Itzuli orri osora

Santoñako Ituna

Gerra Zibilean, Bilbo galdu ondoren, Euzko Gudaroztea itsasoz Santoñatik Frantziara eraman ahal izateko, Juan Ajuriagerra EAJko ordezkariak eta Mancini jeneral italiarrak sinatutako ituna (1937-VIII-25). Santoñako Ituna ez zuen Euzko Jaurlaritzak zuzenean negoziatu eta sinatuta egon arte ez zuen haren berririk izan. Ajuriagerrak honako puntuak onartu zituen: Santoña hartuko zuten soldadu italiarrei bidea ez oztopatzea eta armak eta materiala haien esku uztea, okupatutako lurretan ordena publikoa ziurtatzea eta Santoña eta Laredon errepublikarrek zituzten presoak errespetatzea. Bestalde, italiarrek honakoak onartu zituzten: euskal gudarien bizitzak errespetatzea, euskal agintarien bizitza errespetatu eta erbesterako bidea ez oztopatzea eta Jaurlaritzaren alde azaldua zen populazioaren aurkako jazarpenik ez egitea. Francoren borrokarekin bat eginik zeuden italiarrek ez zituzten baldintzak bete, ez zieten utzi itsasontzi ingelesei gudarien ebakuazioa egiten eta euskal agintariak eta gudariak kartzelaratu egin zituzten.