Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Frederick Cuvierrek eta lehenagoko zenbait metafisikarik azturarekin konparatu dute instintua. Konparazio honek, nik uste, instintuzko egintza bat egiteko behar den buru-markoaren nozio zehatza ematen du, baina ez nahitaez haren jatorriarena. Zein inkontzienteki egiten diren ohizko egintza asko, eta benetan ere ez gutxitan, gure nahizate kontzientearen kontra!, eta, hala eta guztiz ere, nahimenak edo arrazoimenak eralda ditzake. Azturak erraz heltzen dira beste aztura batzuekin elkartzera, zenbait alditan eta zenbait gorputz egoeratan. Behin hartuez gero, zeudenean irauten dute maiz bizitza guztian zehar. Instintu eta azturen artean beste zenbait antzekotasun puntu edo seinala litezke. Kantu ezagun-ezagun bat errepikatzean bezala, instintuetan ere egintza bat bestearen ondoren dator halako erritmo batez edo; pertsona bati kantatzen edo zerbait buruz esaten ari dela etenik eraginez gero, normalean atzera egin behar izaten du, bere pentsamenduaren ohiko abioa berreskuratzeko. Pierre Hubertek horixe gertatzen zitzaiola erreparatu zuen hamaka antzeko estalki oso zail bat egiten duen beldar bati; izan ere, baldin beldar bat eraikuntzako, demagun, seigarren faseraino eginiko estalki batetik hartu eta hirugarreneraino eginiko batean jartzen bazuen, beldarrak laugarren, bosgarren eta seigarren fasea berriro eraiki besterik ez zuen egiten. Baina baldin beldarra, demagun, hirugarren faseraino eginiko estalki batetik hartu eta seigarreneraino bukaturikoan jartzen bazuen, beraz, egin beharreko lanik asko egina zuelarik, hortik abantaila hartu beharrean, oztopo handia aurkitzen zuen, eta bere estalkia osamaitzeko, hirugarren fasetik, berak lana utziriko tokitik, hastera beharturik ematen zuen, eta horrela jada amaiturik zegoen lana osatzen saiatzen zen.