Antzina-antzinatik, almadiazainek ibaia erabili dute Pirinioetako basoetan lortutako egurra kilometro askotara, Zaragoza edota Tortosara (Tarragonako kostaldea) esaterako, garraiatzeko. Etxekoentzat mantenua lortzeko, zuhaitz-enborrekin ontzia egin eta ibaian behera egiten zuten gizonek, abentura arriskutsuan. Almadiazainen ogibidea gogorra zen oso, eta asko eta asko bidean gelditu ziren. Egun, udaberrian, almadiak berriz ikus daitezke Ezka ibaian behera, Burgi herriraino egiten duten erakustaldian. Hala, almadia euren bizimoduaren oinarri bihurtu eta Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa ibarren garapena bultzatu zuten almadiazainak omentzen dituzte urtero.
Zuhaitzak bota, almadiak eskuz egin eta horietan ibaian behera nabigatu, egun batzuen buruan eta bizitza arriskuan jarri ostean, goitik behera blai eginda helmugara heltzeko. Almadiazainen ogibide zaharra gogorra eta, batez ere, arriskutsua zen.
Mendeetan zehar, basoak ustiatzea eta egurra garraiatzea izan dute Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako familiek diru-iturri nagusi. Belaunaldiz belaunaldi, ibaia eta egurra izan dira almadiazainen bizimoduaren oinarri. XX. mendearen erdian, ordea, errepideak eta Esako urtegia egin ziren, almadiazainen kalterako.
Egun, almadia Nafarroako Pirinioetako ibarren ikur bihurtu da, bereziki Burgi Erronkaribarreko atarian dagoen herri txikian. Hainbat eta hainbat urtetan, almadiak Ezka ibaian behera nola igaro diren ikusi dute herritarrek, eta usadio zahar horri eusten saiatzen dira oraindik ere.
Almadia
Almadiak egiten eta horietan nabigatzen erakusten diete gazteei Erronkaribarren. Almadia osatzeko, luzera bereko zuhaitz-enborrez osatutako plataformak egin eta elkarri lotzen zaizkio, hurritz abarrak edo basa zumeak erabiliz. Ontziak arraunak ditu aurrealdean eta atzealdean.
Hasieratik bukaerara arte, lan gogorra egiten dute almadiazainek. Basoetan arbolak bota, enborrak garbitu eta zatiak mozten dituzte. Batik bat, pinuaren eta izeiaren egurra erabiltzen dute almadiak eraikitzeko. Horretarako, basotik ibaiaren ondoko gune batera eraman behar dituzte enborrak. 10-15 enborrekin egiten dute plataforma bakoitza, eta gero uretara botatzen dituzte, errekan bertan lauzpabost lotu eta almadia osatzeko. Azkenik, jantzitegia jartzen dute, arropa lehorrak zintzilik uzteko lekua, almadiazainek bidaia blai eginda amaitzen zuten eta.
Abentura eta arriskua
Neguko elurra eta izotza urtu eta ibaien ur-emaria haztean ekiten zioten bidaiari. Zangozara, Santacarara, Marcillara, Caparrosora, Castejonera, Tudelara, Zaragozara eta Tortosara (Tarragonako kostaldea) jotzen zuten gehienbat, bertan egurra saltzeko. Abarkak eta ahuntz larrua bizkarrean, almadiazainek hainbat egun behar zituzten sarritan helmugara iristeko. Zenbait ibilbide zeuden: Aragoi ibaiari jarraituz, Hechotik (Huesca) Zangozara joaten ziren; Ezka ibaitik, berriz, Erronkaribar zeharkatzen zuten, gero Salvatierra de Esca igaro eta handik Aragoi ibaira iristeko. Azkenik, Zaraitzu ibaian behera izen bera daraman ibarra atzean utzi, Navascuesera eta Irunberri/Lumbierrera heldu, eta bertan Irati ibaiarekin bat egiten zuten, Zangozarako noranzkoa hartzeko.
Egun osoa behar zuten herri horretara iristeko, eta, bertan ura bareago zebilenez, almadiak binaka lotzen zituzten Zaragozara edo Tortosara joaten zirenek. Aragoiko hiriburura iristeko astebete ematen zuten, baina sarritan egun gehiago behar zituzten bidean hainbat oztopo topatzen baitzituzten. Helmugara heltzean, oinez itzultzen ziren etxera, beste almadia bat hartu eta berriro bideari ekiteko.
Ur-lasterrak, zurrunbiloak, presak, zubiak, arroilak¿ hainbat traba eta arriskuri aurre egin behar zieten almadiazainek euren joanean. Burgiko presa igarotzea nekeza zen oso, eta Erronkari, eta Arbaiungo eta Irunberri/Lumbierreko arroilak zeharkatzea ere arriskutsua zen. Horrez gainera, zenbait presa, herri eta hiri igarotzeko zerga ordaindu behar zuten almadiazainek, eta horrek, noski, egurra garestitzen zuen.