Itzuli orri osora

Batasun iberiarra

1580an, Portugaleko tronua hutsik gelditzean, Almeiringo Gorteek Manuel I.aren iloba zen Felipe II.a lagundu zuten, baina Lisboan Cratoko Antonio aldarrikatu zuten errege bezala. Albako Dukearen agintepean zegoen gudaroste batek Portugal hartu zuen, eta 1581ean Tomarko Gorteek erregeari fideltasuna zin egin zioten.

Frantsesen gaineko San Quintingo garaipenaren oroitzapena egiteko, 1563an Felipe II.ak Guadarramako mendilerroaren oinean monasterio bat eraikitzeko agindua eman zuen. Lanak hogei urtetan zehar burutu ziren, Herrerako Joanek amaituko zituelarik, estilo zorrotz eta geometrikoa erabiliz. Bertan bizi izan zen erregea bere biziaren parte handian, eta han hil zen 1598an.