Itzuli orri osora
Bette Davis, Broadwaytik izar artera
vie, 11 nov 2005 18:24:00 +0100

Urteek aurrera egin ahala zinemaren munduko aktorerik garrantzitsuenetakoa izatera heldu zen Bette Davis, eta bere antzezpenek zirrara handiak pizteko ahalmena zuten. Besteak beste, Peligrosa (1935), Jezabel (1938) eta Eva al desnudo (1950) filmetan hartu zuen parte estatubatuarrak.

Ruth Elizabeth Davis aktorea Lowellen (Massachusetts, AEB) jaio zen 1908.ean. Harlow Davis abokatuaren eta Ruth Favor Davisen alaba zen. Gurasoak banandu egin ziren aktoreak zortzi urte baino ez zituenean, eta Bette eta Barbara bere ahizpa amarekin geratu ziren. Davisen lehen asmoa dantzari profesionala izatea zen, baina bere benetako nahia aktore izatea zen, eskolako antzerkietan parte hartu zuelarik. Geroago New Yorkera joan zen eta Eva Le Galliennek ezetz esan ondoren, John Murray Andersonen interpretazio-eskolan ikasten hasi zen.

1928. urtean George Cukorren antzerki-konpainian lan egiten hasi zen Rochesterren, baina zuzendari ospetsuak formaziotik bota zuen. Urtebete geroago Broadwayn egin zuen debuta eta Broken Dishes obra oso arrakastatsua izan zen. Entzute handia izan zuen lan horren arrakastak eta Universal etxeak kontratu profesionala eskaini zion Davisi 1930. urtean. handik gutxira zineman egin zuen debuta The Bad Sister (1931) pelikularekin.

Maila txikiagoko zenbait film egin ondoren, aktoreak konpainia utzi eta Warnerrekin sinatu zuen kontratua. The man who played God (1932) filma izan zen Warnerrekin egin zuen lehena, George Arliss aktorearen bitartekotzaz.

1934. urtean izan zuen bere ibilbidea bultzatzeko aukera Bette Davisek. RKOrekin egin zuen lan Davisek eta Cautivo del deseo (1934) filmatu zuen. Pelikula oso arrakastatsua izan zen eta film hobeagoak egiteko parada izan zuen hortik aurrera aktoreak. Besteak beste, Peligrosa (1935) eta El bosque petrificado (1936) pelikuletan hartu zuen parte; lehenengoarekin, gainera, emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen Davisek.

Warner produkzio-etxearekin izan zituen arazoen ondorioz, Davisek alde egin zuen AEBetatik eta Ingalaterrara joan zen. Urte batzuk geroago berriro itzuli zen AEBetara Warnerrekin lan egiteko.

Warner etxean egin zuen bigarren aroan, besteak beste, Jezabel (1938), Amarga victoria (1939), Juarez (1939), La solterona (1939), La vida privada de Elizabeth y Essex (1939), La carta (1940), La loba (1941) eta La extraña pasajera (1942) film garrantzitsuetan egin zuen lan.

1945.etik 1950.era ez zituen film asko egin Davisek, baina egoerak aldaketa bortitza izan zuen Eva al desnudo (1950) filmatu ondoren. Lan horrek lehen mailako aktoreen artean jarri zuen berriro Bette Davis, eta La egoista (1951), La estrella (1952) eta El favorito de la reina (1955) pelikulen protagonista izan zen. horrez gain, 1962. urtean lan bikaina egin zuen ¿Que fue de Baby Jane? pelikulan.

Las ballenas de Agosto (1987) izan zen Davisen azken lana; izan ere, ezin izan zuen bere azken proiektua bukatu. 1989.eko urriaren 6an zendu zen Bette Davis Parisen, bularreko minbiziak jota.