Itzuli orri osora
Beldurrezko zinema eta film ezagunenak
mié, 07 sep 2005 18:24:00 +0200

Beldurra, larritasuna eta izua sortzen duten pelikulak dira genero honetako protagonistak. Ikuslearengan estutasun hori sortzeko zuzendariek gizon-emakumeak, animaliak eta piztiak, gizaki mekanikoak eta irudimenetik ateratako munstroak erabiltzen dituzte. Genero honetako lan ezagunenak, besteak beste, Frankenstein, King Kong eta The exorcist. dira. Gainera, beldurrezko filmeez gain, suspensezko pelikulek, fantasiaz betetako askok eta zientzia-fikziozko ugarik izua eragiten duten elementuak erabiltzen dituzte.

Krudelkerian, iragarpenetan eta hilketetan oinarritzen da batez ere genero hau. Ekintza horiekin beldurra sortatzten du zuzendariak, eta filmeko protagonistek sentitzen dutena ikusleari igortzen diote.

Beldurrezko zinemak munstroak, naturaz gaindiko pertsonaiak, sorginak, mamuak, espirituak, deabruak eta banpiroak erabiltzen ditu, besteak beste, izua eta fantasia sortzeko. Generoaren lehen pausoak espresionismo alemaniarrarekin eman ziren, eta 30eko hamarkadan ikusleak bereganatu zituen. Garai hartako lan ezagunen artean daude, besteak beste, Dracula (1931), (Bela Lugosi aktorearekin), eta Frankenstein (1931) (Boris Karloffekin). Gainera, hainbat filmegin dira bi pertsonaia horien inguruan zinearen historian.

Generoaren barruan, eta 30eko hamarkada horretan, King Kong (1933) filma eta bere protagonista azpimarratu behar ditugu. Benetako ospea eta errekonozimendua Kin Kong filmearekin etorri zitzaizkion Fay Wray aktoreari. Hollywooden "oihuen erregina" gisa ezaguna zen; izan ere, Fay Wray-k beldurrezko pelikula ugari egin zituen. Besteak beste, Doctor X eta The Vampire Bat filmetan hartu zuen parte.

Kritika onak jaso zituen Wrayren pertsonaiak sentsualitate eta sentikortasuna bateratzen baitzituen. Bere oihuak ere nabarmen geratu ziren Empire State eraikinaren gailurrean. 2004ko abuztuan zendu zen Fay Wray New Yorken, 96 urte zituela.

1970. urtetik aurrera beldurrezko filmek kutsu deskribatzaileagoa eta bortitzagoa hartu zuten. Garai hartako lanen artean dago, adibidez, Night of the living dead (1969). Adituen arabera, inoizko beldurrezko filmik izugarriena The exorcist da, Linda Blair aktorearekin. Duela urte batzuk filma berrestrenatu egin zuten, eta inoiz ez ikusitako eszenak eta soinu hobeagoa gehitu zioten lanari. Arrakasta handia izan zuen filmak zinema-aretoetan.

Frankenstein, (James Whale, 1931), Freaks (Tod Browning, 1932), The Mummy (Karl Freund, 1932), The Invisible Man (James Whale, 1933), King Kong (Merian C. Cooper, E. Schoedsack, 1933), The Bride of Frankenstein, (James Whale, 1935), Cat People (Jacques Tourneur, 1942), The Day the Earth Stood Still (Robert Wise, 1951), La invasión de los ladrones de ultracuerpos (Don Siegel, 1956), The Incredible Shrinking Man (Jack Arnold,1957), The Fly (Kurt Neumann, 1958), The Raven (Roger Corman, 1963), Rosemary´s Baby (Roman Polanski, 1968) eta Dracula (F. F. Coppola, 1992) generoko film ezagunenak dira.

Suspensea, beldurraren lagun

Suspenseari buruz hitz egitean, zinemaren mundua ezin dugu Alfred Hitchcock zuzendari ezaguna ahaztu. Ingelesak zinema zuzendari gisa egin duen lana sarritan goretsi izan da, batez ere, bere irudimenagatik, filmak egiteko zuen teknika apartarengatik, eta makabrotasunari eta beldurrari zien zaletasunagatik. Filmean lortu nahi zuen helburura iristeko, hainbat elementu psikologiko eta ikusmen-teknika erabiltzen zituen. Zalantzarik gabe, suspensearen maisua eta zinemaren historian izandako egilerik onenetarikoa.

50eko hamarkada Hitchcocken garairik emankorrena da. Aldi horretan, zuzendariak lanik zainduenak zuzendu zituen, besteak beste, Leiho begira (1954), Rope, Heriotza orpoetan (1959), eta Bertigoa (1958). Azken hori amodio eta heriotza poema bat da, James Stewartek eta Kim Novakek protagonista lanak egin zituzten filmean. Hamarkada berekoak dira film hauek ere: Stage fright (1950), Strangers on a train (1951), I Confess (1953), Hilketa biribila (1954), To catch a thief (1955), Teh trouble with Harry (1955), The man who knew too much (1956) eta The Wrong Man (1957).