Itzuli orri osora

Santa Kruz Loidi, Manuel

Militarra (Elduain, 1842 - Pasto, Kolonbia, 1926), "Santa Kruz apaiza" izenez ere ezaguna. Gasteizko apaizgaitegian apaiztu zen. Don Karlos erregegaiaren aldekoa izanik, Frantziara ihes egin behar izan zuen (1866). Gerra-garaian itzuli eta tropa karlista baten buru jarri zen. Ez zuen Zornotzako Ituna onartu eta atxilotu egin zuten Aramaion (1872). Frantziara ihes egin zuen, baina berehala itzuli zen. Karlisten buru jarri zen baina bai liberalen kontra bai karlisten kontra ere ankerkeriaz jokatzen zuela eta, karlistek gerra-kontseilua egin eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Indultua lortu zuen, baina kargu guztiak galdu zituen.

Liberalak eta karlistak atzetik zituela, Frantziara ihes egin behar izan zuen (1874). Frantzian gerrillari-talde bat armatu eta itzuli egin zen. Aritxulegin finkatu eta liberal zein karlistei aurre egin zien. Gerraostean Frantzia, Ingalaterra eta Amerikara joan zen. Aita santuaren barkamena lortu eta Lille-ko Jesusen Lagundiaren komentuan sartu zen. Misiolari ibili zen Jamaikan eta Kolonbian aita Loidi izena erabiliz. Haren bizitzan oinarrituta, obra batzuk idatzi dira; Orixeren Santa Kruz apaiza (1929), eta Junes Casenaveren Santa Kruz güdülari pastorala (1992) adibidez.