Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

X ERREGISTRO GEOLOGIKOEN EZOSOTASUNAZ Gaur egun bitarteko aldakirik ezaz. Bitarteko aldaki iraungien izaeraz; haien kopuruaz Seigarren kapituluan zerrendatu ditut liburu honetan defendatzen diren eritzien aurka arrazoiz aurkeztu litezkeen objekzio nagusiak. Gehienak eztabaidatuak ditugu dagoeneko. Bat, forma espezifikoen bereizpena eta formok beren artean iragaitzazko lokarri ugariz elkarrekin loturik ez egotea, oso begi-bistako zailtasuna dugu. Eman ditut arrazoiak azaltzeko zergatik ez diren gaur egun eskuarki ageri aipaturiko lokarriak, berak izateko zirkunstantzia faboragarrienetan ere, hau da, baldintza fisiko mailakatuak dituzten herrialde zabal eta etengabeetan ere. Ahalegindu naiz frogatzen espezie bakoitzaren bizia beste forma jada zehaztu batzuen presentziaren mende dagoela, klimaren mende baino gehiago, eta, beraz, benetan nagusi diren bizi- baldintzak ez direla erabat sentitzeke graduz gradu aldatzen, berotasuna eta hezetasuna aldatzen diren moduan. Halaber ahalegindu naiz frogatzen bitarteko aldakiak, berak lotzen dituzten formak baino urriagoak direlako, garaituak eta suntsituak izanen direla eskuarki ondoreneko eraldaketa eta hobekuntza handiagoko prozesuan zehar. Hala ere, naturan nonahi bitarteko lokarri ugaririk ez agertzearen kausa nagusia, hautespen naturalaren prozesuaren beraren mende dago, harexen bidez hartzen baitute aldaki berriek guraso-formen lekua eta haiek ordezkatzen. Baina behiala izaniko bitarteko aldakien kopuruak benetan izugarria izan behar du, hain zuzen ere suntsiketa prozesu honek bere arian markatu duen eskala izugarriaren araberakoa. Zergatik ez dago orduan formazio geologiko bakoitza eta estratu bakoitza bitarteko lokarrioz beterik? Geologiak ziur ez digu horrelako katemaila mehezko katea organikorik erakusten; eta hauxe da agian teoriaren aurka aurkez daitekeen objekziorik astunen eta bidezkoena. Azalpena, nire ikusiz, erregistro geologikoaren erabateko ezosotasunean datza.