Itzuli orri osora
Singin´ in the rain, musikal esanguratsua
vie, 17 jun 2005 18:23:00 +0200

Genero musikala oso emankorra izan zen 1940ko eta 1950eko hamarkadetan; beraz, garai hartan egin ziren filmen zerrenda amaigabea da. 1952an, Gene Kellyk eta Stanley Donenek zuzenduriko Singin´ in the rain filma estreinatu zuten. Ekoizpen hau genero honetako bikainenetarikoa da, eta arrakasta ikaragarria erdietsi zuen. Gene Kelly, Jean Hagen, Donald O´Connor eta Debbie Reynolds aktoreek lan egin zuten pelikulan.

Singin´ in the rain musikala egiteko ideia Arthur Freed eta Nacio Herb Brown musikagileei otu zitzaien, eta "Singin´ in the rain" abestia hartu zuten oinarri gisa. Filmari izen bera jartzea erabaki zuten arren, zuzendariei ez zitzaien gehiegi gustatu ideia hori. Haatik, Arthur Freed ekoizleak hori ipintzeko agindua eman zuen; izan ere, berak sortu zuen kanta hori, eta betidanik egokitu nahi izan zuen zinemara. Don Lockwood (Gene Kelly) eta Lina Lamont (Jean Hagen) dira protagonistak, eta zinemako aktore bikote arrakastatsu baten papera egiten dute.

Filmak komedia, erromantzea eta erritmoa uztartzen ditu, eta, batez ere, musika-emanaldiak nabarmentzen dira. "Make a laugh", "You are my lucky star" eta "Broadway" abestiak, esaterako, aipagarriak dira. Hala ere, "Singin´ in the rain" da musikal honen bereizgarria; euripean dantzan eta kantuka agertzen da bertan Gene Kelly, aterkia aldean duela.

Eszena honek bitxikeriak eta ezustekoak ugari ditu aipatzeko. Izan ere, bi egun behar izan zituzten filmatzen amaitzeko, hainbat akats teknikoren ondorioz. Batetik, zenbait trukuren bidez eragindako euri etengabeak Kellyren osasunari kalte egin zion; sukarrak jota egon zen, eta biriketako gaitza ere jasan behar izan zuen. Nahiz eta osasun-egoera traketsa izan, aktoreak koreografia grabatu nahi izan zuen, kosta ahala kosta. Bestetik, trajea izugarri busti zitzaion, eta, ondorioz, txikiagotu.

Gainera, Gene Kellyk ahalegin ikaragarria egin behar izan zuen koreografia ongi atera zedin, oso zaila zelako aterkia zeramala mugimenduak ongi bateratzea. Euriari dagokionez, esnea eta ura nahastu zituzten, kameran hobeto eman zezan.

Gene Kelly da Singin´ in the rain pelikulako protagonista nagusia, bai kameraren aurrean, baita atzean ere. Orobat, berak prestatu zituen filmaren dantza-pausoak, eta, horrez gain, zuzendari lanetan aritu zen Stanley Donenekin. Kelly Pittsburgen (Pennsylvania) jaio zen 1912an, eta Eugene Curran Kelly zuen bere benetako izena. Inoiz izandako dantzaririk bikainenetakotzat jo izan dute, Fred Astairerekin batera. Oso gaztea zenean hasi zen dantza arloan lanean eta bizitza osoa jardun zuen horretan.

Ibilbide aparta egin zuen Broadwayn, eta 1940ko hamarkadan zinema-zuzendaritzari ekin zion. Metro Goldwin Mayer konpainian beharrean aritu zen, eta horri esker, honako film luze hauetan parte hartu zuen: Cover girl (Charles Vidor, 1944), Anchors Aweigh (George Sidney, 1945) The three musketeers (George Sidney, 1948) eta The Pirate (Vincent Minnelli, 1948). 1945ean, aktore onenaren Oscar saria eskuratzeko zorian izan zen, baina, azkenean, ez zuen lortu. 1950eko hamarkadan lan arrakastatsuak ugari egin zituen, eta, horien artean, Singin´ in the rain musikala.