Itzuli orri osora
Animea, Japoniako marrazki bizidunak
mar, 19 jul 2005 18:23:00 +0200

Anime izena hartzen dute Japonian sortutako marrazki bizidunek, begi handiak eta mendebaldeko gizon-emakumeen aurpegiera dituzten pertsonaien marrazkiek. 80ko hamarkadatik aurrera, gure telebista-kateetan eman diren marrazki bizidunetako asko animeak dira, herrialde hartan egindakoak. "Heidi", "Zodiakoko zaldunak", "Mazinger Z", "Tsubasa" (Campeones), "Dragoi Bola" eta "Shin Chan" dira azken urteetan arrakasta handiena izan dute animeetako batzuk.

Japonian marrazki bizidun guztiei buruz ari direnean erabiltzen dute anime hitza, baina mendebaldean herrialde hartako marrazkiei soilik deitzen zaie horrela. Bai telesail moduan emateko bai film luze bezala emateko pantailara eramandako manga marrazkiak dira. Horiek zein animeek aparteko garrantzia daukate Japoniako gizartean; azken urteetan, gainera, mundu osora zabaldu da fenomeno hau eta jarraitzaile sutsu (otaku) ugari dituzte han eta hemen.

Anime animazio-zinemak manga marrazkietan, Japonian jarraitzaile ugari dituzten komikietan, du oinarria, eta beraz, erabat lotuta daude bata eta bestea. Marrazki hauen jatorria XI eta XII. mendeetako Chojugigetan (animalien marrazki satirikoak) dagoela uste dute adituek. Ondoren, XVII. mendearen hasieran, Ukiyoak azaldu ziren, eguneroko bizimodua kontatzeko egurrean grabatutako irudiak. Horien bidez, politikariak kritikatzen zituzten edo euren tristurak erotismo eta maitasunez betetako istorioekin ahazten zituzten. Ukiyoak oso marrazki lirainak ziren eta genero ugari zeuden: historikoa, komedia, kritikoa, erotikoa...

Manga hitza, ordea, ez zen XIX. mendea arte erabili. Katsuhika Hokusai marrazkilariak erabili zuen lehen aldiz Hokusai Manga liburuetan. Mende honetako azken urteak eta XX. mendeko lehenengoak garrantzi handikoak izan ziren manga modernoa izango zenaren garapenean. Alde batetik, mendebaldeko marrazkilariek Ukiyoak ezagutu eta miretsi zituzten; bestetik, artista japoniarrek mendebaldeko komikilarien teknika ezagutu eta erabiltzen hasi ziren.

XX. mendearen hasieran, Ippei Okomoto, Kyochika Kayashi eta Rakuten Kitazawa margolariek, besteak beste, eman zituzten manga komikien lehen urratsak, eta gaur egun milioika yen mugitzen dituen industriaren lehen harriak jarri zituzten horrela. Argitalpen ugari egin ziren garai hartan, tartean, Tokyo Puck (1905). Hala ere, jende ugariri zuzendutako lehen argitalpena 20ko hamarkadan sortu zuen Oda Shouseik. Ogo bat (manga marrazkietako lehen superheroia) bere lana 30eko hamarkadako istorio ezagunena izan zen.

Marrazki hauek hedatzen ari ziren lehen urte horietan, zinemak ere bere oinarriak jarri zituen. Beraz, laster hasi ziren manga irudiak pantailara eramateko eta marrazki bizidun bihurtzeko hainbat saiakera egiten. Horrela sortu zen animea.

II. Mundu Gerrak mugarria jarri zuen mangaren eta animearen historian. Gerraren aurretik borroka izan zen istorio gehienetako gaia. Gerra galdu ostean, ordea, jendea borrokekin nekatuta zegoen, eta tropa aliatuek debekatu egin zituzten horrelako istorioak. Beraz, beste gai batzuk lantzen hasi ziren, hala nola zientzia fikzioa eta fantasia.

Gerra ondoren hasi zen lanean mangaren eta animearen munduko margolari ezagunena, Osamu Tezuka. Disneyren eta Fleischerren marrazkiak zituen gogoko medikuntza ikasle honek Altxorraren uharte berria istorioa sortu eta arrakasta itzela eskuratu zuen: denbora gutxian ehunka mila ale saldu zituen. Komikia zinema-estiloarekin uztartzea izan zen bere arrakastaren sekretua: mugimenduak biƱeta bat baino gehiagotan banatu eta soinu-efektu ugari sartu zituen. Handik aurrera industria honetan aritu zen, eta sail ezagun ugari egin zituen Testsuwa-Aton (Astroboy) (1963), esate baterako. Manga marrazkietako pertsonaiek berari esker dituzte hain begi handiak.

Denbora igaro ahala, manga komikiak beste sektore batzuetara egin zuten salto, zinemara, telebistara, bideojokoetara... Horrekin batera, anime marrazkiak mendebaldean zabaldu dira, eta Japonia marrazki bizidunen ekoizle handiena bilakatu da.