1906an West Bromwich izeneko herri ingeles batean jaiotako aktore britainiarra, 20ko hamarkadaren amaieran hasi zuen Madeleine Carrollek bere ibilbidea antzerkian eta zineman, eta denbora gutxian britainiar pantailetako emakumezko presentziarik garrantzitsuena eta txundigarriena izatera heldu zen. 30eko hamarkadaren hasiera zen, eta ordurako jada zinema britainiarreko lehenengo emakumezko aktorea eta ondoen ordaindurikoa kontsideratzen zen.
Hitchcockekin, izar izatera saltoa
Aktorearen lanak Alfred Hitchcocken arreta piztu zuen eta, 1935ean zuzendariaren emakumezko ereduaren papera egin zuen The 39 steps filmean, ilehori argiaren papera, hain zuzen ere. Filma John Buchanen eleberri batean zegoen oinarritua, eta pelikulak izugarrizko arrakasta lortu zuen. Hori dela eta, aktore erakargarrienetako bat bihurtu zen Carroll. Zuzendariak hurrengo urtean aktoreak Robert Donatekin batera Secret Agent filmean parte hartzea nahi zuen. Baina osasun arazoak zirela medio, Donatek ezin izan zuen pelikulan parte hartu, eta ondorioz Hitchcockek John Gielgudengatik ordezkatu zuen.
Aipatu filmeek zuzenean Hollywooderako bidea ireki zioten, eta 20th Century Foxentzat lanean hasi zen. Hainbat filmetan parte hartu zuen: Gary Cooperrekin batera Lewis Milestonen The General Died at Dawn (1936); Tyrone Powerrekin batera eginiko Henry Kingen Lloyd's of London (1936); Dick Powell protagonista zuen Roy del Ruthen On The Avenue (1937) musikala; Ronald Colmanekin egindako The Prisoner of Zenda (1937); William Diertelek zuzeduriko Blockade (1938) film belikoa; edo Fred MacMurraykekin batera eginiko Honeymoon in Bali (1939) filma. 40ko hamarkadara heldu zenerako Phillip Astleyrekin ezkondu eta banatu zen.
Gainbehera urteak
1942an Sterling Hayden aktore ezagunarekin ezkondu zen, baina harremanak ez zuen asko iraun, izan ere, 1945ean bikotea puskatu egin zen. Bost urte geroago Andrew Heiskellekin ezkondu zen, nahiz eta honekin ere hamabost urte geroago banandu. Laugarren bikotea Henri Lavorel zuzendari frantziarra izan zen.
40ko hamarkadan zazpigarren artean lanean jarraitu bazuen ere, haren filmen kalitatea jaisten joan zen. Cecil B. De Milleren North West Mounted Police (1940), Charles Vidorren Dearie (1940); Douglas Fairbanks Jr-rekin batera egindako Safari (1940); Sterling Hayden ezagutuko zuen Bahama Passage (1941) film erromantikoa; edo Bob Hopekin egindako Sydney Lanfielden My Favorite Blonde (1942) komedia bezalako filmetan parte hartu zuen, besteak beste.
Bere ahizparen heriotza
Londresen izan ziren airezko bonbardaketen ondorioz, aktorearen ahizpa hil egin zen, eta horrek Hollywood uztera behartu zuen. Giza ekintzetan lanean aritu zen buru-belarri, batez ere, Gurutze Gorrikoekin elkarlanean gatazka belikoan zehar. Gerratearen ostean pantailara itzuli zen, eta hiru filmetan parte hartu zuen, horietan aipagarriena Lady Windermere's Fan, Otto Premingerrek zuzenduriko filma, koprotagonista bezala George Sanders, Jeanne Crain eta Richard Greene zituen lana. 1950ean betiko utzi zuen pantaila handia. Hala eta guztiz ere, antzerkira itzuli zen eta telebista saio ugaritan ikusi ahal izan genuen aktorea.
Madeleine Carroll 1987ko urriaren 2an hil zen Marbellan (Malaga), 81 urte zituela, pankreako minbiziak jota. Hala ere, oraindik orain oroitzapenean dirau, izan ere, zinemari eman dion guztiarengatik Hollywoodeko Ospearen Ibilbidean izar bat du Madeleine Carrollek.
(Argazkiak: IMDb)