Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Naturan prozesu hau askoz korapilatsuagoa izanen da, diagraman irudikatzen dena baino; izan ere, taldeak gehiago izanen ziren, denbora tarte zeharo ezberdinetan biziraunen zuten eta maila ezberdinetan aldatuko ziren. Erregistro geologikoaren azken liburukia besterik ez dugunez gero, eta bera ere eten handiekin, ez dugu arrazoirik, kasu bakan-bakanetan izan ezik, natur sistemak dituen hutsarte handiak bete eta familia edo ordena ezberdinak lotzea espero izateko. Arrazoiz espero dezakegun guztia hauxe da, alegia, aldi geologiko ezagunetan eraldaketa asko jasan duten taldeak formaziorik zaharrenetan elkarrengandik hurbilago egotea eta, horretara, kiderik zaharrenek beren artean, talde beretako kide bizidunak baino alde txikiagoak izatea euzagarri batzuetan; eta gure paleontologo onenen froga baterakideen arabera, horixe gertatzen da sarri.