Itzuli orri osora
Ava Gardner, argazki bati esker Hollywoodera heldutako aktorea
jue, 15 dic 2005 18:24:00 +0100

Aktore ezaguna kasualitatez heldu zen zinemaren mundura, eta, besteak beste, Forajidos, Magnolia eta 55 dias en Pekin pelikulen protagonista izan zen. Horrez gain, Frank Sinatra abeslari eta aktorekin eta Luis Miguel Dominguin toreatzailearekin egon zen ezkonduta.

Ava Lavinia Gardner Grabtownen (Ipar karolina, AEB) jaio zen 1922. urteko abenduaren 24an. Bere familiak tabako-sail handiak zituen eta ekintza horretan egiten zuen lan. Nerabea zenean bere koinatuak argazki bat atera zion eta bere argazki-dendako erakusleihoan jarri zuen ikusgai. Metro Goldwyn Mayerreko exekutibo bat liluratuta geratu zen argazkia ikusi zuenean, eta proba bat egin zezan esan zion. 1940. urtea zen eta Gardnerrek ez zuen zalantzarik izan: Hollywoodera joan zen.

Zinemaren munduan lanean aritu zen lehen urteetan paper laburrak egin zituen, besteak beste, H.M. Pulham Esq. (1941) eta Kid Glove Killer (1942) pelikuletan. Hala ere, gero eta ezagunagoa bilakatu zen, neurri handi batean Three men in white (1944) eta She went to the races filmetan egindako lanagatik.

Bere ibilbidea aldatu zuen pelikula, zalantzarik gabe, Forajidos (1946, Robert Siodmak) izan zen. Burt Lancaster aktorea,gainera, lan horrekin egin zen ezagun. Forajidos egin ondoren paper protagonistak landu zituen, eta 40ko hamarkadako azken urteetan The Hucksters (1947), Venus era mujer (1948), Mundos opuestos (1949), Soborno (1949) eta El gran pecador (1949) filmetan hartu zuen parte.

1942. urtean Mickey Rooneyrekin ezkondu zen Gardner, baina urtebete eskas egon ziren elkarrekin ezkonduta. Geroago Howard Hughesekin maitasun historio bat izan zuen, eta 1945.ean Artie Shaw musikariarekin ezkondu zen. Ezkontza horrek ere ez zuen asko iraun: 1946. urtean banandu egin ziren Gardner eta Shaw.

50eko hamarkada bere ibilbideko onena izan zen: Magnolia (1950); Pandora y el holandes errante (1951); Las nieves del Kilimanjaro (1952); Los caballeros del Rey Arturo (1953); Mogambo (1953, John Ford), Oscar sarietarako izendatu zuten Gardner lan horregatik; Melodias de Broadway (1953); La condesa descalza (1954); La cabaƱa (1957); The sun also rises (1957) eta La hora final (1959) filmetan egin zuen lan.

1951. urtean Frank Sinatrarekin ezkondu zen eta 1957.era arte egon ziren elkarrekin. La condesa descalza filmatu zuenean Espainiako Estatua asko gustatu zitzaion eta denboraldi luzeak eman zituen bertan, flamenkoa eta zezenketa miretsiz. Estatuan egon zen garaian maitemindu egin zen eta harreman desberdinak izan zituen, Luis Miguel Dominguin eta Mario Cabre toreatzaileekin adibidez. 60ko hamarkadan zinemaren mundura itzuli zen Gardner, eta em>55 dias en Pekin (1963), La noche de la iguana (1964) eta Siete dias de mayo (1964) pelikulak egin zituen.

60ko hamarkadaren amaieran Ava Gardnerrek Estatutik alde egin zuen (Fiskoarekin arazoak izan zituen) eta Britainia Handira joan zen. 1990. urteko urtarrilaren 25ean zendu zen Gardner Londresen pneumonia baten eraginez. Hil aurretik telesailen eta interes gutxiko filmen protagonista izan zen.