Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Atera dezakegu, nik uste, honako ondorio hau, alegia, sedimentuak masa oso lodi, sendar edo hedatsuetan metatu behar duela, lurrak lehenbizi gora egitean eta hurrengo sestra gorabeheretan, olatuek harengan duten eraginari, baita ondoreneko erosio atmosferikoarenari ere, eusteko. Sedimentuen metaketa lodi eta hedatsuok, era bitara forma daitezke; edo itsas sakonera handietan, kasu honetan hondoan ur azaletan hainbat forma organikorik biziko ez delarik, ezta hauetan bezain bariaturik ere, eta masek, gora egitean, beren metaketa aldian inguruan izan zituzten organismoen lekukotasun ezosoa eskainiko dutelarik; edo sedimentua, zeinahi lodiera eta hedaduraz, sakonera txikiko hondoan meta daiteke, honek poliki-poliki jaisten segitzen badu. Azken kasu honetan, jaistearen abiadura eta sedimentuaren hornidurak elkar orekatzen duten heinean, itsasoa azal eta forma asko eta bariatu formatu ahal izateko moduan geratuko da, eta era honetan, gora egitean, erosio handiari eusteko bezain lodia izanen den formazio fosilduna era daiteke.