Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Aurreko kasuetan, itxuraz, nahiz eta ez garapenez, oso antzekoak diren organoek helburu bera erdietsi eta funtzio bera bete dutela ikusten dugu inolako kidetasunik ez, edo oso urrunekoa duten izakietan. Beste alde batetik, arau orokorra da natura guztian helburu bera, batzuetan kidetasun oso hurbileko izakien kasuan ere, modurik ezberdinenez lortzea. Zein eraiketa ezberdinekoak diren txoriaren hego lumaz jantzia eta saguzarraren hego mintzez estalia; eta are ezberdinagokoak tximeletaren lau hegoak, euliaren bi hegoak eta koleopteroaren bi hego elitrodunak! Txirla maskorbidunak ireki eta ixteko eginak dira, baina, txarnelak eraikitzeko, zenbat eta zenbat eredu dauden, Nucula batean bata bestearekin bikainki lotzen diren hortzen ilada luzetik hasi eta muxil baten lokarri xumeraino! Haziak arrazoi askorengatik sakabanatzen dira: txikiak direlako eta beren kapsulak globo moduko estalki arin bihurtzen direlako; anitz partez formaturiko eta elikagarri bihurturiko mami edo haragiz bildurik eta nabarmenki koloretsu direlako txoriak erakarri eta haziok jan ditzaten; askotariko gako eta kizkiak eta horztun arestak dituztelako lauoinekoen ileari atxekitzeko, eta formaz ezberdinak bezain egituraz dotoreak diren hegoz eta lumaz horniturik daudelako, edozein haizetxok eramateko moduan. Beste adibide bat emanen dut, merezi ere, xede bera bitartekorik ezberdinenez erdiestearen kontu honek arreta ongi merezi du eta. Autore batzuek uste dute izaki organikoak barietate hutsagatik izan direla modu anitzeko eginak, denda bateko jostailuak bezalatsu, baina naturaren ikuspegi hau onartezina da. Sexuak banandurik dituzten landareetan eta, hermafroditak izan arren, polena estigmaren gainera berez jausten ez zaienetan, laguntzaren bat behar da ernal daitezen. Hainbat klasetan polen aleak, arin eta loka izaki, haizeak, kasualitate hutsez, estigmara eramanez gauzatzen da ernalkuntza; eta hau burura daitekeen biderik xumeena da. Modu hau bezain xumea, diferentea bada ere, gertatzen da beste landare askotan, beraietan lore simetriko batek nektar tanta batzuk jariatu eta honen ondorioz intsektuen bisita hartzen baitu; eta intsektuek eramaten dute polena anteretatik estigmara.