Itzuli orri osora
Alfred Hitchcock suspensearen maisua (I)
jue, 17 feb 2005 18:23:00 +0100

Hitchcockek zinema zuzendari gisa egin duen lana sarritan goretsi izan da, batez ere, bere irudimenagatik, filmak egiteko zuen teknika apartarengatik, eta makabrotasunari eta beldurrari zien zaletasunagatik. Filmean lortu nahi zuen helburura iristeko, hainbat elementu psikologiko eta ikusmen-teknika erabiltzen zituen. Zalantzarik gabe, suspensearen maisua eta zinemaren historian izandako egilerik onenetarikoa.

Alfred Hitchcock 1899ko abuztuaren 3an jaio zen Londresen, eta William eta Emma Hitchcocken hirugarren semea izan zen. Sendi katolikoa zen eta denda bati esker ateratzen zuten ibilbidea. St. Ignatius College Londresko jesuitan ikastetxean ikasi zuen, eta han hasi zituen ingeniaritza elektriko ikasketak. Londresko Unibertsitatean zebilela, eskoletatik ihes egiten zuen sarritan, kableak egiten zituen lantegi batean teknikari gisa lan egin eta familiari aurrera egiten laguntzeko. Ondoren, publizitate sailean jarri zuten lanean eta publizitate kartelak egiteko trebetasuna zuela erakutsi zuen. Iraunkortasun handiko gizona zen Hitchcock, eta dohain horrexek lagundu zion Famous Players-Lasky Company prestigio handiko lantegian kreditu tituluen diseinatzaile lana aurkitzen.

1922. urtean hasi zen Number 13 bere lehen lana grabatzen, baina ezin izan zuen amaitu, Paramountek Erresuma Batuko estudioak ixtea erabaki zuelako. 1923an, Woman to Woman pelikulan, gidoilari, zuzendari laguntzaile eta zuzendari artistiko lanak egin zituen lehenengo aldiz. Nolanahi ere, The Pleasure Garden (1925) Virginia Valli protagonista zuen melodrama germano-britaniarra izan zen Hitchcockek zuzendari gisa egin zuen lehen film ofiziala. The Pleasure eta The Lodger (1927) filmetan hasi zen Hitchcock bere benetako zinema estiloa nabaritzen. Bestalde, 1926an, zuzendari ingelesa Alma Reville gidoilariarekin ezkondu zen.

1929an, Blackmail filma grabatu zuen, ahotsarekin grabatu zuen aurrenekoa. 1934an suspense pelikulak egiten hasi zen eta mundu osoan ospea eman eta Hollywoodera heltzen lagundu zioten lan horiek. The Man Who Knew Too Much eta The 39 steps izan ziren Hitchcockek Britainia Handian egindako filmik onenak.

1937. urtean hitchcocktarrak New Yorkera joan ziren, eta 1938an Alfred Hitchcockek hitzarmen bat sinatu zuen David O. Selznickekin. Horrek Titanic zuzentzeko aukera eskaini zion, baina kontua atzeratu egin zen. Hortaz, Hitchcockek Rebeka Daphne du Maurier idazlearen eleberrian oinarritutako filma zuzendu zuen. Lan horrek, produkzio lanik onenaren saria irabazi zuen 1940ko Oscarretan.

40ko hamarkadan, hainbat film zuzendu zituen Hitchcockek: Foreign Correspondant (1940), Suspicion(1941), Mr. and Mrs. Smith (1941), Saboteur (1942), Shadow of a doubt (1943), Lifeboat (1944), Spellbound (1945), Notorious (1946), The Paradine Case (1947), Rope (1948) eta Under Capricorn (1949). Suspicion Oscar sarietarako izendatu zuten, film onenaren atalean, eta, azkenik, Joan Fontainek aktore onenaren saria eskuratu zuen film horretan egindako lanari esker. Miklos Roszak ere musika onenaren saria eskuratu zuen Spellbound zinemagile britainiarraren filmarekin. Hitchcockek, hala ere, sekula ez zuen Oscar saririk lortu, baina beste bitan izendatu zuten, Lifeboat eta Spellbound pelikulei esker.