hartzen badugu lehen bezala gure ezjakintasuna, eta gogoan badugu forma organiko batzuk oso astiro aldatu direla -hain astiro ezen denbora tarte izugarriak eman behar baitzaizkie beraien emigrazioetarako-, ez dago zailtasun gaindiezinik, ezta gutxiagorik ere; nahiz eta kasu honetan, espezie bereko banakoen kasuan bezalaxe, zailtasunok sarri handiak izan.