Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Tertziarioko azken aldietan, alde beretan gertatzen den tipo beren hurrunketaz Clift jaunak duela urte asko frogatu zuen Australiako haitzuloetako ugaztun fosilak kontinente hartako martsupial bizidunen ahaide hurbilak zirela. Hego Amerikan ere antzeko ahaidetasuna nabari da, aritua ez den begiarentzat ere, La Platako alde ezberdinetan aurkituriko armadiloarenak bezalako oskol pieza erraldoietan; eta Owen irakasleak erarik nabarmenenean frogatu du han lurperaturik ugari dauden ugaztun fosilik gehienak Hego Amerikako tipoen ahaideak direla. Ahaidetasun argiago oraindik nabari da MM. Lund eta Clausen-ek Brasileko haitzuloetan egin zuten hezur fosilen bilduma miresgarrian. Aipaturiko egitateek hain eragin handia egin zidatenez gero, 1839 eta 1845ean indarrez mintzatu nintzen behin eta berriz "tipoen hurrenketa lege" honi buruz, "kontinente berean hilen eta bizien artean dagoen ahaidetasun miresgarri" honi buruz. Geroago Owen irakasleak lege orokor hau mundu zaharreko ugaztunetara hedatu du. Lege bera dakusagu autore honek eginiko Zeelanda Berriko txori iraungi erraldoien berreraikuntzan. Brasileko haitzuloetako txorietan ere gauza bera dakusagu. Woodsward jaunak frogatu du lege bera dagokiela itsas moluskuei ere, baina, moluskurik gehienak zabal hedaturik daudelako, haietan ez da hain nabarmen ageri lege hau. Beste kasu batzuk ere aipa daitezke, adibidez Madeirako lehorreko maskor bizi eta iraungien artean dagoen erlazioa, eta Kaspiar itsaso arabiarreko gesaletako maskor bizi eta iraungien artean dagoena.