Itzuli orri osora
Burgi, almadiazainen sorterria (II)
mié, 29 jun 2005 18:23:00 +0200

Urtero, maiatzaren hasieran, almadiak berriz ikus daitezke Ezka ibaian behera Burgi herriraino, almadiazainen omenez egiten duten erakustaldian. Oro har, ogibide gogor hau gizonekin lotzen dute, baina emakumeen laguntza barik nekez egingo zuten aurrera. Izan ere, etxean eta soroetan egiten zuten lan emazteek, almadiazainak kanpoan zeudenean, eguneroko bizimodua bideratzen.

Almadiazainak luzaroan egoten ziren etxetik kanpo, ibaian behera kilometro askotara egurra garraiatzen. Bidaia luzea eta arriskutsua egiten zuten almadia gainean, eta lehorrean zeudela, berriz, ordu asko egiten zituzten basoetan arbolak bota eta enborrak garbitzen. Bien bitartean, etxean, Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa ibarreko emakumeek eguneroko bizimoduaren ardura hartzen zuten.

Emakume horiek langileak eta adoretsuak ziren oso. Almadiazainak enborrekin ontzia egin eta mantenu bila joaten zirenean, malkoak begietan zituztela agurtu eta euren zain gelditzen ziren, aita, senarra edota semea inoiz ez itzultzea ere posible zela jakinda. Etxeko bakardadean, berehala ekiten zioten lanari, gauza asko egiteko zituzten eta; haurrak eta adineko pertsonak zaindu, animaliak hazi eta soro eta larreetan lan egin, besteak beste. Iluntzetan, etxeko atarian, almadien enborrak lotzeko erabiltzen ziren hurritz abarrak edo basa zumeak prestatzen zituzten.

Almadiazainen eta emakumeen lanak erabat ezberdinak ziren bai, baina elkarren osagarri, eta horrek Nafarroako Pirinioetako ibarren garapen ekonomikoa bultzatu zuen. Emakumeen zeregina funtsezkoa zen gizarte hartan, baina ez zuen, inondik inora, almadiazainen ogibidearen entzute eta ospe ona. Urteetan, gogor aritu ziren lanean gizon haien itzalean, eta luzaroan inork ez du nabarmendu euren beharra.

Almadien Eguna

Udaberri honetan, Almadien Egunean, Pirinioetako emakumearen lana aitortu nahi izan dute. Urtero egiten dute festa erraldoi hori Burgin, maiatzaren hasieran, eta interes turistikodun jai izendatu dute duela gutxi.

Milaka eta milaka lagun joan ohi dira Almadien Egunera eta Burgiko hainbat bizilagunek erakustaldi bikaina egiten dute. Almadien gainean, Ezka ibaian behera abiatzen dira 5 kilometrotan, Burgiko presa igaro eta Erdi Aroko zubira iritsi arte. Horrez gainera, inguruko kultura eta folklore aberatsaren erakusgarri, zenbait ekintza antolatzen dituzte; herri kirolak, erakusketak, dantzak, herri bazkaria eta artisautza azokak, esaterako.

Bestalde, urtero, Urrezko Almadia ematen diote kultura, kirol eta zientzia munduko pertsonaia ezagun edo erakunderen bati. Miguel Indurainek, Iñaki Perurenak eta Pedro Miguel Etxenikek jaso dute, besteak beste, sari hori.

Ohitura zaharrak berreskuratzen

Ogibide zahar hori berreskuratzeko lan handia egin du Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteak, 1992. urteaz geroztik. Burgin du egoitza eta, Ezka ibaiko ontzien jaitsiera antolatzeaz gain, almadiekin zerikusia duen material oro gordetzen du; argazkiak, lanabesak, argitalpenak eta pelikulak, tartean. Horrez gainera, almadiazainen bizimoduak ekonomiaren, kulturaren eta etnografiaren ikuspuntutik Pirinioetako ibarretan izan zuen garrantzia zabaltzea ere du helburu.

Halaber, Almadiazainen Nazioarteko elkarteko kide dira, beste 20 talderekin batera. Bi urtean behin elkartzen dira euren esperientziak mahai gainean jarri eta elkarkidetza sendotzeko. Gaiak ugari jorratzen dituzte bilerotan, zamak ibaietan zehar garraiatzeko antzinako sistemak eta almadiak eraikitzeko lekuan lekuko teknikak, esaterako.

Bestalde, Nafarroako Almadiazainen Elkartea Almadiaren Museoaz arduratzen da. Burgiko udaletxean dago museo hori eta, bertan, almadiekin zerikusia duten pieza eta lanabes ugari, gehienak herritarrek beraiek utzitakoak, ikus ditzake bisitariak. Horiek guztiak sailkatu eta zaharberritzen lan handia egin dute elkarteko kideek, arbasoek almadiak nola egiten zituzten eta almadiazainen bizimodua nolakoa zen islatzen saiatu dira eta.