Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Oraintxe azaldu dut nola sortu den, nire ustez, inurri mota berean argi zehazturiko langile antzuen bi kasta, elkarren artean eta gurasoengandik oso diferenteak, izatea den egitate harrigarria. Ikus dezakegu zein baliagarri izan den inurri talde sozial batentzat horiek sortzea, hain zuzen ere gizakiarentzat lan-banaketa baliagarria den moduan. Inurriek, hala ere, heredaturiko instintuz eta heredaturiko organo edo lanabesez lan egiten dute, gizakiak, ordea, erdietsiriko jakintzaz eta manufakturaturiko tresnaz lan egiten duen artean. Baina aitortu behar dut, hautespen naturalean dudan sinespide guztiarekin ere, ez nukeela espero izan hastapen hau hain eraginkorra izanen zenik, baldin intsektu neutro hauen kasuak ondorio horretara bultzatu ez banindu. Horrexegatik aztertu dut puntu hau luze samar, nahiz eta inola ere ez behar adinako hedapenaz, hautespen naturalaren ahala erakusteko asmoz eta, era berean, berau delako, alde handiaz, nire teoriak aurkitu duen zailtasun berezirik astunena. Kasua, gainera, oso interesgarria da, hauxe frogatzen duelako, alegia, animalietan, baita landareetan ere, edozein mailatako eraldaketa gauza daitekeela, nolabait onuragarri izan daitezkeen berezko aldakuntza txiki askoren metaketaren bidez, erabilera edo azturari jokorik eman gabe. Izan ere, eme antzuei soilki dagozkien azturek, denik luzaroen erabilirik ere, ez zuten izan ar eta eme ugalkorregan, ondorengoak dituzten bakarrengan, inolako eraginik sortarazteko modurik. Harritzen nau intsektu neutroen kasu hau egundaino inork aurkeztu ez izateak aztura heredatuaren doktrina oso ezagunaren kontra, Lamarckek proposatu bezala.