Itzuli orri osora
Nola lortzen da filmaren narrazioa zineman? (I)
jue, 02 dic 2004 18:22:00 +0100

Pelikula bat ulergarria izan dadin, kontakizunek jarraipena izan behar dute, eta zineman muntatzearen bidez lortzen da hori. Zuzendariak ezarritako erritmoa eta ideiak azaltzeko, grabatutako planoak aukeratu, ordenatu eta bata bestearen atzetik lortu behar dira, eta horri muntatzea deitzen zaio. Ekintza garrantzitsua da oso, izan ere plano berak modu ezberdinean ezarrita kontakizuna eta filmaren mezua aldatu egiten da.

Muntatzearen bidez film osoa egiten da: sekuentziak aldatu egiten dira, zuzendariari gustatzen ez zaizkion gauzak kendu egiten dira, eta erritmoa biziagotu edo moteldu egiten da. Gidoian zehazten denaren arabera lotzen dira planoak. Izan ere, grabaketak ez dira sekula kontakizunaren arabera egiten, zuzendaritzak eta produkzioak zehazten dutenaren arabera baizik, aktoreek ahal dutenean eta eguraldiak laguntzen duenean behintzatk. Grabatutako plano guztietatik onenak aukeratzen dira eta muntatzeko mahaian egiten da pelikularen editatzea.

Gaur egun, mobiola desagertaraziko duen hainbat sistema digital berri sortu da pelikulak muntatzeko, ezagunena AVID sistema da. Muntatzeko sistema horrek bideoa eta ordenagailua erabiltzen ditu eta 4 bideo kanal, 40KBeko 24 soinu banda digital eta irudiekin efektu digital asko egiteko aukera eskaintzen ditu. Irudia digitalizatu egiten da eta ordenagailuan gorde; beraz, ez dago irudia beste euskarri batean positibatu beharrik. Irudia fotogramaz fotograma ikus daiteke eta nahi beste aldiz erabii daiteke, bai handitzeko, aldatzeko, koloreztatzeko, etab.

Muntatzea bi modutakoa izan daiteke. Bata, enkoadraketa barruko muntatzea, hots, filma editatzerako irudian edo enkoadrean agertuko diren osagarriak txukun eta bakoitza bere lekuan izatea. Bestea, kanpoko muntatzea, hau da, hainbat planoren arteko elkarketa. Azken hori mobiola edo sistema digitala erabilita egiten da. Grabatutako planorik onenak aukera eta gidoiak zehazten duen neurri eta egoeraren arabera ezartzen dira.

Kanpoko muntatzea zuzena eta ulergarria izan dadin, ondoren aipatzen diren arau hauei jarraitu behar dio:

Eskala: fotogramak kentzeko eszena bakoitzaren mozketak ezin du hautazkoa izan. Irudiaren aldaketarik txikienak ere, antzeman egiten dira, deserosotasuna eragiten du, eta beraz, halakoak akatsak dira, irudiaren saltoa esaten zaie.

Angeluazioa: arestian aipatutako akatsa angeluazioak eraginda sortzen bada, ardatz-saltoa deitzen zaio. Ekintzen ardatzak aldatzen direnean plano bakoitzak aurretik zuen lotura galdu egiten du eta horrek nahasmena sor lezake.

Pertsonaia eta objektuen norabidea: norabide batean doan pertsonaia baten hartze ezberdinak egiten direnean, ez da norabidearen zentzua galdu edo nahastu behar. Hortaz, mugimendu ezberdina duten osagarrien hartzea egin nahi bada, noranzkoaren kontrakoan egin behar da hartzea. Adibidez, pertsona bat ezkerretik eskuinera oinez baldin badoa, hartzea eskuineko aldetik egin behar da. Mugimenduak norabide berdinekoak badira, hartzea ere norabide berean egiten da. Hori ez bada betetzen, ardatz-saltoa egoten da. Beraz, jarraikortasuna edo raccorda ezin da hautsi. Ekintza mugimendurik gabekoa baldin bada, ardatza pertsonaien begiradak ezartzen du.

Mugimenduzko muntatzea: mugimenduan dauden planoak grabatzen direnean, osagarriek berdintsuak izan behar dute, baina tamaina eta posizio ezberdina izan dezakete.

Abiadura: planoen abiadura bizkortu edo moteldu egin daiteke, interesa handitu do txikitzeko. Muntatzearen abiadura gertakarien araberakoa izango da, eta ez kontakizunaren edo abiadura fisikoaren araberakoa.

Distantzia fokala: filma osatzen duten ezaugarri eta pasarteen arteko distantzia fokala (sistema optiko baten foku nagusia eta sistemaren plano zentralaren artean dagoen distantzia) berdina izan behar da. Hori errespetatu ezean, distantzia-saltoa egongo da.

Oinarrizko arau horiek kontuan izanez gero, ikus-entzuleak filmaren mezua zuzen eta argi jasoko du.