Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Aldakitzat dauden edo halakotzat hartzeko bezain antzekoak diren formen arteko lehen gurutzaketak eta haien ondorengoen arteko gurutzaketak oso eskuarki, baina ez, sarri esan izan den moduan, hutsik gabe, ugalkorrak izaten dira. Eta ugalkortasun ia unibertsal eta hobezin hau ere ez da harritzekoa, gogoratuz gero zein aiher garen natur egoerako aldakiei buruz gurpil zoroan eztabaidatzera; eta gogoratuz gero, aldakirik gehienak etxe- egoeran kanpoko ezberdintasun hutsen hautespenez sortuak direla eta ez direla luzaro izan bizi-baldintza uniformeen pean. Gogoan izan behar genuke bereziki, etxe-egoeran luzaro irauteak antzutasuna ezabatzeko joera duela, eta, beraz, ez dela oso egokia koalitate hau sortzeko. Antzutasun kontutik aparte, beste ikuspegi guztietan antz orokorrik handiena dute hibridoek eta mestizuek, aldagarritasunean, behin eta berriz gauzaturiko gurutzaketez elkar zurgatzeko ahalmenean eta guraso-forma bien ezaugarriak heredatzeko joeran. Azkenean, bada, lehen gurutzaketen eta hibridoen antzutasunaren kausa zehatzari buruz eta beren baldintza naturaletatik ateratzen diren animalia eta landareen antzutasunaren zergatiari buruz era berean ezjakinak garen arren, kapitulu honetan emaniko egitateei ez deritzet espezieak jatorriz aldaki gisa existitu zirela dioen eritziaren kontrako.