Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Baina lehen ikusian ematen duena baino askoz arazo korapilatsuagoa da morfologia, E. Ray Lankester jaunak lan bikain batean oraintsu ongi erakutsi duen moduan, bereizketa garrantzitsu bat egin baitu naturalistek era berean homologotzat sailkaturiko zenbait kasu motaren artean. Honako hau proposatzen du: animalia bereizietan, gurasolehen komun baten ondorengo eraldatuak direlako, elkarren antzekoak diren egiturei homogenoak deitzea, eta era horretan azaltzerik ez duten antzekotasunei homoplastikoak deitzea. Esate baterako, Lankesterrek uste du hegazti eta ugaztunen bihotzak homogenoak direla oro har, hau da, gurasolehen komun batengandik datozenak; baina bi animali mota horien bihotzaren lau barrunbeak homoplastikoak direla, hots, bilakaera bereizia izan dutela. Lankester jaunak, halaber, gorputzaren eskuin eta ezkerreko atalen antza, eta animali banako beraren jarraikako segmentuetakoena aipatzen du; kasu honetan, homologoak deitu ohi zaien atalak ditugu, baina espezie bereiziak gurasolehen komun baten ondorengo izatearekin zerikusirik ez dutenak. Egitura homoplastikoak, nik, nahiz eta era oso hobagarriz, eraldaketa edo antzekotasun analogotzat sailkatu ditudan berak dira. Egituron erakuntzaren arrazoia honixe iratxeki dakioke: aldez, organismo bereiziak edo organismo beraren atal bereiziak era analogoz aldatu izanari, eta aldez, antzeko eraldaketak xede orokor edo funtzio berberari begira mantendu izanari; eta honen adibide asko eman daiteke.