Itzuli orri osora
Anne Francis, telebistaren maitalea
vie, 30 dic 2005 18:24:00 +0100

Modelo lanak eta irratiko serialak egin ondoren, zineman egin zuen debuta aktoreak 16 urterekin. Prisionero de su traicion (1954), Conspiracion de silencio (1955) eta Semilla de maldad (1955) filmetan hartu zuen parte. 60ko hamarkadan, ordea, telebistan egin zuen lan buru-belarri, Alfred Hitchcock Presenta, Kung-Fu eta Los Angeles de Charlie serietan, besteak beste.

Anne Francis aktorea Ossiningen (AEB) jaio zen 1930.eko irailaren 16an. Hainbat urtez modelo lanetan aritu zen, eta irratiko serialak ere egin zituen; famatu egin zen gainera lan horrekin.

Nerabezaroan Broadwayn egin zuen debuta, eta 16 urterekin pelikula batean hartu zuen parte, Metro Goldwyn Mayer etxeak kontratatu ondoren.

Bere lehen paperak laburrak izan ziren; besteak beste, This time for keeps (1947) Richard Thorpe zuzendariaren musikalean eta Jennie (1948) William Dieterleren pelikulan hartu zuen parte. Joseph Cotten eta Jennifer Jones aktoreekin egin zuen lan azken film horretan.

Summer Holidays (1948) izeneko komedia musikalean paper garrantzitsuagoa bete zuen, Mickey Rooney aktorearekin egin zuelarik lan.

Hala ere, Darryl F. Zanuckek Anne Francisen ibilbideari buelta eman zion: Metro Goldwyn Mayer utzi eta 20th Century Fox etxera joan zen 50eko hamarkadaren hasieran aktorea. Produkzio-etxe horretan estatus artistiko nagusiagoa hartu zuen, baina bigarren mailako paperak egin zituen batez ere.

Dreamboat (1952), Un leon en las calles (1953), Prisionero de su traicion (1954), Conspiracion de silencio (1955), Semilla de maldad (1955) eta Planeta Prohibido (1956) izan ziren Francisek urte horietan egin zituen pelikularik onenak.

60ko hamarkadan telebistan egin zuen lan batez ere aktore estatubatuarrak, zinema alde batera utziz. Los intocables, Alfred Hitchcock Presenta, El Virginiano, El Fugitivo, Cannon, Kung-Fu, Wonder Woman eta Los Angeles de Charlie izan ziren egin zituen serietako batzuk. 1965. urtean Honey West seriearen protagonista izan zen gainera, eta lan horregatik Emmy sarietarako izendatu zuten.

Zinemara itzuli zen gero, eta egin zituen azken filmak The Satan Bug (1965) eta Funny Girl (1968) izan ziren. William Wylerrek zuzendu zuen azken pelikula hori, eta Barbra Streisandekin egin zuen lan bertan Anne Francisek.