Itzuli orri osora
Nola lortzen da filmaren narrazioa zineman? (II)
jue, 16 dic 2004 18:22:00 +0100

Pelikula bat ulergarria izan dadin, kontakizunek jarraipena izan behar dute, eta zineman muntatzearen bidez lortzen da hori. Ekintza garrantzitsua da oso; izan ere, plano berak modu ezberdinean ezarrita kontakizuna eta filmaren mezua aldatu egiten da.

Muntaiaren eboluzioa oso handia izan da azken urteotan. Muntaketaren erritmoa izugarri bizkortu da, batez ere, publizitateari eta bideoklipei esker. Horietan, planoak etengabe datoz, bata bestearen atzean, bat-bateko astinduak eta abiadura aldaketa ugari eta zoom-kolpeak dituztela. Irudiak indartzeko, soinu bortitzak, oihuak eta garrasiak daude, beste garai bateko lasaitasuna baino abiadura bilatzen dutenak, kontakizunaren oreka hautsi eta nahasmena lortu nahian. Matrix filma horren guztiaren adierazgarri da.

Muntaketa motak honako hauek dira:
1)Planoaren eskala eta iraupenaren arabera:
-Analitikoa: Plano motzak eta iraupen txikiko enkoadraketekin osatutako muntaia. Errealitatea zatika aztertzen da. Irudi-segidak erritmoa sortzen du.
-Sintetikoa: Plano luzeak dituzten enkoadraketekin osatutakoa; eremu-sakonera sarritan erabiltzen du. Errealitatearen ikuspegi osoagoa eskaintzen da. Objektu eta gertaera gehiago agertzen direnez, iraupen luzeagoko enkoadraketak beharrezkoak dira.

2)Kontakizun zinematografikoaren osotasunaren arabera:
a) Narratiboa: Gertakizunak azaldu nahi ditu. Honelakoak izan daitezke:
-Lineala: Kronologikoki ordenatuta dauden eszena-segidaz osatutako ekintza bakarra.
-Alderantzizkoa: Kontakizunaren ordena kronologikoa aldatu egiten da. Horretarako pertsonaia baten denborazkotasun subjektiboa erabiltzen da.
-Paraleloa: Kronologikoki bi edo hiru eszena independente batera gertatzen dira. Horrela, ikusleak ideien asoziazioa egiten du. Helburua, konparaketaren bidez zerbait adieraztea da. Halakoetan denborak ez du aparteko garrantzirik; izan ere, ekintzak garai ezberdinetan, eta bata bestetik oso urrun dauden garaietan, gerta daitezke.
-Alternoa: Paraleloan bezalakoak, baina alternoan ekintzak garai berean gertatu behar dira. Sekuentziaren bukaeran, gainera, gertaera berean batzen dira ekintza ezberdinak.

b)Adierazkorra: Filmean erakutsi nahi den errealitate zinematografikoaren interpretazio artistikoa edo ideologikoa egiten du. Honelakoak izan daitezke:
-Metrikoa: Pasarteen luzeran oinarritzen da.
-Erritmikoa: Filmaren erritmoarekin inpaktu psikologikoa
azpimarratzen da. Gertaera baten erritmo erreala atzeratu edo bizkortu egiten da, autoreak lortu nahi duenaren arabera.
-Tonala: Plano bakoitzaren tonua, emoziozko soinua edo mugimendua parte hartzen dute.
-Ideologikoa: Gertaeren kontakizunean zentzu intelektualagoa bilatzea du helburu. Horretarako, pertsona, objektu, edo gertaeren artean harreman ezberdinak sortzen edo nabarmentzen ditu.