Itzuli orri osora

Ordoki Vazquez, Kepa

Militarra (Irun, 1913 - Baiona, 1993). ANV eta ELAn afiliatu zen. Espainiako Gerra Zibilean Eusko Gudarostean San Andres batailoiko kapitain izatera iritsi zen. 1937an preso erori Santoñan, eta heriotza-zigorra ezarri zioten, baina konmutatu egin zioten pena. 1939an Duesoko espetxetik ihes egitea lortu zuen. Frantziako Erresistentziarekin harremanetan jarri eta alemaniarren aurkako ekintzetan parte hartu zuen. Eusko Jaurlaritzak eskaturik, 1944an "Gernika" batailoia antolatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren menpean; eta Frantziako armadaren esanetara, aliatuen alde borrokatu zen. 1945ean garaipen sonatua lortu zuen batailoiak Garonaren bokalean alemaniarren aurka, eta Ordokiri kondekorazioa eman zioten. Urte bereko abenduan batailoia desegitean, Hendaian finkatu zen aurrenik eta gero Korsikan; 1980an jaioterrira itzuli zen.